Haurren sexualitateak hitzaldia prestatu da ostegun arratsalderako. Foro hau, Arremanitzek prestatu du, hainbat elkarte eta udalekin batera, hala nola, Hernaniko Udala, Berdintasun Kontseilua, Plax, eta Tratu Onen herria.
Antolatzaileek azaldu dute, guresoek egunero zituzten «erronkak gutxi baziren, Koronabirusak muturreko egoerara ekarri dituzte, aukera eta zailtasunak biderkatuz». Horrekin batera gehitu dute, haurrekin elkarbizitza «intentsoagoa dela, partekatzen diren une bereziak gehiago direla, baina nekeak eta haserrealdiak ere».
Sexualitateak, etxeko giro ezberdinetan «ageriko» lekua har dezakeela ere jakinarazi dute, hala nola, «begi bistako esplorazioak, galdera deserosoak, mugikorraren bitartez sartzen diren edukiak. Agian kezkatzen gaituzten egoera indefinituekin ere topa gaitezke. Beste batzuk aukera polita ikusiko dute, haurren sexualitateei modu sano eta berritzaile batetik begiratzeko».
Hori guztia kontuan hartuta, irtenbide eta zaintza praktiko sorta eskainiko da ostegun arratsaldeko saioan, eta «elkarrekin bizi diren gurasoek bikote harreman intimoak zaintzeko eta bizi-pozari heltzeko, gako errealista eta egingarri batzuk eskainiko dira».
Aurrez izena eman behar da osteguneko hitzaldia ikusteko aukera izateko, esteka honetan sartuz: https://www.arremanitz.eus/kontaktua/ . Iruzkinean idatzi 'Hernani haurren sexualitateak', eta «bota galdera iruzkinetan! anonimoa da».
'Zoom' plataforman egingo da eta esteka izena eman ondoren pasako da.