Urak hartuta daude Urumea ibaiaren bazterreko toki asko

Kronika - Erredakzioa 2021ko abe. 10a, 11:14

Bizilagunak etxetik ura ateratzen, Okendotegi auzoan.

Ibaiaren maila asko hazi da gaur gauean, eta gainezka egin du makina bat tokitan. Horren ondorioz, bide ugari daude moztuta.

Atzo arratsaldeko joerak segida izan du gauean, eta gora egiten jarraitu du Urumea ibaiaren mailak, goizaldeko ordu biak arte. Orduan iritsi da bere maila altuenera: 2,871 metro markatu du Ereñotzuko estazioan, 02:10etan. Atzo iluntzeko 19:00etan gainditu zuen bi metroko langa, bertan.

Hori horrela, bailarako toki askotan atera da ibaia, gauean zehar. Atzo iluntzean, urak hartuta zeuden Andre Gobadarien ibai parkea eta Landareko errugbi zelaia, eta orduan hasi zen ura ateratzen erriberako baratzetan, Zubipeko futbol zelaian, edota Goizuetako Olatxoko zubian, besteak beste. Eta ordutik, okerrera egin du egoerak. Urak erabat hartuta esnatu dira erriberako baratzak eta Zubipe ere. Landareko urak, ondoko errepidera eta Cominter enpresara ere iritsi dira. Karabel eta Portu arteko bidea ere itxita dago, urak hartuta baitago, errepidearen bi aldeetako baratzak bezalaxe.

Ergobin, AHTaren obrak ere hartu ditu ibaiak, kamioi baten erdia estaltzeraino; eta Okendotegi auzoan, urez inguratuta daude etxeak. Mangerekin ura atera nahian ari dira zenbait, eta suhiltzaileak bertaratu dira, bizilagunak atera ahal izateko. Ibaiaren beste aldean, Ergobiko ibai bazterreko pasealekua ere hartu du urak, eta ibai parkea ia osorik estali du. Ergobiko zubian bertan, ia goraino beteta daude zubiko begiak. Herriaren erdigunean, berriz, urak hartu du Pelotari kalea, eta Donostia ibilbideko zati batean ere atera da. Sarrerako errotondaren inguruan ere, urak atera dira ibaiaren bazterretan.

Ereñotzu aldera, berriz, itxita dago bide nagusia, Fagollagan, ibaia atera baita bertan ere. Eta berdin gertatu da Arano eta Goizueta arteko zenbait puntutan ere. Hori horrela, eskolara joan ezinik geratu dira Aranoko haurrak, gaurkoan; eta lanera joaterik ere ez dute izan, hainbat herritarrek.


Añarbe, ia goraino beteta

Euri gutxiago egin du gaur goizean zehar, eta ondorioz, egonkortu egin da ibaiaren maila, pixka bat. Une honetan, 11:30etan, 2,588 metrokoa da Ereñotzuko estazioan. Baina prezipitazioen eraginez, asko igo da Añarbeko urtegiaren maila, eta ia goraino beteta dago: %97an, une honetan. Hori horrela, hustubideetako bat ireki dute, eta 15 metro kubiko segunduko ari dira askatzen.

Erlazionatuak

Uholdeak Urumea bailaran

Kronika - Erredakzioa 2021 abe 10 Urumea

Konplikazioak bailaran, euriteengatik

Kronika - Erredakzioa 2021 abe 10 Urumea

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!