Osasun arloko Udal Mahaia gaur elkartuko da neurriak aztertzeko

Kronika - Erredakzioa 2021ko uzt. 1a, 00:00

52 positiborekin Euskadin atzo zenbatu ziren positiboen seirena, Hernanin zenbatu ziren.  Gaur erabakiko dira hartu beharreko neurriak.

Hernanin atzo Euskadin zenbatutako kutsatzeen seirenak, 52 positiborekin, zenbatu ziren; hori dela eta, Xabier Lertxundi alkateak osasun arloko Udal Mahaia deitu du gaur goizerako, egoera aztertzeko.


Hernanik ekainaren 23tik 27ra ospatu zituen San Joan jaiak, eta Udalak ekitaldi masiborik antolatu ez bazuen ere, herrian ohi baino jende gehiago izan zen, Udaleko iturriek jakitera eman dutenez.  Agerraldiaren jatorria zein izan zen jakin ez arren San Joanetan zabaldu da. 


Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ere ez zuen positibo horien inguruko xehetasunik eman, ezta adin talde jakin bati dagozkion ere.


Egoera gaur aztertuko du Osasun Mahaiak, eta alkateaz eta udal ordezkariez gain, Osakidetzako tokiko eta eskualdeko arduradunek ere parte hartuko dute. Oraingoz, udal agintariek nahiago dute «ezer ez menturatzea».


Hala ere, herriko tabernak eta Kaxkoko kaleak San Joan egunen bueltan jendez gainezka egon ziren eta herritarrak horren jakitun dira. Astelehen goizean hasi ziren positiboak etengabe ezagutzen eta astearteko txostenean 14 kasu baieztatu ziren. Atzoko olatu erraldoiaren edo tsunamiaren aurrekaria besterik ez zen izan. Gaurko datuak ere kezkatzekoak izan daitezke eta adi jarraitu beharko dira, ea tendentzia beheranzkoa den edo gauzak berdin jarraitzen duten. Oraingoz hainbat familia isolamenduan daude eta taberna eta establezimendu batzuk itxi egin behar izan dute.

Zonalde gorrira bete-betean
Hernani zonalde gorrira bete-betean sartu da 402,50eko intzidentzia-tasarekin, atzoko 52 positiboekin. Kasu berri horiek Gipuzkoako lurraldean asteartean diagnostikatu zituzten kasuen (132) % 40 dira. Inoiz ez zen horrelakorik gertatu lurraldean. 


Kutsatzeen igoerak bultzatuta, 100eko muga gainditu da Gipuzkoan, eta 100.000 biztanleko 106,60 kasuko intzidentzia metatu da 14 egunetan. Oro har, Gipuzkoa orain dela hamabi egun zuen egoerara itzuli da, baina orduko hartan joera beheranzkoa zen, eta, orain, ordea, txertaketak aurrera egin duen arren, kutsadura-tasak gora egin du, zalantzarik gabe.


Urkulluk uztailaren 7rako deitu du Labi batzordera eta indarrean diren neurrien eraginkortasuna aztertuko du Eusko Jaurlaritzak, araudia leundu edo gogortu behar den erabakitzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!