Martxan da AEKren 'Bultza euskaltegiak! Bultza euskara!' ekimena eta ekitaldiak antolatu dira

Kronika - Erredakzioa 2021ko mar. 21a, 00:00

Martxoaren 28an Urnietan, Astigarragan eta Hernanin, eguerdiko 12:00etan, ordu erdiko iraupeneko ekitaldi xumeak egingo dira.

Korrika atzeratzeak zuloa eragin du AEKren aurrekontuan, eta zorpetze horri aurre egiteko herritarren sostengua eta babesa bilatu nahi da. Aurten bultzada txiki bat nahi dute, datorren urteko Korrikaren zain. Horretarako, Bultza euskaltegiak! Bultza euskara! izeneko dinamika jarri dute martxan, euskalduntzearen garrantzia plazaratuz.

Hiru ardatz ditu dinamikak: administrazioari begira eragileen inplikazioa, ekitaldi xumeak Euskal Herriko hainbat tokitan eta egizu ekarpena.

 

Kontxa Etxeberria eta Ave Maria parkean, ekitaldiak

Martxoaren 28rako antolatu dira ekitaldi xume horiek eta Astigarragan eta Hernanin ere egingo dira Kontxa Etxeberria Plazan eta Ave Maria parkean. Urnietan Etxeberri plaza da aukeratutako lekua. 12:00etan hasiko dira eta ordu erdiko iraupena aurreikusten da.

AEKren mezua zabalduko da, ondoren Euskal Herrian Eus­ka­raz abestia kantatuko da eta Bultza euskaltegiak ber­tso-rapa aurkeztuko da.

 

Jendearen laguntzaren zain

Hurrengo ikasturtean izango den Korrikak «babes erraldoia jasoko duelakoan gaude, benetan behar dugu-eta», diote AEKtik, baina aurten ere babes ekonomikoa behar dute. Diru emaile guztiei Cultural Memoriesek AEK Korrikarako sortutako irudia bidaliko zaie e-postaz. 30 eurotik gorako ekarpenak eginez gero, posta arruntez ere bai.

Eragile ezberdinak kanpainan partehartzen ari dira eta euskaltegiak datozen egunetan horien berri emango du sare sozialetan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!