Egokitu behar izan dute abesbatzek ere, COVID-19aren pandemiak sortutako egoera berrira. Eta ahoa tresna nagusi duten arren, estalita dutela ari dira lanean, baina ixiltzeko asmorik gabe.
Urumea bailaran, entsaioetara bueltatu dira hainbat abesbatza, Hernanin eta Astigarragan; baina beste zenbaitek ez diote ekin oraindik, arriskurik ez hartzeko. Izan ere, horietan altuagoa da adin tartea. Baina badute asmoa, batzuek lehenago eta besteek beranduago, kantuari heltzeko berriro, badelako premisa nagusi bat: kantatzeko beharra daukate, eta abesbatzakoekin elkartzekoa ere bai.
Antzeko neurriak, martxan diren abesbatza guztietan
Entsaioetara bueltatzea erabaki duten abesbatzek, beharrezko neurriak hartu dituzte horretarako. Guztiak ari dira distantzia tarteak mantentzen, bi metrokoak; eta gehienak, maskarillarekin ari dira abesten, nahiz eta ez duten derrigorrezkoa: Euskal Herriko Abesbatzen Elkarteak, Osalanekin batera osatu duen protokoloan, jaso du distantzia mantenduz gero, ez dela beharrezkoa maskarillarekin abestea.
«Guk hartu ditugun neurriak, izan dira bi metroko distantzia mantentzea, eskuak garbitzea, leihoak irekita edukitzea, aulkiak desinfektatzea, eta maskarillarekin abestea», azaldu du Igor Arroyok. Hiru abesbatzatan da zuzendaria bera, Hernaniko Kantuzen, Astigarragako Aiztondon, eta Orioko Salatxon. Baita laugarren batekoa ere, Osakidetzako langileena, Kantukidetza izenekoa; baina haiek ikasturtea bertan behera utzi dute.
Entsaioetara bueltatu diren abesbatzen artean, guztiak ari dira distantzia tarteak mantentzen, eta gehienak, maskarillarekin kantatzen.
Arroyok uste du, abesbatza gehienetan ari direla antzeko neurriak hartzen, maskarillarena barne: «nik gomendatzen dut maskarilla kirurgikoa erabiltzea. Horrekin, arnasa hartzeko garaian ez da nabaritzen hainbesteko itolarria. Egia da, ohitu egin behar duzula. Hasieran oso deserosoa da, eta orain ari dira pixkanaka trukoa hartzen».
Arroyok berak aipatu du, badirela silikonazko pieza batzuk ere, bozal modukoak, maskarillari bolumen eta espazio gehiago emateko, eta arnasa hartzeko ere toki gehiago izateko: «horrela ez zaizu maskarilla ahora itsasten. Batzuek erabiltzen dute tresna hori», azaldu du.
FFP2 motakoak, berriz, arnasa hartzerakoan deserosoagoak direla uste du Arroyok. «Denak dabiltza deseroso, batzuk besteak baino gehiago, eta badira horregatik entsaioetara animatzen ez direnak. Beste batzuk, berriz, beldurragatik. Nabaritu da asistentzian jaitsiera pixka bat, baina ez asko. %80 inguru izango da».
Lokala ere, aldatu egin dute hainbat abesbatzak, haundiagoa eskatuta, distantzia mantendu ahal izateko.
«Sentsazioa ematen dizu, bakarrik kantatzen ari zarela, taldean beharrean»
Arnasketan ez ezik, kantuaren kalitatean ere eragiten du maskarillak, Igor Arroyoren ustez: «horretara ere ohitu naiz. Egiten du sordina efektua, entzuten duzu zure ahotsa anplifikatua, gehiago. Ondokoak, aldiz, ez dituzu hainbeste entzuten. Abesbatzan, normalean talde sentsazioa daukazu; eta orain, aldiz, ematen du bakarrik ari zarela abesten. Nabaritu egiten da, maskarilla».
