Yaiza García Badiola andreak bidali eta argitaratu zen eskutitzaren azken paragrafoan, bere arazoa konpontzeko laguntza eskatzen duenez, idatzi honekin arazo horien konponbidea zein den argitzen saiatuko naiz, zeren bat baino gehiago dituela dirudi.
Lehenik eta behin, garbi eduki behar du, alarma egoera hau bukatu arte, ez dagoela txakurrak paseatzerik, alarma dekretuarekin galarazita dagoela. Etxetik jaitsi, etxe ingurutik urrundu gabe bere beharrak egin, garbitu dena, eta berriro etxera bueltatu behar dute. Horrela ez dute arazorik izango, ez bizilagunekin eta ez udaltzaingoarekin.
Alarma egoera hau pasatzen denean berriz, jazartuta ez sentitzeko egin behar dutena oso garbi dago. Bai berak eta bai bera bezalako beste txakur jabe guztiak, araua errespetatu besterik ez dute egin behar.
Txakur jabe gehiengoak arauak ondo errespetatzen dituzte eta oso lasai eta zoriontsu bizi dira bere animaliekin, bai etxean daudenean eta bai kaletik joaten direnean. Zergatik?, ba oso erraza da ulertzea, arau guztiak betetzen dituztelako!. Erraza da, animaliak lotuta eraman, arriskutsuak baldin badira ahokoarekin, kakak jaso eta abar.
Neurri horiek betetzen dituztenak, ez dute beldurrik, ez bizilagunak eta ez udaltzaingoak ikusten dituztenean. Gauzak ondo egiten dituztelako, lasai lasai pasatzen dira beraien ondotik. Ez dute, ihesi edo ezkutuan ibili behar eta ez dira sentitzen delitu bat egiten egongo balira bezala. Ezegonkortasun hori, arauak betetzen ez dituztenak bakarrik sentitzen dute. Beraz jarrera aldatu besterik ez du.
Yaiza andreak jakin behar du, balkoiko polizi bezala izendatzen dituen bizilagun horiek, gaur egungo egoeran, arrazoi bakar bategatik deitzen dutela. Bere osasuna arriskuan ikusten dutelako!.
Berak eta bere moduko txakur jabeak, gainontzeko bizilagunengan inolako errespeturik gabe eta agindutako arau guztiak hautsiz, txakurrak paseatzen ikusten dituztenean, gaitza zabaltzeko arriskua ikusten dute. Horregatik deitzen dute.
Ziurtatu dezaket, ez dutela inoiz deitu, txakur jabe bat ondo eta zuzen jokatzen ikusten dutenean txakurra lotuta daramanean edo kakak jasotzen dituenean.
Beraz, garbi dago Yaiza andreak eta “bere kolektiboak” egin behar dutena. Denontzako mesedegarri diren arauak ondo bete.
Ez nuke bukatu nahi, Yaiza andreari aholku bat eman gabe. Lehen paragrafoan esaten du, beraien animaliak sozializatu eta ahalik eta ariketa gehien egin dezaten, eremu arriskutsuetan sartzen direla ibai ertzean eta abar. Jakin behar du, jarrera hori ez dela zentzudun jokatzea. Alarma egoera bukatzen denean eta espero dezagun lehenbailehen gertatzea hori, ez ditu bere bizia edo bere animaliarena arriskuan jarri behar, txakurra ibai ertzean aske uztea gustatzen zaiolako. Txakurra ondo lotuta eramanaz paseo luzeak ematen baditu, eta beste txakurrekin elkartzen badu, ariketa egingo du, sozializatuko du eta pozik biziko da, ez dezala zalantzarik izan.
Agustin Semperena Urdampilleta
Astigarragako Udaltzainburua