COVID-19 edo Koronabirusak gaixotutakoen inguruko datuak eguerdi partean berritu dituzte Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak. Nafarroakoak 11:30etan eman dituzte, eta atzo eguerdian baino 130 gehiago dira positibo eman dutenak; hildakoak, berriz, beste lau. EAEri dagokionez, Osakidetzak eguerdiko 12:30etan eman ditu datu berriak: 372 kasu gehiago daude, atzo baino; eta 12 pertsona hil dira.
Gorakada haundia izan dute kasu positiboek Euskadin, azkeneko 24 orduetan. Denera 2097 positibo izan dira, atzo baino 372 gehiago. Hildakoak, berriz, atzo baino 12 gehiago dira, 97 guztira.
Gipuzkoan, hala ere, azkeneko egunetako joerari eutsi dio. 52 kasu berri izan dira, eta guztira, 325 herritarrek eman dute positibo orain arte. Ospitalizatuta daudenetan izan da gorakada nabarmena, 111 baitira orain, atzo baino 27 gehiago. Hildakoak, berriz, bi izan dira azkeneko 24 orduetan; guztira, 13.
Hernanin hiru kasu berri izan dira gaur ere, eta hamar dira orain positibo eman dutenak. Eta Astigarragan, atzo bezala, ez da positibo berririk izan. Hiru dira orain artekoak, beraz.
Nafarroako datuei dagokienez, 794 dira Koronabirusarekin gaixotutakoak, atzo baino 130 gehiago. Lau pertsona hil dira atzo eguerditik, eta 14 dira orain, guztira. Une honetan, 288 gaixo daude ospitalizatuta, eta horietatik 30 UCIn.
Esan bezala, Bizkaian izan dute gorakadarik haundiena, positiboek. 209 kasu berri izan dira, eta dagoeneko 860 dira guztira. Gainera, bost lagun hil dira azkeneko 24 orduetan, eta 24 dira guztira. Eta Araban, 111 pertsona gehiago gaixotu dira; guztira 912 gaixo daude orain. Han ere, bost lagun gehiago hil dira, eta 60 dira guztira.