Gipuzkoa mailan, abesbatzen artean denetik izan da. Batzuk hasi egin dira, beste batzuk ez, hasi bai baina gelditu egin direnak ere badira... Talde txikietan egin dituzte entsaioak, batzuek, sokaka, entsaio partzialekin. «Adin gehiagoko taldeak, beharbada, ez dira hasi. Eta konpromisoak dauzkatenak, aldiz, ari dira lanean, horiek bete egin behar direlako. Gainerakoek, presarik ez daukate. Denetik ikusi eta entzun dut», kontatu du Arroyok.
Kontzertu asko galduta, abesbatza guztiak
Aipatutako konpromiso horiek, dena den, asko gutxitu dira azkenaldian. Abesbatza guztiek atzeratu edo bertan behera utzi dituzte beraien ohiko kontzertu, irteera, bidaia eta elkartrukeak. «Gauza ofizialak izan dira, Erribera kulturgunearen inaugurazioa bezala, adibidez. Gainerakoak, airean daude; asteburuan kontzertu bat daukazu, eta ia bezperan ez dakizu azkenean joango zaren ala ez. Eta publikoak ere, ez dakizu nola erantzungo duen, kontzertua eskainita ere. Guretzat kantatzeko...».
«Nik gomendatzen dut maskarilla kirurgikoak erabiltzea kantatzeko, arnasa hartzeko garaian ez delako nabaritzen hainbesteko itolarria», dio Igor Arroyok.
Udaberria izaten da kontzertu eta bidai askoren garaia, eta hori galduta daukate aurten. Hurrengo hitzordua, Santa Zeziliarekin daukate gehienek, eta horren ondotik, Gabonetako ohiko kontzertuekin. Baina horiek ere, kolokan daude, batzuentzat eta besteentzat. Ez egitea erabaki dute batzuek, eta oraingoz aurrera egitea, besteek. «Ea horiek mantendu ditzakegun behintzat», espero du Igor Arroyok.
Urumea bailaran, Eragiyok abesbatzak dauka hurrengo zita, azaroaren 14an Portugaleten; baina hori ere ez dute segurua. Eta Santa Zezilia egunerako, azaroaren 22rako, Kantuz eta Aiztondo ari dira lanean, kontzertu bana eskaintzeko. Hernani Musika Eskolak, berriz, oraindik ez du erabaki, zerbait egingo ote duen. Eta Gabonetarako ere, ziurgabetasuna da nagusi, oraingoz.
Umore Ona abesbatza: «Egoera honetan, jendea oraindik ez da animatzen»
Aiztondo abesbatza: «Ez da erosoa, baina beti ari gara maskarillarekin abesten»
Kantuban abesbatza: «Asko aldatu da egoera, udaratik orain arte»
Goiz Eguzki abesbatza: «Entsaioak Goiz Eguzkiko tabernan egitea da asmoa»
«Egoera honetan, jendea oraindik ez da animatzen»
Martxotik etenda dauka bere jarduna, Umore Ona abesbatzak; eta gutxi daude prest oraingoz, bueltatzeko.
«Abesbatza paroan dago oraintxe, martxotik ez dugu ezer egin», azaldu du Juanan Lekuonak, Umore Ona abesbatzako kideak: «gure artean komentatu dugu, bueltatu ala ez. Eta ezezkorik ez du inork esaten, baina egoera honetan, oraindik ez dira animatzen. Pixka bat pasatzen denean, akaso orduan bai. Baina honek ere bere arriskua dauka, pixkanaka hozten joatekoa, denbora luzatzen bada. Eta dinamika hori galtzen bada...».
Entsaioetara bueltatzeko aipamena egin dutenean, gutxi azaldu dira prest: «Nafarroan egoerak okerrera egin duela eta, kezka ere haunditu da. Eta horrez gain, maskarillarekin abestu beharra... Elizan, guk abesten dugu bigarren pisu batean, eta bertan, distantziak mantendu behar badira, abesbatzako 32ak ez gara kabitzen, noski. Apaizarekin ere hitz egin genuen, eta berak oso beltz ikusten zuen».
