Hernaniko koordinadora feminista

Babesa eta eskerrak, erasoa jasotako emakumeei

Kronika - Erredakzioa 2020ko mar. 14a, 00:00

Koronabirusa saihesteko neurriak medio, kontzentraziorik ez da deitu, baina gertaerak salatu nahi izan dituzte.

Azken eraso matxistak salatzeko prentsa oharra kaleratu du Hernaniko Koordinadora Feministak. «Oraingoan, kontzentrazioak bertan behera utziko ditugu, Covid 19a saihesteko neurriak direla eta. Hala ere, gure haserrea adierazi nahi dugu, eta ozen esan, indarkeria matxista eguneroko pandemia bat dela».

Bi erasoren salaketa

Kontzentraziorik gabe ere, azken asteko erasoak salatu nahi izan ditu Koordinadora Feministak.
Batetik, Hernanin pasa den asteburuan izandakoa. «Batetik, pasa den asteburuan herriko kirol klub bateko gizon batengandik bi emakumek jasandako eraso sexistak gogor salatu nahi ditugu. Nazkatuta gaude emakume izate hutsagatik jasaten ditugun erasoez».

Eskerrak ere eman nahi izan dizkie, gainera, bi emakumeei. «Erasotuak izan ziren emakumeei gure babesa eta elkartasuna adierazi nahi diegu eta erasoa publikoki salatzeagatik eskerrak eman; bai, Hernanin gure kale eta tabenetan jasaten baititugu eraso matxistak, eta haserre gaude. Ez ditugu jarrera ez eraso matxistak zein sexistak onartuko. Autodefentsa feministaz erantzuten jarraituko dugu».

Bestetik, asteazkenean senarra eta aita zenak Abantoko ama-alabak erail izana ere «gogor salatu» dute; «indarkeria matxistaren aurpegi latzena». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!