Bihar amaituko da Binakako Erremonte Txapelketa. Orain arte maila haundiko partiduak ikusi ahal izan dira Galarretan, eta lehiari amaiera polita emateko gogoz daude biharko zortzi protagonistak. Tartean bailarako hiru erremontari izango dira; Endika Barrenetxea hernaniarra, Aitor Aiestaran hernaniarra eta Oier Apezetxea goizuetarra.
Arratsaldeko 18:00etan hasiko da jaialdia, eta goraino beteko dira Galarretako harmailak. Badaezpada, denborarekin joatea gomendatu dute antolatzaileek.
Segurola-Barrenetxea IV Ezkurra II-Azpiroz
Txapelketa nagusiko partiduan oso berdinduta dauden bi bikote arituko dira aurrez aurre. Ligaxkatik zuzenean sailkatzea lortu zuten Segurolak eta Barrenetxeak, eta konfiantza haundiarekin iritsiko dira biharko final haundira. Ezkurrak eta Azpirozek, berriz, lan gehixeago egin behar izan dute txartela lortzeko. Hala ere, aurreko larunbatean jokatutako partiduan erakutsi zuten edozein bikoteri aurre egiteko gai direla. Bi bikoteek pelota bixiak hautatu zituzten astearteko saioan.
Aldabe-Aiestaran VI Jabalera-Apezetxea
Bigarren mailan argiagoa da aldea. Aldabek eta Aiestaranek ez dute ligaxkako set bakar bat ere galdu, eta irabazteko hautagai nagusiak izango dira. Hala ere, Jabalera eta Apezetxea ere sasoi onean iritsi dira azken txanpara, eta gauzak zailtzeko asmoarekin irtengo dira kantxara.