Martindegiko Senper Enea baserrian topatu zuten gizona, hilzorian

Kronika - Erredakzioa 2021ko api. 20a, 00:00
Senper Eneako zonalde honetan topatu zuten gizona, zintzilik, buruz behera.

40 urteko gizona ahoa estalita eta buruz behera topatu zuten. Larriki gaixo dago ospitalean, UCIn. Atxilotuak, epaiketaren zain.

Pasa den igandean hiru pertsona atxilotu zituzten Zikuñagan, 40 urteko gizon bat jipoitu eta hilzorian uzteagatik. Martindegi auzoko Senper Enea baserrian aurkitu zuten biktima, ahoa estalita eta buruz behera. Bizilagun batek jakitera eman duenez, baserria salgai dago eta «jende ugari» bertaratzen omen da etxea ikustera. «Agian, baserria ikustera etorri eta gizona topatuko zuten hemen», kontatu dio Kronikari. 

Ez da erraza Senper Eneara iristea, bidea nahiko kaxkarra delako eta ezin delako kotxearekin haraino igo. «Nere todoterrenoari ere kosta egiten zaio batzuetan», azaldu du bizilagunak. Hori horrela, delitugileek biktima oinez eraman zutelako susmoa dago. Horrekin batera,  azken egun hauetan nahasmena izan da, zauritutako gizona zein ingurutan aurkitu zutelako inork ondo ez zekielako.  Oialume Zar (Astigarraga) eta Oianume (Urnieta) sagardotegiekin izan da nahasketa, baina Martindegi auzoan izan da, Hernanin, Oialume Zarretik gertu.

Bestalde, baserria salgai dagoen arren, ingurua ez dago zainduta eta bertan dagoen guztia hankaz gora dago. «Duela urte batzuk jarri zuten salgai, aitona hil zenean, baina orain desastre egina dago. Jendea ikustera etortzen denean, berehala egiten du alde. Lehen, etxe-agentziako langileak etortzen ziren, baina orain, ordea, ez. Abandonatuta dago».

 

«Bizilagunak eman zidan abisua»

Senper Eneatik gertu baserri bat eta terreno batzuk ere badaude, eta bertako bizilagunak harritu egin ziren anbulantzia eta ertzainak hor ikusita. «Baratzean ari nintzen lanean eta soinu bat entzun nuen, baina ez nion garrantzirik eman», esan du bizilagunak. «Hala ere, hortik minutu gutxira, ondoko baserrikoak deitu zidan, ertzainak eta anbulantzia bertan zeudela esateko. Zerbait larria zela pentsatu nuen, halakorik ez baita hemen inoiz gertatu», aitortu du. «Jendea etxea ikustera etortzen da, eta alde egiten dute; hala ere, bada hemen geratzen denik ere, zerbeza latak ikusi izan ditugulako hemendik botata. Ni lehen askotan etortzen nintzen hona, animalian jana ematera eta baratzera, baina aspaldi honetan gutxiago etortzen naiz. Kasualitatea izan zen ni baratzean egotea».

 

Ertzaintzak ez du informazio gehiago eman

Biktima larriki gaixo dago ospitalean, UCIn. Delitugileak igandean atxilotu zituzten Zikuñagan. Denera, hiru izan dira: 51 eta 42 urteko bi gizon, eta 33 urteko emakume bat. Epaitzeko zain daude, ertzain-etxean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!