Martxoaren 20ko datuak: Koronabirusa Euskal Herrian

Kronika - Erredakzioa 2020ko mar. 21a, 13:28

50 kasu berri izan dira Gipuzkoan, eta 260 guztira EAEn. Hildakoak, berriz, 14 izan dira azkeneko 24 orduetan, eta horietatik bost Gipuzkoan.

Nafarroan, 110 izan dira kasu positibo berriak, eta atzo eguerdian baino hiru gehiago dira hildakoak.

COVID-19 edo Koronabirusak gaixotutakoen inguruko datu berriak egunean behin emango dituzte Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak. EAEri dagokionez, Osakidetzak eguerdiko 12:30etan eman ditu datu berriak: 260 kasu gehiago daude, atzo baino; eta 14 pertsona hil dira.

Euskadin, denera 1725 kutsatu daude, atzo baino 260 gehiago. Hildakoak, berriz, atzo baino 14 gehiago dira, 85 guztira.

Gipuzkoan, 50 kasu berri izan dira, eta guztira, 273 herritarrek eman dute positibo orain arte. Horietatik 84 daude ospitalizatuta. Aurreko egunetako antzeko joerarekin egin dute gora, kasu positiboek. Hildakoak, berriz, bost izan dira, azkeneko 24 orduetan.

Hernanin hiru kasu berri izan dira, eta zazpi dira orain positibo eman dutenak. Eta Astigarragan ez da positibo berririk izan; hirurekin jarraitzen, beraz. 

Nafarroako datuei dagokienez, 664 dira Koronabirusarekin gaixotutakoak, atzo baino 110 gehiago. Atzo eguerdian baino hiru gehiago dira hildakoak, bederatzi guztira.

Araban, 98 pertsona gehiago gaixotu dira, guztira 801 gaixo daude orain. Ospitalean 254 daude, eta hildakoak 55 dira, zazpi gehiago. Bizkaian, 651 dira gaixotuak, atzo baino 112 gehiago. Ospitaletan 310 pertsona daude ingresatuta, eta 19 hil dira dagoeneko; azkeneko 24 orduetan, bi.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!