ARREMANITZ

Haurren sexualitateari buruz aritzeko, Tratu Onen Foroa bihar

Kronika - Erredakzioa 2020ko mai. 13a, 00:00

Nerea Sanchok gidatuko du, 18:00etan hasita online, eta izena eman behar da aurretik

Tratu Onen Foroa antolatu du biharko, Arremanitz kooperatibak. Zoom aplikazioaren bitartez egingo dute, online, eta Nerea Sancho Esnaola psikologo eta sexologoak gidatuko du. Haurren sexualitateari buruz ariko dira bertan, 18:00etatik 19:00etara.

Aurreneko ordu erdian, hitzaldia eskainiko du Sanchok; eta bigarrenean, bertaratuei egindako galderei erantzungo die berak. Galderak, modu anonimoan egiteko aukera ere izango da, aurreratu dutenez.


Parte hartzeko, izenematea
Saioan parte hartu ahal izateko, beharrezkoa izango da aldez aurretik izena ematea. Horretarako,  arremanitz.eus/kontaktua atalean sartu behar da, eta iruzkinean idatzi Hernani haurren sexualitateak. Bertan bota daitezke galdera anonimoak ere, eta behin bidalita, Zoom plataforman sartzeko esteka bidaliko diete bueltan. Hitzaldia hasi baino 10 minutu lehenago sartzea eskatu dute.

Haur Hezkuntzatik Lehen Hezkuntzako 3garren mailara bitarteko haurren gurasoei dago zuzenduta, bereziki. 

Erlazionatuak

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!