Gogotsu elkartuko dira berriro Mintzalagunak, euskera praktikatzeko

Kronika - Erredakzioa 2024ko urr. 19a, 00:00

Mintzalagunak eta bidelagunak, joan den urtean, ikasturte bukaerako festan, Goiz Eguzkin.

Martxan da beste urte batez, Doberaren eskutik, Mintzalaguna egitasmoa. Doakoa da partehartzea, eta izenematea zabalik dago, bai euskera praktikatu nahi dutenentzat, eta baita praktikatzen lagundu nahi dutenentzat ere.

Dagoeneko hasi dituzte saioak, beste ikasturte batez, lehendik ere mintzalagun aritutakoek. Berriro elkartzen hasteko gogotsu, azkar asko lotu dute asteroko zita, eta ekin diote euskera praktikatzeari, bidelagunen eskutik.

Dobera Euskara Elkarteak antolatuta, martxan da Mintzalaguna egitasmoa, 'Eta euskaraz egiten badugu?' lelopean. Ekimenak euskeraz aritzeko aukera ematen die partehartzaileei, eta horrek balio izaten die «euskera maila hobetzeko, beldur eta lotsei aurre egiteko, giro euskaldunean murgiltzeko, lagun berriak egiteko, euskeraz bizitzeko edota normalizazioaren alde egiteko».

Izenematea zabalik dago, bai euskera praktikatu nahi dutenentzat, eta baita praktikatzen lagundu nahi dutenenetzat ere. Doakoa da partehartzea, eta euskeraz komunikatzeko gutxieneko maila besterik ez da behar. Lau bide daude izena emateko, eta epea orain zabaldu arren, urte osoan zehar apuntatu daiteke: Doberaren bulegora (Larramendi kalea 11, behea) hurbilduta, 943 33 27 99 telefonora deituta, dobera@dobera.eus helbidera idatzita, edota dobera.eus/mintzalaguna webgunearen bitartez.

Aurreko urteetan aritutako talde batzuk martxan dira dagoeneko, baina datozen asteotan ekingo diote gainerakoek. Doberako dinamizatzailea arduratuko da partehartzaileak taldeetan antolatzeaz, bakoitzaren ordutegiak, gustuak, afizioak, euskera maila... kontuan hartuta. Une honetan 60 lagun dabiltza ekimenean, eta talde txikitan egiten dituzte saioak.

Baina saio horiez gain, bestelako jarduerak ere antolatzen dituzte, «harreman sarea haunditzeko», partehartzaile guztiek egiteko modukoak: mintzapotea, bisita gidatuak, irteerak...

Bi mintzalagunen eta bi bidelagunen testigantzak jaso ditugu, egitasmoan parte hartzeak zer ematen dien ezagutzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!