«Zortea daukagu, Milagrosan espazio nahikoa dagoelako, distantziak mantentzeko; baina maskarillarekin ari gara beti»

Kronika - Erredakzioa 2020ko urr. 24a, 00:00
Kantuz abesbatza, joan den urteko Kantuz Egunean. Aurten online egin dute.

Konfinamendua bukatzearekin batera, ekainean ekin zien entsaioei, Kantuz abesbatzak, Udalaren baimenarekin: «lurrean markak dauzkagu, maskarillarekin abesten dugu, aulkiak desinfektatu, leihoak eta ateak ireki... Gehiago ezin dugu egin».

Neurri guztiak hartuta, baina ekainetik ari da lanean, Kantuz abesbatza: «konfinamendua kendu zutenean, hasi ginen entsaioekin. Beti oinarritzen gara Euskal Herriko Abesbatzen Elkarteak ematen digun informazioan, jakiteko zein protokolo jarraitu behar dugun, Osalanekin harreman zuzena baitute bera­iek. Eta beraien gomendioak jarraituz hasi ginen, Hernaniko Udaleko Kultura Sailaren baimenarekin», azaldu du Pilar Mun­duate lehendakariak.

Astelehen eta asteazkenetan egiten dituzte entsaioak, Milagrosan: «zortea daukagu, espazio nahikoa dagoelako, distantziak mantenduta abesteko. Baina kan­tatu ere, maskarillarekin egiten dugu, nahiz eta abesbatzen elkarteak esan digun, distantziak mantenduz gero abestu daitekeela maskarillarik gabe. Dagoeneko ohitu gara, hilabeteak daramazkigulako. Eta hala behar badu, hala egingo dugu. Okerragoa da abestu ezinik egotea. Eta nahiago dugu maskarillarekin abestu, ez abestu baino. Hainbeste gustatzen zaigu kantatzea, ezingo genukeela egon ho­ri gabe. Gainera, akaso ona ere ba­da maskarillarekin abestea, gutxiago entzuten zaigulako!», dio Munduatek barrez.

Distantzia eta maskarillekin batera, gainerako neurriak ere hartzen dituzte: «Milagrosara sartzeko, maskarilla berri bat ematen diogu bakoitzari, eta gel hidroalkoholikoarekin garbitzen ditugu eskuak. Lurrean gurutze batzuk daude markatuta, jakiteko non jarri behar duen bakoitzak, tartea uzteko. Milagrosako goiko leihoak eta ateak zabalik edukitzen ditugu. Eta entsaioen aurretik eta ondoren, aulkiak desinfektatzen ditugu. Gehiago ezin dugu egin».

Abesbatzako kide guztiak ez dira joaten entsaioetara, dena den: «taldeko batazbesteko adina nahiko altua da, eta batzuk ez dira etortzen, arriskurik ez hartzeko. Abesbatzen elkarteak emandako informazio guztia, taldeko kideei helarazten diegu; eta horren arabera, bakoitzak erabaki du azaldu ala ez. 65 urtetik gorakoak badaude, edo tratamenduren bat dutenak».

Ekainean ekin ziotenek, geldialdia egin zuten udaran berriro, eta irailean bueltatu ziren entsaioetara. Ez dute emanaldirik eskaini oraingoz, baina datorren hilerako, azaroaren 22rako, badaukate hitzordua, Santa Zezilia eguna ospatzeko: «San Joan Bataiatzailea parrokian izango da, eta eliz musika kontzertua eskainiko dugu, COVID-19aren ondorioz hil diren guztiak gogoratzeko», aurreratu du.

Orain artekoak, ordea, galdu dituzte dagoeneko: «zarzuela emanaldi bat eskaini behar genuen aurten, eta Parisko Euskal Etxera bidaia geneukan prestatua. Hori guztia bertan behera geratu da. Baina lehentasuna zen abesbatza mantentzea, eta aurrerago ikusiko dugu», nabarmendu du Munduatek.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!