Bat egin du Hernaniko Udalak, Koordinadora Feministaren mezuarekin

Kronika - Erredakzioa 2020ko mar. 17a, 00:00

Ohar baten bitartez, Udalak «argi» adierazi nahi izan du, «gure herrian ez direla onartzen jarrera eta eraso matxistak».

Martxoaren 7ko gauean, Hernani errugbi taldeko jokalari bat atxilotu zuen Ertzaintzak, herrian, eraso sexistak egotzita; eta horren ondorioz, jokalaria taldetik kanpo uztea erabaki zuen errugbi elkarteak.

Gertaera salatu zuen Hernaniko Koordinadora Feministak ere, komunikatu batean: «nazkatuta gaude emakume izate hutsagatik jasaten ditugun erasoez. Hernanin, gure kale eta tabernetan jasaten ditugu erasoak», adierazi zuen.

Hori horrela, Koordinadora Feministaren komunikatuarekin bat egin du Hernaniko Udalak ere, ohar baten bitartez; eta «argi» adierazi nahi izan du, «gure herrian ez direla onartzen jarrera eta eraso sexistak».

Udalak bere babesa adierazi die erasotutako emakumeei, eta laguntza eskaini die, «behar dutenerako». Era berean, aditzera eman du, errugbi elkartearekin harremanetan jarri dela, eta «elkarlanean sexu jazarpen eta sexu arrazoiengatiko kasuetarako protokoloa egiteko konpromisoa» hartu dutela. Horrela, Udalak nabarmendu du, protokoloa osatzeak ekarriko duela, «indarkeria matxistaren gaia lehen lerroan jartzea».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!