Azkeneko saioa, dena den, aurreko astean egin zuten, elizan bertan: «hileta elizkizun bat izan zen, eta eskatu ziguten, beste hainbatetan bezala, kantatzera joateko. Aurreneko aldia zen pandemia hasieratik, eta taldera pasa genuen deialdia. Baina bost bakarrik animatu ginen», azaldu du Lekuonak.
Inguruko herrietan gertatzen denak ere, eragiten duela uste du berak: «Leitzan ez dira hasi oraindik, eta Hernanin Ozenki ere ez. Horrek ere eragiten du. Bestek ez badira hasi, pentsatzen duzu ea zergatik hasi behar duzun zuk».
Hilabete hauetan, hitzordu politak galdu ditu Umore Ona abesbatzak: «maiatzean Tuterara joatekoak ginen, eta pentsatu genuen, akaso udazken alderako posible izanen zela. Baina bidaia hori galduta daukagu. Eta berdin Hernaniko eta Goizuetako aurorak. Herrian urtero eskaintzen dugun Gabonetako kontzertua ere, ez dugu emanen».
«Ez da erosoa, baina beti ari gara maskarillarekin abesten»
Astean bitan ari da entsaiatzen Aiztondo abesbatza: behin sokaka, eta beste behin denak elkarrekin.
Geldialdiaren ondoren, entsaio gutxi batzuk egin zituen Aiztondo abesbatzak, udarako etenaren aurretik; eta abuztuan hasi ziren lanean berriro, Erribera kulturgunearen inaugurazio ekitaldia prestatzeko. Herri Eskolako aretoan aritu ziren hasieran, «espazioa haundia delako»; eta Erriberan entsaiatzen dute orain, distantziak mantenduz, eskuak garbituz, leiho eta ateak irekita, eta maskarillarekin: «hasieran nahiko zaila egiten zitzaigun maskarillarekin kantatzea, baina ohitu gara pixka bat. Ez da erosoa, maskarilla itsasten zaigu ahoan eta sudurrean, eta ez digu uzten behar dugun arnas guztia hartzen; baina horrela ari gara kantatzen beti», azaldu du Nekane Rekondok, abesbatzako kideetako batek.
Bi entsaio izaten dituzte, astean: horietako bat, soka bakoitzak (sopranoak, tenorrak, altuak eta bajuak) bere aldetik egiten du; eta bestea, ostiraletan, denek elkarrekin: «bigarren hori, berriro Herri Eskolara mugitzeko asmoa daukagu, espazio gehiago edukitzeko. Izan ere, abesbatzako kide guztiak ari gara entsaiatzen. Batzuek kezka erakutsi dute, baina denak ari gara elkartzen».
Horrek beharra ere badute, gainera: «gustuko dugun zerbait da, lanetik eta egunerokotasunetik ihes egiteko modu bat. Eta konfinamenduan elkartu gabe egotea, ez zen erraza izan. Baina hauxe tokatu zaigu, eta behintzat, konpartitua da, gainerakoak ere gu bezala daude».
Erribera kulturgunearen inaugurazioan kantatu ondoren, azaroaren 22an jarri dute hurrengo hitzordua, Santa Zeziliako kontzertua eskaintzeko. Eta zita garrantzitsu bat ere bazuten aurten: «abesbatzaren 25garren urteurrena dela eta, zerbait berezia egiteko asmoa geneukan. Baina orain, zalantza daukagu, zer egin, zerbait txikiagoa edo...», azaldu du Rekondok.
«Martxoan gelditu ginenetik, ez ditugu entsaio gehiago egin; gurea ez da abesbatza gaztea, eta ardura haundia ematen du»
Azaroaren 8rako jarri dute hitzordua Ozenki abesbatzako kideek, erabakitzeko entsaioei helduko dieten berriro, edo oraingoz elkartu gabe jarraituko duten. «Hastekotan, gustatuko litzaidake izatea kide guztiak egonda», dio Imanol Kamio zuzendariak.
