Kazerolada leihoetatik, erailketa matxista salatzeko

Kronika - Erredakzioa 2020ko mar. 17a, 15:27

Emakume bat hilik aurkitu zuen atzo erzaintzak Soraluzen, eta semea atxilotu zuen hilketa leporatuta. Hau salatzeko kazeroladak deitu dira gaur 21:00etan, leiho eta balkoietatik, egoerak hala behartuta.

Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak kazerolada deitu du gaurko, atzo Soraluzen izandako erailketa salatzeko. Ertzaintzak 74 urteko emakumea hilik topatu zuen, eta haren semea atxilotu zuen hilketa leporatuta.

Eraso berri honen aurrean, autodefentsa feminista aldarrikatu du mugimenduak, eta Erasorik ez, erantzunik gabe! leloarekin bat eginik, kazeroladak deitu ditu gaur Euskal Herri osoan, gaueko 21:00etan. Egoerak behartuta, balkoi eta leihoetatik egingo dira protestak.

Hirugarrena, astebetean

Soraluzekoa, «astebetean hirugarren emakume eraila» dela salatu dute. «Hiru emakume erail ditu indarkeria matxistak 2020an Euskal Herrian. Nahikoa da!», azaldu dute. Aurreko astean, Abanton, ama-alabak hil zituzten.

Hori horrela, erailketa guztiak salatzeko gaurko protestarekin bat egiteko eskatu dute herriz herriko mugimendu feministek; tartean, Hernanikoak eta Leitzaldekoak, eta gaitzespena plazaratu nahi izan du Astigarragako Udalak.

Hernanin, erasoa

Horrez gain, pasa den asteburuan Hernanin izandako erasoa gaitzetsi zuen Hernaniko Koordinadora Feministak, eta adierazpenarekin bat egin zuen Udalak. «Herriko kirol klub bateko gizon batengandik bi emakumek jasandako eraso sexistak gogor salatu» nahi izan zituzten. Klubak jokalaria bota du elkartetik.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!