«Entsaioak Goiz Eguzkiko tabernan egitea da asmoa»

Kronika - Erredakzioa 2020ko urr. 24a, 00:00
Goiz Eguzki abesbatza, Gabonetako saioan.

Udalaren baimenaren zain dago Goiz Eguzki abesbatza, animatzen diren kideekin entsaiatzeko, talde txikian.

Ez da entsaioetara bueltatu oraindik, Goiz Eguzki abesbatza; baina badirudi gertu dagoela hasiera: «lokal aproposaren bila aritu gara, eta egoitzako taberna iruditu zaigu egokiena. Astelehen arratsaldetan egingo genituzke entsaioak, taberna itxita dagoela, talde txikian. Udalaren baimenaren zain gaude orain, hasteko», azaldu dute Joxan Mitxelenak eta Javier Arraztiok: «oso ondo aireztatu daiteke lokala, leihoak dituelako buelta guztian; eta espazioa ere haundia da, distantziak mantentzeko. Pozik beteko ditugu neurri guztiak, eta maskarillarekin kantatuko genuke. Horretarako ez daukagu arazorik. Gehiago da psikologikoa, berez sortzen duen arazoa baino».

Bi inkesta egin dituzte pandemia hasi zenetik, jakiteko abesbatzako kideak prest dauden entsaioetara bueltatzeko: «57tik, aurrenekoan hamabik eman zuten baiezkoa, eta duela bi aste, bigarrenean, hemezortzik», diote. Baimena jasoz gero, horiekin hasi nahi dute: «jendeak behar du etxetik atera eta besteekin elkartzea, eta hori da garrantzitsuena. Gaizki kantatzeak, berdin dio. Agian sokak desorekatuta egongo dira, batean hiru-lau, bestean sei-zazpi... Baina helburua da harremana izatea eta giro ona ez galtzea», diote.

Baina badakite, kontu berezia izan behar dutela: «arrisku taldekoak gara abesbatzakoak. Gazteenak 64 urte izango ditu, eta 74 urtekoa izango da batazbestekoa». WhatsApp bidez mantendu dute harremana orain arte, abestiak bidaliz, urtebetetzeetan elkarri kantatuz...

«Zain gaude, ea noiz bueltatu gaitezkeen. Abesbatzarekin jarraitu egingo dugulako, hori seguru», adierazi dute. Eta bitartean, emanaldi eta elkartrukeak galdu dituzte aurten; eta baita kontzertu berezi bat ere: «ekainean eskaini behar genuen, Goiz Eguzkin, eta lan asko ari gi­nen egiten, prestatzeko. Izugarrizko pena da, baina egoerak hala agintzen zuen».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!