Pandemiaren hasierarekin bere jarduna eten, eta horrela jarraitzen du Ozenki abesbatzak. Ez dute entsaiorik egin ordutik, eta are gutxiago emanaldirik. Zita jarri dute orain, azaroaren 8an Milagrosan, abesbatzako kide guztiekin bilera egiteko: «nik batzuekin hitz egin dut, baina denen iritzia jakin nahi dut, eta modu demokratikoan erabaki, entsaioetara bueltatuko garen, ala oraindik ez», dio Imanol Kamio zuzendariak.
«Jende asko egongo da, egoera honetan ez duena hasi nahi; baina badira hasi nahi dutenak ere. Gurea ez da abesbatza gaztea, eta hori ere kontuan hartu behar da. Beldurra ez, baina ardura haundia ematen du, eta atzera botatzen nau ni ere», dio Kamiok. Edonola ere, hastekotan, gustatuko litzaioke izatea «abesbatzako kide guztiak egonda, eta ez gutxi batzuk bakarrik. Beraientzat eskape bat da, desiatzen daude hasteko. Baina hasi behar da baldintza batzuekin, eta arriskurik gabe. Uste dut, aurtengo negua pasatzen utzi beharko dugula azkenean...».
Maskarillaren kontua ere aipatu du zuzendariak: «maskarillarekin abesteko, nahi gabe ere, esfortzua egiten duzu, eta diafragma landu behar da. Uneoro zaude diafragma beteta, eta oxigenoa behar duzu asko, kantatzeko. Egon zaitez horrela bi ordu!».
Maskarilla jantzi bakarrik ez, distantzia ere utzi beharko lukete. Horrekin, behintzat, badute konponbidea: «Jose Luis Aperribak, Hernaniko apaizak, eskaini zidan beraien lokala, entsaiatzeko. Sekulako detailea izan zen hori. Izan ere, guk Doinu Zale musika eskolan entsaiatzen dugu, eta han ez daukagu leku nahikorik distantziak mantentzeko. Ia bata bestearen gainean egoten gara eta!».
«Sekulako pena» dauka Kamiok, Ozenkiko kideak ezin elkartzearekin: «familia bat bezala gara. Nik beti esan dut, 25 urtetan, beti hartu ditudala gustura Ozenkiren entsaioak. Baina egoera honek kezka ekarri digu, eta nik ez dut inor arriskuan jarri nahi. Batzuk 80 urteren bueltan dabiltza... Eta zerbait gertatuko balitzaie, ez nioke barkatuko neure buruari».
Geldialdi luze honekin, makina bat emanaldi eta zita berezi ere galdu ditu Ozenkik, 2020 urte honetan: «Llodioko abesbatza bat zen etortzekoa aurten, eta Cadreitakoak ere bai. Beste kontzertu batzuk ere bageneuzkan aurreikusita, baina aurreragorako beharko dute horiek. Gabonetan ere, urtero eskaintzen dugu emanaldi bat Musika Bandarekin, eta esan diegu gurekin ez kontatzeko. Ea udaberri aldera edo, posible dugun martxan jartzea...», dio Kamiok.
«Markak jarri ditugu lurrean, distantzia bai edo bai mantendu eta maskarillarik gabe kantatu ahal izateko, posible denean»
Konfinamendua altxatzearekin batera bueltatu zen entsaioetara Eragiyok abesbatza; hasieran maskarillarekin, eta tarteak ondo mantenduta ondoren, maskarilla gabe, ondokoaren erreferentzia falta zutelako. Emanaldiak ere eskaini dituzte, udaratik bueltan.
