«Maskarillarekin, gehiago izerditzen duzu, eta gehiago nekatzen zara; astea bukatzean, nabaritu egiten da hori»

Kronika - Erredakzioa 2020ko urr. 24a, 00:00
Sandiusterri aurrean kantatu zuen Dakapok, San Joanetako preludioa zela eta.

Ikasturtearekin batera hasi ziren lanean, Hernani Musika Eskolako abesbatzak: bai Dakapo, eta baita haur eta gaztetxoenak ere. «Distantziak mantenduta ere, maskarillarekin ari gara; 'ensalada' haundia dago talde hauetan», dio Amaia Aldalurrek.

Jarduera ia etenda amaitu zuen aurreko ikasturtea, Hernani Mu­sika Eskolak; eta bereziki abesbatzek, «ezin genuelako telema­tikoki entsaiatu», eman du adi­­tzera Amaia Aldalurrek, esko­lako abesbatza guztien zuzenda­riak. Ekainean egin zuen bere saiotxoa Dakapo abesbatzak, San Joan jaietako preludioak behar zuenean: «kalean aritu ginen kantari, Sandiusterriko atarian adibidez; eta izan genuen aukera, zerbait egiteko behintzat».

Entsaioetara, ordea, ikasturte berriaren hasierarekin bueltatu dira. «Ostiral arratsaldetan entsaiatzen dugu, ordu eta erdi, distantzia mantenduta eta maskarillarekin. Ez da batere erosoa, baina horrelako taldeetan nahasketa haundia dago: unibertsitateko ikasleak, gazte asko, irakasleak... Ensalada haundia dago, nolabait esateko. Berez, Euskal Herriko Abesbatzen Elkarteak Osalanekin prestatu duen protokoloak dio, distantziak mantenduz gero ez dela derrigorrezkoa maskarillarekin abestea. Baina ez gara ausartzen. Horrelako talde batean positibo bat egonez gero, nahasmena haundia litzateke. Martxa normalean ari gara Musika Eskolan, baina alerta guztiekin».

Dakapon ez ezik, Musika Eskolako abesbatza guztietan ari dira horrela: «hasieran pila bat kosta zitzaidan, maskarillarekin asko erretenitzen delako. Baina orain, ohitu egin naiz, edo asumitu dut. Asko izerditzen duzu, eta ari zara arnasten zuk botatzen duzun anhidridoa. Hori ez da oso gomendagarria. Izerditzen duzu gehiago, eta nekatzen zara gehiago; astea bukatzean asko nabaritzen da nekea. Baina tira, hori ez zaigu gertatzen abesten dugunoi bakarrik. Egia esan, abesbatzei min dexente egin die aerosolaren kontuak. Eman digute egurra, baina konprobatu da abesten duzunean haizea ez dela ateratzen, ahots kordak itxi egiten  direla eta bertan geratzen dela», azaldu du.

Ikasle gaztetxoenek Milagro­san entsaiatzen dute, «ondo aireztatuta», horiek «talde haundi­ak» direlako. DBHkoak eta Da­ka­po, aldiz, Musika Eskolan ari dira. «Oso helduak dira Dakapokoak, horretarako. Taldeko kide batek, adibidez, izan zuen unibertsita­tean gelaki­de ba­ten positiboa; eta nahiz eta ez zu­en gertukoa, badaezpada ere en­tsa­ioetan atze-atze­an jarri zen, alden­duta».

Entsaioak bai, baina emanaldirik ez daukate buruan: «Santa Zezilia eguneko emanaldia prestatzen behar genuen orain, baina oraindik ez gara bildu, erabakitzeko zerbait egin ala ez. Kontua da, Hernanin bertan ez daukagula lekua, horrelako zerbait egiteko. Biteri oso txikia da, eta ikasleekin tokia behar duzu».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!