Espainiako Errugbi Federazioak (FER) ostegun gauean eman zuen erabakiaren berri: 5 jardunaldiren faltan, Valladolideko VRAC taldea txapeldun izendatu eta Hernani-Atletico SS taldea mailaz jaitsiarazi du, «play-off batzuk ezabatuz eta besteak mantenduz. Ulertzen eta partekatzen ez dugun ebazpen eztabaidatsua da», azaldu du Hernaniko Errugbi Elkarteak, agindutako prentsa oharrean.
Gainontzeko Federazio eta Ligetan txapelketak bertan behera utzi dituztela gehitu du, «igoerarik eta jaitsierarik gabe». Gainera, «Hernani CRE mailaz jaistearen ondorioz, gure elkartekide den Atletico SS 23 urtez azpiko taldea ere txapelketatik at utzi» izana salatu du. «Play-out eta play-offak ezabatu ditu agendatik, antzeko egoera bizi duten taldeak kaltetuz eta bulegoetan hartutako erabaki zorrotz honekin zigortuz. Erabaki hau ez da kategoria eta Federazioak antolaturiko txapelketa guztietan irizpide berdinekin aplikatu, FERek izan duen objektibitate falta agerian utziz».
Hau guztia «izugarrizko errespetu falta» iruditu zaio klubari; «apalduta, lotsatuta eta ezer egin ezinik sentitzen gara». Dena den, «momentuz erabakia onartuko» duela argitu du, eta «maitasun eta eskertza» helarazi nahi izan dizkie babesle, afizio, jokalari eta langile guztiei. «Animo eta kemenarekin lanean jarrraituko dugu».