Konfinamenduan egon zen geldirik Eragiyok abesbatza, baina deseskalatzea hasi zenean, berehala ekin zion: «udal instalazioak zabaldu zituztenean, Udalari esan genion bueltatzeko asmoa genuela. Esan ziguten zein ziren baldintzak, eta ordutik lanean ari gara, astean entsaio bat edo bi eginez. Benetan eskertzekoa da, erraztasun guztiak jarri dizkigula Udalak. Kultur etxe zaharrean, areto haundia geneukan, eta orain Erriberan ere, distantzia mantentzeko arazorik ez daukagu», azaldu du Javier Oyarzunek.
Maskarillarekin hasi zituzten entsaioak: «baina nabaritzen genuen, falta genuela ondokoaren erreferentzia, taldean kantatzeko. Eta pentsatu genuen, lasaiago kantatzeko maskarilla gabe aritu beharko genukeela, baina horretarako, derrigor, distantzia mantendu behar genuela. Eta horrela ari gara, betiere tartea uzteko aukera badago».
Erreferentzia faltarekin batera, maskarillak abestea ere oztopatzen du, Oyarzunek dioenez: «maskarilla kirurgikoak, ahoan itsatsita geratzen dira; eta aldiz, FFP2 motakoekin, ahotsa ez da ateratzen, eta askoz ere gehiago behartzen duzu. Eta hori, segun eta zer abesten duzun eta nola atera behar duzun ahotsa, oso nekagarria da».
Entsaioak ez ezik, emanaldiak ere eskaini ditu Eragiyokek, pandemia hasi zenetik. Uztailean, esaterako, Santiotan online eskaini zuten emanaldia, aurrez grabatutakoa, herriko hainbat txokotan. Eta irailean, Erribera kulturgunearen inaugurazio ekitaldian kantatu zuten, maskarillarekin: «herriko beste talde batzuekin batera aritu ginen, eta jende asko ginenez, maskarilla jantzita abestu genuen». Joan den astean, aldiz, Groseko San Inazio elizan eskaini zuten kontzertua: «gu bakarrik ginenez eta elizako aldarea nahiko haundia denez, maskarillarik gabe aritu ginen. Markak jarri genituen lurrean, eta besoak zabalduta, ez genuen elkar ikutzen».
Hurrengoa, azaroaren 7rako zeukaten aurreikusita, Pasai Donibanen; baina bertan behera geratu da. Momentuz aurrera dijoana, hilaren 14an Portugaleten daukatena da, otsote formatuan. «Baina ikusiko dugu, unean-unean hartzen baitituzte erabakiak». 2020rako, hamar bat kontzertu zeuzkaten aurreikusita, eta erdia ere ez dituzte eskainiko. Astigarragan kantatzen bukatu nahi dute urtea, eta hala daukate iragarrita, abenduaren 12rako: «azkenean egitea posible izango den, batek daki...». Erriberako auditorioan kantatzeko «desiatzen» daude, behintzat.
Kontzertu egunak, dena den, ez dira lehen bezalakoak: «normalean, kontzertu baten ondoren, zoaz soziedade batera, taberna batera, buelta bat ematera, poteatu eta kantatzen jarraitzera... Orain ez da posible, eta hori ere abesbatza baten bizitzaren parte da. Elkartzen gara kantatzea gustuko dugulako, baina baita ere harremana izateko eta giro ona daukagulako. Eta hori guztia galtzea, gogorra da».
Edonola ere, Oyarzunek dio «oso garrantzitsua» dela, ahal den heinean, kultur ekintzak mantentzen saiatzea, eta «erakundeek eta antolatzaileek horren aldeko apustua egitea. Gu prest gaude segurtasun neurri guztiak hartzeko, eta dendak eta tabernak behar diren bezala, kultura ere beharrezkoa da».
«Zortea daukagu, Milagrosan espazio nahikoa dagoelako, distantziak mantentzeko; baina maskarillarekin ari gara beti»
Konfinamendua bukatzearekin batera, ekainean ekin zien entsaioei, Kantuz abesbatzak, Udalaren baimenarekin: «lurrean markak dauzkagu, maskarillarekin abesten dugu, aulkiak desinfektatu, leihoak eta ateak ireki... Gehiago ezin dugu egin».
