Erreportajeak

«Biharko ekitaldiarekin, jendeari gogorarazi nahi diogu zoritxarrez oraindik behar dela Korrika»

Kronika - Erredakzioa 2021ko mar. 27a, 00:00

Garazi Redondo Hernanialdeko AEKko irakaslea, Kronikarako elkarrizketan.

Pandemiarik egongo ez balitz, biharko egunean, ehundaka pertsona bilduko lirateke Korrikaren azken kilometroak egiteko. Hala ere, bihar Ave Maria parkean Korrika «gogoan izateko» ekitaldia antolatu da. Garazi Redondo Hernanialdeko AEKko irakasleak, Korrikaren egoera eta aurrera begira esku artean dituzten proiektuen berri eman dio Kronikari. 

Korrika ez da bere horretan egingo, atzeratu egingo da. Zer suposatzen du honek zu­entzat? Eta Euskerarentzat?  
Hasteko ekonomikoki zulo haundia suposatu du, eta suposatuko du. Diru sarrera gabe geldituko gara, eta oso garrantzitsua da hori guretzat. Bestalde,  Korrikak jende asko mugitzen du, bai eragileak, bai administrazioak, eta nola ez kaleko jendea. Urte honetan aukerarik ez dagoenez Korrika bere horretan egiteko, apur bat gehiago kostako zaigu euskera bera ateratzea kalera. Azkenean, Korrikaren helburuetako bat hori delako, euskera kalera ateratzea.
  
Hiru ardatz ditu sortu duzuen dinamikak, hauek azaltzerik bai? 

Bai, batetik, administrazio eta eragileei eragin nahi diegu apur bat, beraiek ekarpenak egin ditzaten, eta ez ekonomikoak bakarrik. Azkenean zulo ekonomiko haundia egiten da, baina era berean ez da ekonomikoki bakarrik behar Korrika, kalera ateratzeko beharra badagoelako. Aurtengo leloa gainera, lekukoa mingainean da. 

Beste ardatz nagusi bat, herritarretan zentratuta dago, izan eren, hauen bultzada nahiko genuke, horregatik da Bultza euskaltegia! Bultza euskara!. Guretzat herritarren bultzada hori oso garrantzitsua da. Denona behar dugu, eragileena ere, baina herritarrena behar-beharrezkoa dugu. 
Azkena, ekarpen ekonomikoa da, ekarpenak egin daitezke AEK.eus webgunean, eta aukera ematen du aukeratzeko zenbateko ekarpena egin nahi duzun. Alde hau ere oso garrantzitsua da, sostengu haundia baita AEKrentzat bi urtetik behin Korrika egitea. Lan haundia da, hori egia da, era berean, ekarpen haundia egiten digu ekonomikoki.   

Bihar zehazki, zer egingo da Ave Marian?

Euskal Herrian euskaraz abestia abestuko da, herri guztietan egingo da, beno hobe esanda, egingo den herri guztietan antolatu da. Horrez gain, AEKren mezua irakurriko da bihar, herri ezberdinetan hain justu. Herri bakoitzak zerbait berezia eskainiko du, hori bakoitzaren arabera izango da. Hernanikora animatu nahi ditugu herritarrak, eguraldi ederra egingo du gainera.

'Bultza euskaltegia! Bultza euskara!' kanpaina honen helburuak zeintzuk dira?

Kanpaina honekin lortu nahi dugu apur bat Korrikaren hutsune hori betetzea. Hala ere badakigu ezinezkoa dela, Korrika ordezkaezina baita, azkenean Korrikak egiten duena, ezin da edozergatik ordezkatu. Baina tira, gure asmoa da euskera bera kalera ateratzea, eta justu, igande honetan amaituko litzateke benetako Korrika. Hamar egun izan ohi dira, eta biharko egunarekin amaituko litzateke. Beraz aipatu moduan, gure xedea da euskera kalera ateratzea, presentzia ematea euskerari, jendeak ikusi dezala kalean dagoela, gu ere kalean gaudela, jarraitzen dugula lanean nahiz eta  aurten ezin izan dugun Korrika bere horretan egin. 

Orain arteko ekarpena 12.364 eurokoa izan da, zer iruditzen zaizue? 

Ba oso pozgarria da, zer esango dugu, ona da eta izugarrizko poza ematen du. Jendeak ekarpenak egitea oso ona da, 5 eurokoa bada ere, ekarpenak beti datoz oso ondo, eta asko eskertzen dugu. Jendeak badaki aurtengo egoeragatik ezingo dela Korrika egin, eta hala ere, inplikazioa dago, euskerarekiko inplikazioa, hain justu.  

Igandean, Ave Marian egingo den ekimena, esan daiteke Korrikaren ordez egingo duzuela? 

