Larritasunaren barruan, egonkortu egin da Urumea ibaia, baina egoerak okerrera egitea espero da datozen orduetan

Kronika - Erredakzioa 2021ko abe. 10a, 16:01
Kamioi bat urak hartuta, AHTaren obretan, Ergobin.

2,6 metro ingurukoa da Urumea ibaiaren maila, eta ez du gorabehera haundirik izan gaur goizean goizetik. Urak hartuta jarraitzen dute bailarako hainbat tokik, eta prezipitazioak ugarituko direla eta, 19:00etatik aurrera okerrera egin dezake. Gainera, Añarbe 56 metro kubiko segunduko emariarekin ari da urtegia hustutzen, edukieraren %97,7a betetzera iritsi baita.

Euriak atseden pixka bat hartu du gaur goizean, eta tarteka bakarrik bota ditu zaparradak. Horrek ahalbidetu du, Urumea ibaiaren larritasunaren barruan, egoera egonkortzea. Goizean goizetik orain arte, ez da gorabehera haundirik izan ibaiaren mailan, eta 2,6 metrora dago une honetan.

Edonola ere, urak hartuta jarraitzen dute, goizean bezalaxe, Urumea bailarako toki askok: Landare eta Zubipe zelaiek; Karabel, Portu eta Ergobiko baratzek; Olatxoko zubiak; Andre Gobadarien ibai parkeak eta ibai ondoko pasealekuak; AHTaren obrek; Portu eta Karabel arteko bidegorriak... Ibaiak ez du behera egin, horiek urez hustu ahal izateko. Eta iluntzerako, egoerak okerrera egin dezakeela espero da.

Izan ere, euri asko egingo du datozen orduetan, eta okerrena 19:00etatik aurrera etorriko dela iragarri dute. Gainera, Añarbeko presa gaur goizera arte itxita egon den arren, 08:20etan ireki dute, 10 metro kubiko segunduko emariarekin. Eta emaria haunditu egin behar izan dute eguerdian, urtegira sartzen ari zen emaria 68 metro kubiko segundukoa zelako, eta bere edukieraren %97,7ra iritsi delako. Hori horrela, une honetan 56 metro kubiko segunduko emariarekin ari dira hustutzen.

Litekeena da, beraz, prezipitazioen eta urtegia hustutzeko emariaren eraginez, berriro gora egitea ibaiaren mailak, gaur arratsaldetik aurrera; eta egoerak okerrera egitea berriro. 

Erlazionatuak

Uholdeak Urumea bailaran

Kronika - Erredakzioa 2021 abe 10 Urumea

Konplikazioak bailaran, euriteengatik

Kronika - Erredakzioa 2021 abe 10 Urumea

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!