Neurri guztiak hartuta, baina ekainetik ari da lanean, Kantuz abesbatza: «konfinamendua kendu zutenean, hasi ginen entsaioekin. Beti oinarritzen gara Euskal Herriko Abesbatzen Elkarteak ematen digun informazioan, jakiteko zein protokolo jarraitu behar dugun, Osalanekin harreman zuzena baitute beraiek. Eta beraien gomendioak jarraituz hasi ginen, Hernaniko Udaleko Kultura Sailaren baimenarekin», azaldu du Pilar Munduate lehendakariak.
Astelehen eta asteazkenetan egiten dituzte entsaioak, Milagrosan: «zortea daukagu, espazio nahikoa dagoelako, distantziak mantenduta abesteko. Baina kantatu ere, maskarillarekin egiten dugu, nahiz eta abesbatzen elkarteak esan digun, distantziak mantenduz gero abestu daitekeela maskarillarik gabe. Dagoeneko ohitu gara, hilabeteak daramazkigulako. Eta hala behar badu, hala egingo dugu. Okerragoa da abestu ezinik egotea. Eta nahiago dugu maskarillarekin abestu, ez abestu baino. Hainbeste gustatzen zaigu kantatzea, ezingo genukeela egon hori gabe. Gainera, akaso ona ere bada maskarillarekin abestea, gutxiago entzuten zaigulako!», dio Munduatek barrez.
Distantzia eta maskarillekin batera, gainerako neurriak ere hartzen dituzte: «Milagrosara sartzeko, maskarilla berri bat ematen diogu bakoitzari, eta gel hidroalkoholikoarekin garbitzen ditugu eskuak. Lurrean gurutze batzuk daude markatuta, jakiteko non jarri behar duen bakoitzak, tartea uzteko. Milagrosako goiko leihoak eta ateak zabalik edukitzen ditugu. Eta entsaioen aurretik eta ondoren, aulkiak desinfektatzen ditugu. Gehiago ezin dugu egin».
Abesbatzako kide guztiak ez dira joaten entsaioetara, dena den: «taldeko batazbesteko adina nahiko altua da, eta batzuk ez dira etortzen, arriskurik ez hartzeko. Abesbatzen elkarteak emandako informazio guztia, taldeko kideei helarazten diegu; eta horren arabera, bakoitzak erabaki du azaldu ala ez. 65 urtetik gorakoak badaude, edo tratamenduren bat dutenak».
Ekainean ekin ziotenek, geldialdia egin zuten udaran berriro, eta irailean bueltatu ziren entsaioetara. Ez dute emanaldirik eskaini oraingoz, baina datorren hilerako, azaroaren 22rako, badaukate hitzordua, Santa Zezilia eguna ospatzeko: «San Joan Bataiatzailea parrokian izango da, eta eliz musika kontzertua eskainiko dugu, COVID-19aren ondorioz hil diren guztiak gogoratzeko», aurreratu du.
Orain artekoak, ordea, galdu dituzte dagoeneko: «zarzuela emanaldi bat eskaini behar genuen aurten, eta Parisko Euskal Etxera bidaia geneukan prestatua. Hori guztia bertan behera geratu da. Baina lehentasuna zen abesbatza mantentzea, eta aurrerago ikusiko dugu», nabarmendu du Munduatek.
«Asko aldatu da egoera, udaratik orain arte»
Ekainean eta uztailean aritu zen Kantuban, kontzertu bat prestatzen; eta aste honetan bueltatu da entsaioetara.
Aste honetan bueltatu da entsaioetara, Kantuban abesbatza. Baina hori ez dute aurreneko kantu saioa izan, pandemia hasi zenetik: ekainean eta uztailean lanean aritu ziren, abuztuaren 9ko kontzertua prestatzeko. Donostian abestu zuten, Txistularien Alardean.