Bai, ekitaldi bat izango da non Korrika presente izatea nahi dugu, Korrika gogoan izan nahi dugu eta noski euskera. Horrez gain, jendeari gogorarazi nahi diogu, zoritxarrez, oraindik behar dela Korrika. Eguraldi ederra eman dute, beraz, Ave Marian egingo da ekitaldia, aire librean. 

'2021eko apirileko gutuna' helaraziko zaie administrazio nagusiei, zer dela eta? Zer kontatuko da gutun horretan, eta parte hartzea irekia da? 

Duela 55 urte, Ricardo Arregik gutunak bidali zituen, eta hortik sortu zen AEK edo helduen euskalduntze alfabetatzea. Erroa esan daiteke gutun horietan dagoela. Orduan oinarria hori izanik, aurten istorio hau aprobetxatuta eta horri begiratuta, pentsatu da apirilean Euskal Herriko administrazio nagusiei gutuna bidaltzea, datozen urteotan euskalduntze mugimenduak behar duena eskatuz eta galdetuz. Ez da parte hartzerik egongo, esan nahi dut, ez da gutun bat parte hartzea irekia duena, AEK euskaltegiak egingo du, eta Euskal Herriko administrazio nagusiei gutun bana helduko zaie, eta AEK euskaltegiak egingo du hori guztia. 

Korrikako furgoneta, ezinaguna da. Nola antolatzen zarete? Egunak gauak… bakoitzaren beharrak izango dituzue tarteko. 

Txandak egiten dira, gidariak daude, furgoneta barruan joaten direnak, furgoneta barruan hitz egiten dutenak... Beraz pertsona bat baino gehiago egoten da furgonetan, horrek laguntzen du. Ni ez naiz oraindik inoiz egon,  aurreko Korrikan justu nire lankidea joan zen furgonetan, Maddi. Beti dago norbait gidatzen, edo atzean, barruan, antolatzen... Jaitsi behar bada norbait zerbait esatera lekukoa daraman pertsonari, beti egongo da pertsonaren bat, eta gauez berdin. Furgonetak aldatu egiten dira, baina ez da momentu bat bera ere gelditzen.   

Korrika egunetan egunak oso ondo ikusten ditugu, baina gauak nolakoak izaten dira? 

Herriaren arabera izaten da, askotan herri haundi batetik pasatzen bada, seguruenik jendea gerturatuko dela eta Korrika egingo duela, Hernanin adibidez, gauean pasa izan denetan jende asko egoten da. 2019ko Korrika, gaueko ordu tixkietan pasa zen Hernanitik, 02:00ak aldera, eta jende mordoak hartu zuen parte. Orduan herri batzuetan gauez izatea abantaila bat izan daiteke, antolaketa aldetik behar bada ez, lan asko delako, baina parte hartzeari dagokionez, herri haundi batean, izugarrizkoa da. Aldiz herri txikiagoetan, nekezagoa da, parte hartzea azkenean ez da hain haundia, baina badago.  Beti dago norbait prest, egunez zein gauez, Korrikarekin bat egiten duena. Ez nuke jakingo esaten herri txiki batean, gertatu denik  baina esango nuke ez dela gertatu inor ez azaltzea, esan bezala jendea beti dago prest Korrikaren alde egiteko eta euskeraren alde, batik bat. Hemen, Hernaniren kasuan ez da arazo bat, jende asko baitago parte hartzeko prest, baina beste hainbat herri txikiagoetan ez dagoenez hainbeste jende, zailtasun gehiago dago kilometroak lotzeko, baina orain arte ikusi da lortu dela.  Horregatik da hain garrantzitsua jendeak ekarpenak egitea, herri txikietakoa konpentsatzeko nolabait. 

Beti dago norbait Korrika? Edo badaude hutsuneak? Nola egiten duzue hau? 

Bai, gezurra dirudi, azkenean 10 bat egun dira, non  furgoneta batek ibilbidea egiten duen eta jendeak furgoneta jarraitzen du... Batzuk ordu gutxi, beste batzuk ordu asko. Benetan ikusgarria da Korrikak lortu dezakeena, beno, euskeraren alde egiten dutenek lortu dezaketena.  

Babes ekonomikoaz gain, beste modu batera laguntzeko bideak ba al daude? Zeintzuk? 

Bai, noski, parte hartzeak asko balio du. Ave Mariara gerturatuz, jendeak asko lagundu dezake, honela elkarri babesa erakutsiko diogu, eta helburu nagusia da euskera normalizatzea eta euskera erabiltzea. Orduan horretan ere egin dezakegu ekarpena euskaldunak garenok, edo euskera hitz egiten dugunok. Azkenean, euskeraz hitz eginez, eta zure inguruan daudenek zure hizkuntzaz ikasten badute, asko lagunduko dio hori egin duenak Korrikari. Esan dezaket, gehiago lagundu dezakeela euskeraz hitz egiten duenak, ekarpen ekonomikoa egitea baino. Eta ez diot inolako garrantzia kendu nahi arlo ekonomikoari, baina azkenean gure xedea euskera normalizatzea eta erdigunean jartzea da, beraz, hori praktikan jartzen dutenak dira guretzat altxor preziatua.       

