Duela zortzi urte, apirilaren 29an, poz malkoez bete ziren Hernaniko Errugbi Elkarteko jokalari, ordezkari eta zaleen masailak, Alcobendaseko Las Terrazas zelaian, Ohorezko Mailara bueltatzea lortu baitzuen, 25 urteren. Eta orain, zortzigarren urteurrena bete eta hurrengo egunean, negar malko bihurtu dira haiek. Ostegun gauean jaso zuen berri txarra talde trikoloreak, Madrilgo bulegoetatik: Hernanik maila galduko du, eta datorren urtean Ohorezko B Mailan lehiatu beharko da.
Horrela erabaki zuen Espainiako Errugbi Federazioaren Ordezkaritza Batzordeak, ostegun arratsalde-gauean, telematikoki egin zen bilera eta gero. Denboraldiari amaiera ematea erabaki zuen, sailkapenak geldialdiaren unean zeuden bezala mantenduz. Horren ondorioz, Hernani jaitsi egin da, Ohorezko Mailarako azken igoeraren zortzigarren urteurrena bete eta biharamunean. Egiari zor, hernaniarrek oso zaila zuten mailari eustea, bost partidu falta zirenean 15 puntuko desabantaila baitzuten azkenaurreko sailkatuarekin alderatuta.
Hala ere, Hernani Errugbi Elkartean mantentzen zuten esperantza mailari eusteko, azken asteetan hartu ziren erabaki batzuk ikusita, beste zenbait kiroletan eta Europa mailako beste txapelketa batzuetan.
«Suminduta eta harrituta gaude, baina kiroltasunez hartuko dugu erabakia»
Juan Rodriguezek, Hernaniko presidenteak, gauerdian jaso zuen jaitsieraren berri. «Kolpe haundia izan da. Harrituta eta suminduta hartu dugu erabakiaren berri. Europako Sei Nazioetako liga txapelketa denak bertan behera geratu dira, eta erabakia inor ez jaistea izan da. Hemen, berriz, erabaki desberdina hartu da».
«Eskerrak zaletu eta babesleei, jaso dugun babesagatik»
Nahiz eta min eman, Hernanik kiroltasunez hartuko du erabakia. «Zaletuei, herriari eta babesleei errespetua erakutsiz, burua tente dugula agurtuko dugu Ohorezko Maila. Galdetu dugu erabakia zilegia izan den, baina prentsa oharra bidaliko dugu azken urteetako ibilbidean jaso dugun babesa eta indarra eskertuz. Urte zoragarriak izan dira eta bagenekien lehenago edo beranduago etorriko zela. Zortzi urte egin ditugu, eta hori balentria da gu bezalako talde batentzat».
Titulua Valladolideko VRAC Quesos Entrepinaresentzat da, eta Ohorezko Mailako beste talde gipuzkoarrak, Ampo Ordiziak denboraldia laugarren postuan amaitu du. Azpitxapeldun, SilverStorm El Salvador geratu da, eta hirugarren Alcobendas.
Hernanik utziko duen hutsunea Getxok beteko du Ohorezko Mailan, bi urteren ostean. Ohorezko B Mailan hiru taldetan daude banatuta 36 talde. Getxok A Multzoan, eta Jaenek C Multzoan, puntu berberak lortu zituzten, baina andaluziarren aurretik geratu dira bizkaitarrak, aldeko puntu gehiago lortu dituztelako, 1015 bizkaitarrek eta 893 andaluziarrek. Andaluziarrek partidu bat gehiago irabazi zuten, baina hori ez dute kontutan hartu.
Datorren urtean hernaniarrek zazpi talde euskaldun izango dituzte aurrez aurre. Beraz hamabitik zortzi izango dira: Hernani, Universitario de Bilbo, Uribealdea, Bera Bera, Eibar, Gernika, Zarautz eta Gaztedi.