Udala

Astigarragan izandako bi eraso matxistak salatzeko, adierazpena

Kronika - Erredakzioa 2020ko mar. 17a, 16:13

Soraluzeko erailketa salatzeko gaurko kazeroladarekin ere egin du bat. 

«Gaitzespen gogorrena» azaldu nahi izan du Udalak, «gure herrian martxoko lehen hamabostaldian gertatu diren emakumeen kontrako indarkeria sexista kasuen aurka». Era berean, «martxoaren 16an Soraluzen gertatutako erailketa matxista salatu» du eta bat egiten du hilketa hori salatzeko ekimenekin. Gaur, 21:00etan mugimendu feministak antolatu eta bultzatutako gaitzespen-kazeroladekin bat egiteko gonbidapena luzatu die herritarrei ere.

Protokoloa martxan jarrita, erasotuei laguntza

Udalak «laguntza nahiz begikotasun osoa adierazi nahi die mota horretako erasoak pairatzen dituzten emakumeei eta bere ingurukoei». 2019 urtean Astigarragako Udalaren eraso matxisten aurrean jokatzeko eta erantzuteko protokoloa sortu zen, eta azken bi gertaeren berri jakin bezain laster, «protokolo instituzionala aktibatu» duela ziurtatu du, «informazioa baloratzeko eta, biktimei egokia den arreta eman ahal izateko beharrezkoa den koordinazioa ziurtatzeko». Horrela, Udalak «dituen informazio eta baliabide guztiak erasotutako emakumeen esku jarri ditu, baita bere onera etortzeko prozesuan behar dezaketen laguntza guztia ere», azaldu duenez.

Hain zuzen, protokoloa «ezinbesteko tresna» dela azaldu du, «erantzun egoki, eraginkor eta bateratua emateko jendartean ikusezin eta normalizatua dugun emakumeen kontrako indarkeria sexisten eta bestelako indarkeria matxisten aurrean. Alde batetik, protokolo honek Astigarragako Udalak emakumeen kontrako indarkeria sexistarekin eta indarkeria matxista mota guztiekin amaitzeko duen konpromisoa berresten du. Bestetik, indarkeriaren prebentzioan eta arretan zuzenean lan egiten duten Udaleko sailen arteko koordinazioa eta lankidetza hobetzen ditu. Eta, azkenik, eta garrantzitsuena, emakumeen kontrako indarkeria sexistarekin eta zein bestelako indarkeria matxistekin amaitzeko egiten den lana hobetzen du, besteak beste, biktimei ematen zaien arreta hobetuta..

Berrogeialdiak kezkatuta

Bestalde, Astigarragako Udalak kezka ere agertu du COVID-19 edo Koronabirusak eragindako osasun-krisiaren ondorioz ezarritako berrogeialdia medio, «isolamenduan gerta daitezkeen ekintza eta portaera matxisten gorakadaren aurrean».

Hori dela eta, gogorarazi du eskura dagoela indarkeria matxistaren biktima diren emakumeak artatzeko telefono zenbakia, doakoa dena eta urteko 365 egunez eta 24 orduz erabilgarri dagoena: 900 840 111.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!