«Martxoan gelditu ginenetik, ez ditugu entsaio gehiago egin; gurea ez da abesbatza gaztea, eta ardura haundia ematen du»

Kronika - Erredakzioa 2020ko urr. 24a, 00:00
Oraindik ez da entsaioetara bueltatu, Ozenki abesbatza.

Azaroaren 8rako jarri dute hitzordua Ozenki abesbatzako kideek, erabakitzeko entsaioei helduko dieten berriro, edo oraingoz elkartu gabe jarraituko duten. «Hastekotan, gustatuko litzaidake izatea kide guztiak egonda», dio Imanol Kamio zuzendariak.

Pandemiaren hasierarekin bere jarduna eten, eta horrela jarraitzen du Ozenki abesbatzak. Ez dute entsaiorik egin ordutik, eta are gutxiago emanaldirik. Zita jarri dute orain, azaroaren 8an Milagrosan, abesbatzako kide guztiekin bilera egiteko: «nik batzuekin hitz egin dut, baina denen iritzia jakin nahi dut, eta modu demokratikoan erabaki, entsaioetara bueltatuko garen, ala oraindik ez», dio Imanol Kamio zuzendariak.

«Jende asko egongo da, egoera honetan ez duena hasi nahi; baina badira hasi nahi dutenak ere. Gurea ez da abesbatza gaztea, eta hori ere kontuan hartu behar da. Beldurra ez, baina ardura haundia ematen du, eta atzera botatzen nau ni ere», dio Kamiok. Edonola ere, hastekotan, gustatuko litzaioke izatea «abesbatzako kide guztiak egonda, eta ez gutxi batzuk bakarrik. Beraientzat eskape bat da, desiatzen daude hasteko. Baina hasi behar da baldintza batzuekin, eta arriskurik gabe. Uste dut, aurtengo negua pasatzen utzi beharko dugula azkenean...».

Maskarillaren kontua ere aipatu du zuzendariak: «maskarillarekin abesteko, nahi gabe ere, esfortzua egiten duzu, eta diafragma landu behar da. Uneoro zaude diafragma beteta, eta oxigenoa behar duzu asko, kantatzeko. Egon zaitez horrela bi ordu!».

Maskarilla jantzi bakarrik ez, distantzia ere utzi beharko lu­kete. Horrekin, behintzat, badute konponbidea: «Jose Luis Aperribak, Hernaniko apaizak, eskaini zidan beraien lokala, entsaiatzeko. Sekulako detailea izan zen hori. Izan ere, guk Doinu Zale musika eskolan entsaiatzen dugu, eta han ez daukagu leku nahikorik distantziak mantentzeko. Ia bata bestearen gainean egoten gara eta!».

«Sekulako pena» dauka Kamiok, Ozenkiko kideak ezin elkartzearekin: «familia bat bezala gara. Nik beti esan dut, 25 urtetan, beti hartu ditudala gustura Ozenkiren entsaioak. Baina egoera honek kezka ekarri digu, eta nik ez dut inor arriskuan jarri nahi. Batzuk 80 urteren bueltan dabiltza... Eta zerbait gertatuko balitzaie, ez nioke bar­­katuko neure buruari».

Geldialdi luze honekin, makina bat emanaldi eta zita berezi ere galdu ditu Ozenkik, 2020 urte honetan: «Llodioko abesbatza bat zen etortzekoa aurten, eta Cadreitakoak ere bai. Beste kontzertu batzuk ere bageneuzkan aurreikusita, baina aurreragorako beharko dute horiek. Gabonetan ere, urtero eskaintzen dugu emanaldi bat Musika Bandarekin, eta esan diegu gurekin ez kontatzeko. Ea udaberri aldera edo, posible dugun martxan jartzea...», dio Kamiok.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!