Geldialdia egin zuten horren ondoren, eta duela hilabete ziren bueltatzekoak, baina aste honetara arte ezin izan diote ekin: «batek ezin zuela, bestea konfinatuta, beste bat sukarrarekin...», azaldu du Alain Ayerdi zuzendariak. Astean behin entsaiatuko dute, Urumea Herrigunean: «areto haundia daukagu, eta gu ere ez gara asko; beraz, distantzia mantendu dezakegu arazorik gabe, eta uneoro daukagu aireztatuta, leihoak irekita. Baina maskarillarekin ari gara kantatzen. Uztailean oraindik kosta egiten zitzaigun maskarillarekin abestea, baina orain ez dago zalantzarik horrekin», dio Ayerdik. Izan ere, «asko aldatu da egoera, udaratik orain arte», zuzendariaren ustez: «beldur gehiago dago».
Donostiako hori izan da, pandemiaren hasieratik eskaini duten kontzertu bakarra: «hiru dauzkagu aurreikusita, orain. Gabonetan, kontzertu xume bat eskaini nahi dugu Hernanin. Urtarrilean, Donostiako txistulariek eskatu digute beraiekin parte hartzeko, kontzertu batean. Eta otsailerako, azken urteotan bezala, sagardotegi batean abestea daukagu buruan, baina ez dakigu egokia izango den, egoera honetan, sagardotegi batean sartzea 15 laguneko abesbatza. Ez dakigu hiru emanaldi horiek egin ahal izango ditugun, dena den. Aurreneko biak egiterik badugu, pozik».
Izan ere, egoera etengabe aldatzen ari dela nabarmendu du Ayerdik: «egunetik egunera aldatzen da eszenatokia, eta hasten da entsaio berri bat, horretara egokitzeko. Ez dakigu kontzerturik eman ahal izango dugun, edo datorren astean bildu ahal izango dugun ere».
«Entsaioak Goiz Eguzkiko tabernan egitea da asmoa»
Udalaren baimenaren zain dago Goiz Eguzki abesbatza, animatzen diren kideekin entsaiatzeko, talde txikian.
Ez da entsaioetara bueltatu oraindik, Goiz Eguzki abesbatza; baina badirudi gertu dagoela hasiera: «lokal aproposaren bila aritu gara, eta egoitzako taberna iruditu zaigu egokiena. Astelehen arratsaldetan egingo genituzke entsaioak, taberna itxita dagoela, talde txikian. Udalaren baimenaren zain gaude orain, hasteko», azaldu dute Joxan Mitxelenak eta Javier Arraztiok: «oso ondo aireztatu daiteke lokala, leihoak dituelako buelta guztian; eta espazioa ere haundia da, distantziak mantentzeko. Pozik beteko ditugu neurri guztiak, eta maskarillarekin kantatuko genuke. Horretarako ez daukagu arazorik. Gehiago da psikologikoa, berez sortzen duen arazoa baino».
Bi inkesta egin dituzte pandemia hasi zenetik, jakiteko abesbatzako kideak prest dauden entsaioetara bueltatzeko: «57tik, aurrenekoan hamabik eman zuten baiezkoa, eta duela bi aste, bigarrenean, hemezortzik», diote. Baimena jasoz gero, horiekin hasi nahi dute: «jendeak behar du etxetik atera eta besteekin elkartzea, eta hori da garrantzitsuena. Gaizki kantatzeak, berdin dio. Agian sokak desorekatuta egongo dira, batean hiru-lau, bestean sei-zazpi... Baina helburua da harremana izatea eta giro ona ez galtzea», diote.
Baina badakite, kontu berezia izan behar dutela: «arrisku taldekoak gara abesbatzakoak. Gazteenak 64 urte izango ditu, eta 74 urtekoa izango da batazbestekoa». WhatsApp bidez mantendu dute harremana orain arte, abestiak bidaliz, urtebetetzeetan elkarri kantatuz...
