«Sentsazio onekin eta konfiantzarekin iritsi naiz final honetara»

Kronika - Erredakzioa 2024ko abe. 27a, 00:00

Urteko hirugarren finala izango da biharkoa Endika Barrenetxea hernaniarrarentzat.

Berriro finalean. Ohitu egiten da bat egun hauetara?

Beno, ikasi egiten da. Duela 15 urte oso aste gogorrak pasatzen nituen, eta orain lortzen dut gozatzea partiduen aurretik eta kantxan bertan. Hala ere, garbi dago gero jokatzen hastean zailagoa dela emozioei eustea. 

 

Aurretik lanak ondo eginda zatozte, zuzenean sailkatuta. 

Bai, eta horrek konfiantza ematen du. Nik, pertsonalki, urte ona daramadala esango nuke. Azken hiru finaletan sartzea lortu dut, eta sentsazio onekin nabil. Horrek ere lasaitasuna ematen du partidua iristear dagoen honetan. Beñatek ere asko hobetu du txapelketa hasi genuenetik; azken partiduan, adibidez, sekulako erakustaldia eman zuen, eta horrek ere lasaitzen nau. Beñatek horrela jokatzen badu bihar, oso zaila jarriko diegu aurkariei. 

 

Finalerdia jokatu dute haiek, nekea bai baina konfiantza ere hartuko zuten. 

Hori da. Finalaurreko bat irabazteak beti ematen dizu konfiantza, are gehiago aurkari gogorrei irabazi badiezu. Bi setak ondo irabazi zituzten gainera. Guk argi daukagu beraien onena ematen badute guk ere horretatik gertu ibili beharko dugula. Iruditzen zait maila altuko partidua izango dela biharkoa. 

 

Materialarekin gustura?

Bai, oso gustura. Zeuden pelota onenak aukeratu ditugu, material onena zutenak eta bixienak. Batzuetan gehiago bilatu behar izaten da, eta asteartean erraz topatu genituen gustukoak. 

 

Galarreta lepo egongo da. Horrek are bereziago egiten du finala, ezta?

Noski. Horrelako egunetan jokatzea ez da erraza izaten, ez gaudelako ohituta. Gure artean hitz egiteko ere zailtasunak izaten ditugu, eta oihuka aritu beharko dugu elkar entzuteko. Kanpoko jendearen burrunbak barruak mugitzen dizkizu, baina saiatuko gara ondo eusten eta giroarekin gozatzen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!