«Markak jarri ditugu lurrean, distantzia bai edo bai mantendu eta maskarillarik gabe kantatu ahal izateko, posible denean»

Kronika - Erredakzioa 2020ko urr. 24a, 00:00
Eragiyok abesbatzako kideak, aurreko astean, Groseko San Inazio elizan.

Konfinamendua altxatzearekin batera bueltatu zen entsaioetara Eragiyok abesbatza; hasieran maskarillarekin, eta tarteak ondo mantenduta ondoren, maskarilla gabe, ondokoaren erreferentzia falta zutelako. Emanaldiak ere eskaini dituzte, udaratik bueltan.

Konfinamenduan egon zen geldirik Eragiyok abesbatza, baina deseskalatzea hasi zenean, bere­hala ekin zion: «udal insta­la­zioak zabaldu zituztenean, Uda­lari esan genion bueltatzeko asmoa genuela. Esan ziguten zein ziren baldintzak, eta ordu­tik lane­an ari gara, astean entsa­io bat edo bi eginez. Benetan eskertzekoa da, erraztasun guz­­tiak jarri dizkigula Udalak. Kultur etxe zaharrean, areto haun­dia geneukan, eta orain Erribe­ran ere, distantzia mantentzeko arazorik ez daukagu», azaldu du Javier Oyarzunek.

Maskarillarekin hasi zituz­ten entsaioak: «baina nabari­tzen genuen, falta genuela ondo­koaren erreferentzia, taldean kantatzeko. Eta pentsatu genuen, lasaiago kantatzeko maskarilla gabe aritu beharko genukeela, baina horretarako, derrigor, distantzia mantendu behar genuela. Eta horrela ari gara, betiere tartea uzteko aukera badago».

Erreferentzia faltarekin bate­ra, maskarillak abestea ere oz­to­patzen du, Oyarzunek dioenez: «maskarilla kirurgikoak, ahoan itsatsita geratzen dira; eta aldiz, FFP2 motakoekin, ahotsa ez da ateratzen, eta askoz ere gehiago behartzen duzu. Eta hori, segun eta zer abesten duzun eta nola atera behar duzun ahotsa, oso nekagarria da».

Entsaioak ez ezik, emanaldiak ere eskaini ditu Eragiyokek, pandemia hasi zenetik. Uztailean, esaterako, Santiotan online eskaini zuten emanaldia, aurrez grabatutakoa, herriko hainbat txokotan. Eta irailean, Erribera kulturgunearen inaugurazio ekitaldian kantatu zuten, maskarillarekin: «herriko beste talde batzuekin batera aritu ginen, eta jende asko ginenez, maskarilla jantzita abestu genuen». Joan den astean, aldiz, Groseko San Inazio elizan eskaini zuten kontzertua: «gu bakarrik ginenez eta elizako aldarea nahiko haundia denez, maskarillarik gabe aritu ginen. Markak jarri genituen lurrean, eta besoak zabalduta, ez genuen elkar ikutzen».

Hurrengoa, azaroaren 7rako zeukaten aurreikusita, Pasai Donibanen; baina bertan behera geratu da. Momentuz aurrera dijoana, hilaren 14an Portugaleten daukatena da, otsote formatuan. «Baina ikusiko dugu, unean-une­an hartzen baitituzte erabakiak». 2020rako, hamar bat kontzertu zeuzkaten aurreikusita, eta erdia ere ez dituzte eskainiko. Astigarragan kantatzen bukatu nahi dute urtea, eta hala daukate iragarrita, abenduaren 12rako: «azkenean egitea posible izango den, batek daki...». Erriberako auditorioan kantatzeko «desiatzen» daude, behintzat.

Kontzertu egunak, dena den, ez dira lehen bezalakoak: «normalean, kontzertu baten ondoren, zoaz soziedade batera, taberna batera, buelta bat ematera, poteatu eta kantatzen jarraitzera... Orain ez da posible, eta hori ere abesbatza baten bizitzaren parte da. Elkartzen gara kantatzea gustuko dugulako, baina baita ere harremana izateko eta giro ona daukagulako. Eta hori guztia galtzea, gogorra da».

Edonola ere, Oyarzunek dio «oso garrantzitsua» dela, ahal den heinean, kultur ekintzak mantentzen saiatzea, eta «erakundeek eta antolatzaileek horren aldeko apustua egitea. Gu prest gaude segurtasun neurri guztiak hartzeko, eta dendak eta tabernak behar diren bezala, kultura ere beharrezkoa da».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!