Urtarrilaren 23an aurkeztu zuten Hernanin, Mundu berri bat guztiontzat kantu eta bideoklip proiektua. Horrekin batera, Joxe Mari Auzmendi, joan den urtean hil zen Bizipoza taldearen sortzailea, omendu zuten Bizipoza elkartekoek.
Bertan izan ziren proiektuan parte hartu zuten artista asko, eta, ekitaldian, abestutako kantuak aurkeztu zituzten.
Proiektu hau Bizipoza taldeko 11 elkarterentzako ekoiztutako lana da, 34 euskal sortzaileekin elkarlanean egina, hain justu. 12 abestik osatzen dute lana eta 11 bideoklip ere badaude. Guzti hauek CD eta DVDan bilduta daude entzungai eta ikusgai.
Horrez gain, liburuxka formatuan eta elkarteen ilustrazio banarekin, bakoitzaren deskribapena, ipuintxoa (sarrera) eta abestien letrak topatu daitezke bertan.
Solanok gertutik bizi izan du proiektuaren lanketa, berak parte hartu baitu abeslari moduan eta bere esperientzia eta bizipenak kontatu ditu.
Nola sortu zen 'Mundu berri bat guztiontzat' proiektua aurrera emateko ideia?
Neri Bizipoza elkartekoek deitu eta beraien ideia azaldu zidaten. Haien ideia zen, letra pertsona batek egitea eta musika, aldiz, beste batek. Gero, abesteko artistei esan ziguten.
Proiektua hainbat elkarterentzako egina dago eta neri Bihotzez elkartea egokitu zidaten. Egia esan, lehenagotik hartu emana nuen haiekin, eta oso harro nago egindako lanaz.
Zein da proiektu honen helburua?
Elkarte hauek ez dira oso ezagunak eta jende askori galdetzen badiezu haiengatik, ez dute jakingo existitzen direnik ere. Horregatik, elkarte hauek ezagutarazi eta Euskal Herria barrena gehiago zabaltzea da helburua, haien problematika gizarteratuz.
Zer nolako esperientzia iruditu zaizu?
Neri asko gustatu zait. Egun bakarrean grabatu genuen dena eta, hain justu, letragile, musikagile eta elkarteko kideekin egin genuen bat. Egia esan, oso polita izan zen bertan dena elkartu eta nola bateratzen zen ikustea.
Dudarik gabe, horrelako proiektu baten parte izateko gonbita egiten badidate, berriz ere lanean jarriko naiz gustora. Gainera, horrelako proiektuetan askotan hartu dut parte, honetan ez bada, euskeraren alde edo presoen alde… Iruditzen zait, egin beharreko gauza bat dela, artistak garen aldetik.
Nolakoa izan zen haiekin lan egitea?
Bada, lehenagotik ezagutzen nuen, izan ere, nire lankide baten haurrak bihotzeko gaixotasuna du eta harekin hitz egin izan dut horri buruz. Nerea Ibarzabalekin lan egitea, berezia izan da. Nik uste dut, magia egin duela letran eta oso ondo azaltzen duela problematika. Bestalde, neri letra bidali zidan bezala, oso erraza izan zait berarekin lan egitea.
Zer sentitzen da, 'Mundu berri bat guztiontzat' bezalako proiektu baten parte izatean?
Izugarrizko ilusioa egiten dit nere lankidea elkarte horretan sartuta dagoelako eta uste dudalako ere, Bizipoza lan ederra egiten ari dela elkarte hauentzako. Honen parte izateak, zortedun sentitu arazi nau.
Proiektu honetatik ikasi dudan gauza berri bat da hiru bidetatik eginiko abestiak egin daitezkeela. Normalean, abesti bat eskatzen didatenean, (adibidez, Korrikakoa kilometrotakoa eta abar) beti nik egiten ditut Jon Garmendia, Txuriakekin batera. Kasu honetan, berria izan da niretzat abestia aurrera eramateko modua.
Joxe Mari Auzmendiri eginiko omenaldian zenbait artistak hartu zenuten parte, 34k… Zaila izan al zen aurrera eramatea?
Ez, ez zen batere zaila izan. Eskerrak eman behar zaizkio Xabi Zabalari, dena zuzendu duelako eta egia esan, oso erraza izan delako proiektua aurrera eramatea.
Betiere, hobe da zuzendari lanak norbaiti ematea, hainbeste artistak parte hartuzen duten proiektu batean erabaki gehiegi daudelako hartzeko.
'Orbainen azpian' kantuak zein gai jorratzen du eta zein elkarterentzat sortu da?
Orbainen azpian kantua, Bihotzez elkartearekin batera egin da. Elkarte honetan, bihotzeko gaixotasuna duten haurren gaia lantzen da, sortzetiko kardiopatia.
Normalean, haur hauek orbain bat edukitzen dute bihotzean eta horren azpian dagoena azaltzen du kantuak. Esaten dudan bezala, nere ustez, Nerea Ibarzabalek oso ongi jakin du gaixotasuna abestian txertatzen.
Zeinek eskatu zizun abestia egiteko? Elkarteak ala Bizipoza elkarteak?
