San Isidro eguna da gaur, baserritarren eguna. Eta ohitura den bezala, ospatzerik izango ez den arren, haiekin gogoratzeko deia luzatu du Astigarragako Goldea Elkarteak, egun seinalatuan.
«San Isidro egunak herriaren izaeran duen garrantzia eta esanahia kontutan hartuta, goraipatu nahi ditugu gure baserritarrek baserriak zutik eta naturak bizirik irauteko egiten dituzten lanak eta ahaleginak», nabarmendu dute. Horregatik, eta aurten jaia ospatzea posible izango ez denez, «zenbait ekintza sinboliko» egingo dituzte, Astigarragako Udalarekin batera.
Eta horietako bat izango da, internet bidez eskainiko duten bertso saioa, Bertsozale Elkartearen eskutik.
Zuzenean 'bertsoa.eus' atarian, gaur eguerdian
Bertsozalek Billabonan daukan egoitzan egingo dute San Isidrotako saioa, eguerdiko 12:00etan hasita; eta zuzenean emango dute interneten, bertsoa.eus web orrian. Ikusterik ez daukanak, gainera, gerora ere izango du aukera, ikusgai jarriko baitute, kronika.eus, astigarraga.eus eta bertsoa.eus atarietan, asteburuan zehar. Bost bertsolarik hartuko dute parte, gaurko saioan. Agin Laburu astigartarra ariko da, batetik; bestetik, Astigarragako San Isidro egunean ohikoak diren bi bertsolari, Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso; eta haiekin batera, Onintza Enbeita eta Nerea Elustondo.
Baina eguna ospatzeaz gain, «azken 30 urteotan herrian baserriak izan duen eboluzioaren berri» eman nahi izan du Goldeak, «makina bat erreibindikazio ekintza» bideratu eta plazaratu baitituzte, herriko beste eragileekin batera.
139 baserri izatetik 20 baino gutxiagora, 40 urtetan
Goldeak nabarmendu du, 1982an 139 baserri zeudela Astigarragan; 1995ean 67 ziren, 2014an 44, eta gaur egun 20 baino gutxiago, nekazal jardueretatik bakarrik bizi direnak. «Zaila izan da bertako jarduerei eustea; eta errealitate gordin hori, goi mailako administrazioek eta gertuko beste batzuek lurraren plangintzaren inguruan hartutako erabakien eta sustapenerako borondaterik ezaren ondorio izan da, hein haundi batean».
Zentzu horretan, dio baserritarrek eta herri mugimenduko herritarrek hartu behar izan dutela «herri ekimenaren aitzurra, gure lurra goldetzeko eta baserriari bizia emateko». Hori horrela, 2008an proposatu zion Goldeak Udalari, Baserriaren Azterketa Sozioekonomikoa egitea; eta «buelta eta buruhauste askoren ondoren», 2014n egin zen, baita Baserri Mahaia sortu ere, Udalak, baserritarrek eta eragileek osatuta. «2019ko abenduan jarri da berriro martxan, guztion ilusioz eta konpromisoz».
San Isidro egunaren antolaketan ere izan da bilakaerarik, Goldeak azaldu duenez: «1992an ekin genion festa berreskuratzeari; jarraian, baserrien eraikin eta jarduerak ezagutzeari; ondoren, gure baserritarren testigantzak bildu eta omentzeari (azken 25 urteetan, 50 baserritarrek jaso dute aitortza) eta azken hiru urteotan, baserriko langintzak ahalbidetzeagatik familia osoei esker onak emateari».
Zentzu horretan, Goldeak nabarmendu du, Lizardi baserriko Irizar-Sagardogi familiari egin nahi diotela aurten, «merezitako aitortza». Baserrigintzak herri kirolekin duen lotura ere ekarri dute urtero, San Isidro egunera; eta Foru Plazako probalekuan, «urtean behin mugitzen den harriari tiraka» jarri dituzte idiak, azkeneko 28 urteotan bi, hiru eta lau idiko uztarrian. Baita «marka esanguratsuak» ikusi ere.
Goldeak adierazi du, «San Isidro egun haundia egiteko», guztiak behar direla: baserriak eta baserritarrak. «Herritarrok aitortu eta adoretu behar genuke beraien lana, bertako produktuez gozatu, baserriko lana baldintza egokietan egitea ahalbidetzen lagundu eta baserritarrak entzuten ditugula erakutsi. Hori eginez sentiaraziko ditugu baserritarrak protagonista eta elkarrekin egingo dugu gure lurraren eta baserriaren alde».