«Abesbatza paroan dago oraintxe, martxotik ez dugu ezer egin», azaldu du Juanan Lekuonak, Umore Ona abesbatzako kideak: «gure artean komentatu dugu, bueltatu ala ez. Eta ezezkorik ez du inork esaten, baina egoera honetan, oraindik ez dira animatzen. Pixka bat pasatzen denean, akaso orduan bai. Baina honek ere bere arriskua dauka, pixkanaka hozten joatekoa, denbora luzatzen bada. Eta dinamika hori galtzen bada...».
Entsaioetara bueltatzeko aipamena egin dutenean, gutxi azaldu dira prest: «Nafarroan egoerak okerrera egin duela eta, kezka ere haunditu da. Eta horrez gain, maskarillarekin abestu beharra... Elizan, guk abesten dugu bigarren pisu batean, eta bertan, distantziak mantendu behar badira, abesbatzako 32ak ez gara kabitzen, noski. Apaizarekin ere hitz egin genuen, eta berak oso beltz ikusten zuen».
Azkeneko saioa, dena den, aurreko astean egin zuten, elizan bertan: «hileta elizkizun bat izan zen, eta eskatu ziguten, beste hainbatetan bezala, kantatzera joateko. Aurreneko aldia zen pandemia hasieratik, eta taldera pasa genuen deialdia. Baina bost bakarrik animatu ginen», azaldu du Lekuonak.
Inguruko herrietan gertatzen denak ere, eragiten duela uste du berak: «Leitzan ez dira hasi oraindik, eta Hernanin Ozenki ere ez. Horrek ere eragiten du. Bestek ez badira hasi, pentsatzen duzu ea zergatik hasi behar duzun zuk».
Hilabete hauetan, hitzordu politak galdu ditu Umore Ona abesbatzak: «maiatzean Tuterara joatekoak ginen, eta pentsatu genuen, akaso udazken alderako posible izanen zela. Baina bidaia hori galduta daukagu. Eta berdin Hernaniko eta Goizuetako aurorak. Herrian urtero eskaintzen dugun Gabonetako kontzertua ere, ez dugu emanen».