Eremu gorriko murrizketak ezarriko dituzte, Hernaniko udal eraikinetan

Kronika - Erredakzioa 2021ko uzt. 1a, 10:41

Xabier Lertxundi alkatea, gaurko agerraldian.

Osasun Mahaia deitu zuten Hernanin gaurko, baina Osasun Sailaren aginduz, ez dira bertaratu herriko osasun zentroko ordezkariak. Neurriak hartuko ditu Udalak, «gure konpetentzien barruan»; eta baheketa masiboa egitea eskatu du.

Agerraldia egin berri du Xabier Lertxundik, Hernaniko alkateak, Osasun Mahaiaren bileraren ondoren. Atzo egin zuten deialdia, Hernaniko anbulatorioko arduradunekin adostuta; baina Osasun Sailaren aginduz, ez dira bertaratu osasun zentroko ordezkariak: «Osasun Mahaiak ibilbide luzea egin du, pandemiaren hasieratik. Egoera aztertu eta neurriak hartu ahal izateko, deialdia egin genuen atzo, anbulatorioko arduradunekin adostuta. Eta gerora jakin dugu, ez dutela baimenik izan gaurko bileran parte hartzeko. Harridura haundiarekin jaso dugu albiste hori, ez dugulako ulertzen zergatik ez duten baimenik izan, hilabetetako ibilbidea egin eta askotan bildu den mahai batean egoteko, Hernani bizitzen ari den egoera larri honetan. Saiatu gara Osasun Sailarekin harremanetan jartzen, azalpenen bat jasotzeko, baina ez dugu lortu. Oso baliotsuak izan dira Hernaniko Udalak eta anbulatorioak orain arte egin dituzten bilera horiek, eta berriro ere normaltasunez jarraitu nahiko genuke lanean elkarrekin», azaldu du alkateak.

Edonola ere, udal ordezkariak bildu dira gaur, «ikusten dugulako positibo kasuak kezkatzeko modukoak izaten ari direla, eta hainbat neurri hartu behar ditugula. Ez daukagu informazio zientifikorik, Osasun Sailetik ez baitugu informazio gehiago jaso publikoak diren datuetatik harago, positibo kopurua bakarrik. Baina gure konpetentzien barruan, neurriak hartzeko beharra ikusi dugu. Hortaz, erabaki dugu eremu gorrian izan ziren neurriak ezartzea udal eraikinetan, aforoei eta antolaketari dagokionez. Hori da legediak une honetan baimentzen duen bakarra, eta hala egingo dugu Udalaren zerbitzuetan».

Horrekin batera, udarako jardueretan ere hartu ditu neurriak Udalak: «ez dakigu baheketa masiborik egingo ote den Hernanin. Baina badauzkagu hainbat zerbitzu, herritarrekin interakzio haundia daukatenak: ikastaroak, udaleku irekiak... Eta beraz, Udalak antigeno proba egitea eskainiko die, horietan lan egingo dutenei», azaldu du Lertxundik.


Baheketa masiboa egiteko eskaera, Osasun Sailari

Horrekin batera, eskaera ere luzatu dio Osasun Sailari, baheketa masiboa egiteko: «guk dakigunez, fokoa ez dago identifikatuta, eta uste dugu baheketa masiboa beharrezkoa izango litzatekeela. Eta aurreko aldietan bezala, Udala prest egongo da, kasu horretan, bere bitarteko guztiak jartzeko, baheketa ondo joan dadin, eta kutsatze hauek murriztu eta egoera normalago batera bueltatzeko».

Herritarrei ere helarazi die mezua alkateak: «egoera larri batean gaude, eta ezin dugula ahaztu neurriak hartu behar ditugula».

Era berean, San Joanetan izan diren jende pilaketei ere egin die erreferentzia Lertxundik; baina azaldu du, ezin dutela ziurtatu hori izan denik arrazoia: «ez daukagu datu zehatzik, ziurtatzeko San Joanetako jende pilaketen ondorio izan dela positibo kopuruaren gorakada. Pentsatzen dugu rastreatzaileak eta Osasun Saila ariko direla horretan lanean. Azkeneko asteotan, eta ez San Joanetan bakarrik, lehenago baino jende gehiago pilatu da, beste fase batean sartzearekin batera. Eta horrek ez du lagundu, noski. Baina ezin dugu ziurtatu, hori izan denik arrazoia».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!