Proiektuan parte hartzeko gonbita, Bizipoza elkartekoek egin zidaten, eta kasualitatez, aurretik lankidearekin hizketan aritu nintzen kantu bat egin behar genuela, Bihotzez elkarteko gazteentzako. Proiektu solidario haundi eta polita sortu dute.
Nolako emaitzak espero ziren? Lortu al dira hasiera batean ezarritako helburuak?
Ez dakit zehazki zein nolako emaitzak espero ziren. Nik, justu, egun horretan kontzertua nuen eta ezin izan nuen joan.
Baina, Bizipozakoekin hitz egin dut eta oso pozik daude, proiektuak hartu duen bideagatik eta hedabideek orain arte eman dioten babesagatik. Azkenean, batasun honek asko indartzen du egindako lana.
Orain 'Mundu berri bat' ekitaldia eta abestien aurkezpenak ari dira aurrera eramaten. Parte hartzen al duzue artistek ekitaldi hauetako batean?
Oraingoz, elkarteek bakarrik egiten dituzte ekitaldi eta abestien aurkezpenak. Hala ere, mahai gainean dugu denok batera egitea.
Baina, ikusiko da ea zer gertatzen den, pixkanaka joan behar gara. Azken finean, duela gutxi ateratako diskoa da, eta oraingoz, hedabideetako bidea ari da egiten. Bestela ere, abesti bakoitza bere bideokliparekin dator eta horrek ere, bidea asko zabaltzen dio.
Joan den urtean, disko berria atera zenuen zure arrebarekin batera eta trilogia osatu zenuen. Nolatan izan zenuen ideia hori?
2014an eta aurretik, diskoak ateratzen nituenetik, beti eskatu izan dizkit jendeak abestien partiturak. Egia esan, artistek ez dugu denbora nahikoa hartzen partiturak egiteko eta nik uste dut lan hori egitea beharrezkoa dela.
Gainera, musika eskoletan material faltan dabiltza eta hortik etorri zen pixka bat ideia. Kantu pila bat elkartu nituen eta liburua oso haundi eta garesti ateratzen zen. Horrexegatik, hiru zatitan banatzea bururatu zitzaidan, eta bide batez, merkeago ateratzen zen gazteek erosi zezaten.
Urtez urte aritu naiz diskoak ateratzen eta esan nuen, horietako bat berezia izango zela; justu, bigarrena, Ereñotzu izenekoa. Disko hori kantu berriez osatuta dago, eta gero, hirugarrena falta zitzaidan.
Hirugarrena, hasieratik atzeratu nuen urte pare batez; eta pandemia honekin, ez nuen aitzakiarik, etxean denbora dexente pasa baitut. Diskoaren barruan doana, opari gisa egin dut nire arrebarekin. Egia esan, liburua da oinarria, eta gero, barruan zortzi abestiko diskoa dago.
Pandemiak lan arloan arazoren bat ekarri al du zuretzat?
Bai, ni irakaslea naiz eta oso zaila egiten ari zaigu aurtengo urtea. Itota goaz, baina egia esan, Aste Santura iritsi gara eta nahiko ondo goaz. Espero dugu urtea ondo bukatzea.
Aldiz musikalki, jaitsiera nabaritu dugu. Adibidez, Esne Beltzarekin ez dut kontzerturik eman, gauzak dauden bezala ezin baita gauza haundirik egin. Hala ere, proiektu berri bat aurkeztekotan gaude eta asteburu honetan dugu lehen entsegua. Amak taldea gurekin jotzera etorriko da eta aurtengo udan eskainiko dugu kontzertua, dena ondo badoa.
Bestalde, Mundu berri bat guztiontzat proiektua pandemia garaian egin genuen. Hamar egun eman ziren eta elkarte bakoitzari bat esleitu zitzaion. Baina, aurretik, Xabi Zabala egun dexentez aritu zen han grabatzen musikariekin. Ni oroitzen naiz, arratsalde batean joan ginela ni, Nerea Ibarzabal eta elkartekoak, eta segituan egin genuela.
ORBAINEN AZPIAN
Jarri esku bat bularrean
sumatzen al duzu barnean
tximeleta bat?
Bi hego, mingain kiribil...
zure behatzei muxuka dabil
Mundu bat dut orbainen azpian
Lorez betetako zelai bat biontzat,
hauxe eskatzen dit nire bihotzak
Jarri burua bularrean
entzuten al duzu barnean
musikari bat?
Nota ozen, nota isil...
zuretzako vals jotzen dabil
Mundu bat dut orbainen azpian
Dantzatzeko pausu goxo bat biontzat,
hauxe eskatzen dit nire bihotzak
Jarri begiak bularrean
ikusten al duzu barnean
itsas-argi bat?
Orain urrun, orain hurbil
nire bidaia gidatzen dabil
Mundu bat dut orbainen azpian
Nik egunsentiak nahi ditut biontzat,
zer eskatzen dizu zure bihotzak?
Musika: Xabier Zabala
Hitzak: Nerea Ibarzabal
Ahotsa: Xabi Solano Maiza