Bizipoza elkarteak 'Mundu berri bat guztiontzat' albuma kaleratu zuen larunbatean Hernanin. Hamabi abestiz eta hamaika bideoklipez osatutako albumean orotara 34 sortzailek eta 11 elkartek parte-hartu dute. CD-DVD formatu fisikoaz gain, Eñaut Aiartzaguenak burututako ilustrazio bana, ipuintxoa (sarrera) eta abestien letrak kontsultatzeko liburuxka ere egongo dira erosgai.
Egitasmoak elkarteen errealitate ezberdinak ikusarazi eta aditzera ematea du xede. Bizipoza osatzen duten elkarteek euren egunerokotasunean jorratzen dituzten gaiak eta haien errealitatea aintzat hartzen dira abestiotan, 35 elkarteen mezua, musika, hitza eta irudiaren bitartez gizarteratzeko helburu izan dutenak, alegia.
Xabier Zabalak konposatu ditu hamabi abestiak. Azken kanta, hamabigarrena, Joxe Mari Auzmendiren omenez sortu dute, Hik Hasiko heziketa egitasmoko kidea eta Bizipozak taldearen sortzailea pasa den urtean hil baitzen. Hori dela medio, berak konposatutako letrarekin ekoitzi dute abesti hau.
Xabier Lertxundik, Hernaniko alkateak, gereziondo bat jaso zuen herriko haurrekin batera, txoko kuttun batean landatzeko. Joxe Mari eta joandako guztiak gogora ekartzeko.
Aurkezle lanak, Joxe Mari Agirretxe eta Amaia Elizondo! Katxiporreta eta Gipuzkoako Kirol Egokitua elkarteetako eta Bizipozako talde eragileko lagunak egin zuten.
Xabi Solano eta Maite Larburu hernaniarrak, bertan
Euskal artisten multzo horren barruan hainbat izen esanguratsu daude, hala nola, Xabi Solano, Maite Larburu, Aiora Renteria, Eñaut Elorrieta, Miren Narbaiza edota Aitor Gorosabel abeslari eta musikariak, Amets eta Maddalen Arzallus, Miren Amuriza, Unai Iturriaga eta Arkaitz Estiballes bertsolariak, Leire Bilbao idazlea edota Itziar Ituño aktorea besteak beste.
Bizipoza irabazi asmorik gabeko gizartegintza proiektua da, izaera bereziko gaiak lantzen dituzten haur eta familien ongizatea helburu duten elkarteei laguntza afektiboa eta materiala eskaintzea duena erronkatzat. Hori dela bide, erakundea osatzen duten elkarte, haur eta familia hauek transmititzen dituzten baloreak jasoaz aberastu, eta gizarteratzea bilatzen dute eragileek.