«Zain gaude, ea noiz bueltatu gaitezkeen. Abesbatzarekin jarraitu egingo dugulako, hori seguru», adierazi dute. Eta bitartean, emanaldi eta elkartrukeak galdu dituzte aurten; eta baita kontzertu berezi bat ere: «ekainean eskaini behar genuen, Goiz Eguzkin, eta lan asko ari ginen egiten, prestatzeko. Izugarrizko pena da, baina egoerak hala agintzen zuen».
«Maskarillarekin, gehiago izerditzen duzu, eta gehiago nekatzen zara; astea bukatzean, nabaritu egiten da hori»
Ikasturtearekin batera hasi ziren lanean, Hernani Musika Eskolako abesbatzak: bai Dakapo, eta baita haur eta gaztetxoenak ere. «Distantziak mantenduta ere, maskarillarekin ari gara; 'ensalada' haundia dago talde hauetan», dio Amaia Aldalurrek.
Jarduera ia etenda amaitu zuen aurreko ikasturtea, Hernani Musika Eskolak; eta bereziki abesbatzek, «ezin genuelako telematikoki entsaiatu», eman du aditzera Amaia Aldalurrek, eskolako abesbatza guztien zuzendariak. Ekainean egin zuen bere saiotxoa Dakapo abesbatzak, San Joan jaietako preludioak behar zuenean: «kalean aritu ginen kantari, Sandiusterriko atarian adibidez; eta izan genuen aukera, zerbait egiteko behintzat».
Entsaioetara, ordea, ikasturte berriaren hasierarekin bueltatu dira. «Ostiral arratsaldetan entsaiatzen dugu, ordu eta erdi, distantzia mantenduta eta maskarillarekin. Ez da batere erosoa, baina horrelako taldeetan nahasketa haundia dago: unibertsitateko ikasleak, gazte asko, irakasleak... Ensalada haundia dago, nolabait esateko. Berez, Euskal Herriko Abesbatzen Elkarteak Osalanekin prestatu duen protokoloak dio, distantziak mantenduz gero ez dela derrigorrezkoa maskarillarekin abestea. Baina ez gara ausartzen. Horrelako talde batean positibo bat egonez gero, nahasmena haundia litzateke. Martxa normalean ari gara Musika Eskolan, baina alerta guztiekin».
Dakapon ez ezik, Musika Eskolako abesbatza guztietan ari dira horrela: «hasieran pila bat kosta zitzaidan, maskarillarekin asko erretenitzen delako. Baina orain, ohitu egin naiz, edo asumitu dut. Asko izerditzen duzu, eta ari zara arnasten zuk botatzen duzun anhidridoa. Hori ez da oso gomendagarria. Izerditzen duzu gehiago, eta nekatzen zara gehiago; astea bukatzean asko nabaritzen da nekea. Baina tira, hori ez zaigu gertatzen abesten dugunoi bakarrik. Egia esan, abesbatzei min dexente egin die aerosolaren kontuak. Eman digute egurra, baina konprobatu da abesten duzunean haizea ez dela ateratzen, ahots kordak itxi egiten direla eta bertan geratzen dela», azaldu du.
Ikasle gaztetxoenek Milagrosan entsaiatzen dute, «ondo aireztatuta», horiek «talde haundiak» direlako. DBHkoak eta Dakapo, aldiz, Musika Eskolan ari dira. «Oso helduak dira Dakapokoak, horretarako. Taldeko kide batek, adibidez, izan zuen unibertsitatean gelakide baten positiboa; eta nahiz eta ez zuen gertukoa, badaezpada ere entsaioetan atze-atzean jarri zen, aldenduta».
Entsaioak bai, baina emanaldirik ez daukate buruan: «Santa Zezilia eguneko emanaldia prestatzen behar genuen orain, baina oraindik ez gara bildu, erabakitzeko zerbait egin ala ez. Kontua da, Hernanin bertan ez daukagula lekua, horrelako zerbait egiteko. Biteri oso txikia da, eta ikasleekin tokia behar duzu».