Herritar ugarik egin zuen bat 2019ko Korrikan. Ordu txikitan igaro bazen ere, herritarrek ez zuten hutsik egin, eta euskeraren aldeko makina bat kilometro egin zituzten.

Aurtengo erronka beraz, 'Lekukoa mingainean' izatea da ezta? Kontatu hau apur bat 

Esaldiak argi dio ezta? Aurtengo erronka euskera denon ahotan egotea da. Pandemiak galarazi egin du hain maitea dugun Korrika antolatzea, beraz zerbait egin behar genuen, hau gogoan izateko, eta lelo hori pentsatu zen. Lekukoa aurten ez denez eskutik eskura pasako, mingainetan behar du, euskerak behar duelako. 

Beti izan du Korrikak, nolabaiteko prestutasuna, euskera bultzatzen duen ekimen haundia delako… 

Betidanik erakarri du jendea Korrikak, jende askok hartu izan du parte eta oraindik asko daude parte hartzen dutenak, bai eragile zein herritarrek, argazkietan ikusi daiteke pankartaren atzean zenbat jende biltzen den, batez ere hiriburuetan, beste batzuetan ordu txikitan.... Garrantzitsua, eta pozgarria da ikustea milaka pertsona daudela honen atzean eta euskeraren aldeko apustua egiten. Horrek elkartu egiten gaitu, eta hemen ere, Hernanin, ikusten da Korrika pasatzen den gauean edo egunean jende ugari mugitzen dela, jendeak plana egiten du bertara joateko, eta urduritasuna ere nabaria da. Denok gaude eremu batean itxaroten, Korrika noiz pasako ote den, zain. Ni pertsonalki oso urduri jartzen naiz Korrikako egunean, zirraragarria baita. 

Aurrera begira, zer daukazue pentsatuta? Normaltasun berrira itzultzean, Korrika egiteko asmoa dago? 

AEKk oraindik ez daki noiz izango den posible Korrika antolatzea, hainbat agertoki posible ikusten ditugu baina zehatza eta finkoa, bat bera ere ez. Bizi dugun osasun alarma honek dena jarri du hankaz gora, eta oraindik ezjakintasunean gaude, ez baitakigu noiz itzuliko garen, normaltasun batera. Urte bete daramagu, baina horretan gabiltza, posibilitateak aztertzen eta lanketa egiten, ikusiko dugu egin daitekeen, baina argi daukaguna da oraindik beharrezkoa dela Korrika.  

 

Bultza Euskatelgia, bultza Euskara! 


Biharko eguna beti izan da seinalatua Euskal Herri osoan, izan ere, 10 bat egunetan, milaka pertsonek bat egiten dute euskeraren alde 'Korrika' egiteko. 
Tamalez aurtengo egoerak hala behartuta, urte honetan ez da Korrikarik egingo, baina Euskal Herriko AEKk, hainbat ekitaldi antolatu ditu, eta bihar egingo dira, «Korrika presente eta gogoan izan dezagun». 

Hori kontutan hartuz, Hernani eta Astigarragako AEKk ez dira atzean gelditu eta euskeraren aldeko apustua egin dute, horregatik bihar ekitaldiak egingo dira, bai Astigarragan zein Hernanin. 

Astigarraga eta Hernanin, euskeraren alde

Astigarragan eguerdiko 12:00etan hasiko da ekitaldia, Kontxa Etxeberria plazan, eta herritarrak animatu nahi izan dituzte ekimenean parte hartzera; «Egin bat ekimenarekin! Bultza Euskaltegiak! Bultza Euskara!». 

Hernanin ere bihar izango da ekitaldia, Ave Maria parkean, hain justu. 12:00etan emango zaio hasiera euskeraren aldeko ekimenari. 
Aurten, bultzada txiki bat nahi dute Euskal Herriko Euskaltegiek, datorren urteetako Korrikaren zain dauden bitartean, eta horretarako, Bultza euskaltegiak! Bultza euskara! izeneko dinamika honekin, euskalduntze mugimenduaren garrantzia plazaratu nahiko lukete. 

AEKren mezua zabalduko da lehenik, ondoren Euskal Herrian Euskaraz abestia kantatuko da, eta Bultza euskaltegiak bertso rapa ere aurkeztuko da. 

Ekarpenak AEKko webgunean egin daitezke 

Korrikarik egongo ez denez, zorpetze horri ere aurre egiteko, herritarren sostengua behar dute euskaltegiek: «Aurten bultzada txiki bat, eta hurrengo ikasturtean izango den Korrikak babes erraldoia jasoko duelakoan gaude, benetan behar dugu-eta».
Ekarpenak webgune honetan egin daitezke, hainbat eratan. Hau da esteka:  https://www.aek.eus/eu/bultza.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!