EAJ-PNV

«Pozik» EAJ, «Bilduk dekretua zuzendu duelako»

Kronika - Erredakzioa 2020ko api. 6a, 00:00

Jeltzaleek eskatua zioten udal taldeari txakurrak paseatzeko denbora eta kantitatea mugatzen zituen neurriak bertan behera uzteko.

Alkatetzak berrogeialdirako animalien ateraldiak arautzen zituen dekretua bertan behera utzi duelako pozik agertu da EAJ. «Alderdi jeltzalea ez zegoen udal taldeak jarritako neurrien jakinaren gainean, eta neurriak bertan behera uzteko eskaera erregistratu zuen. Ordu batzuk geroago, EH Bilduk atzera egin eta dekretua bertan behera utzi zuen», azaldu du.

Dekretu hori apirilaren 1ean jarri zen martxan, eta «24 ordu eskaseko ibilbidea izan zuen. Maskoten jabeentzako gehiegizkoa izateaz gain, eta EAJk bertan behera uzteko egindako eskaeran adierazi zuen bezala, udaletxeek ez dute konpetentziarik berrogeialdirako animalien ateraldiak erregulatzeko».

Era berean, jeltzaleek salatu dute «EH Bilduk, beste behin ere, oposizioa kontuan hartu gabe eta herriko bizilagunetako asko nahita kaltetuz» hartu zuela erabakia. «Dagozkion konpetentziak gainditu ditu, eta presioak gain hartu dio».

«Kontzientziazioa, inposizioaren ordez»
Berrogeialdian zehar maskotekin eduki beharreko portaeraren inguruan herritarrak «kontzientziatu» egin behar direla aldarrikatu du EAJk. «Beste jabeekin kontaktua izatea saihestu behar da, jende gutxi ibiltzen den gune eta ordutegiak aukeratu, eta txakurra lotuta eraman, hain zuzen, kontaktua saihesteko».

Dena den, «elkarbizitzarako neurri orokorrak astigartar guztientzako dira. Denok, animalia jabe izan edo ez, gure aldetik jarri behar dugu ohiz kanpoko egoera hau ahalik eta azkarren bukatu dadin», gehitu du oposizioko alderdiak.   

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!