«Zer gertatuko litzateke, Tilosetako tiloak moztu eta eukaliptoak landatuko bagenitu bertan?»

Kronika - Erredakzioa 2021ko urt. 16a, 00:00

Eukaliptoaren ondorio kaltegarriak eta Urumea bailaran duten eragina jarri dute mahai gainean, azkeneko asteotan, Iñaki Sanz-Azkuek eta Arturo Elosegik. Gaiarekin kezkatuta agertu dira biak, eta harrituta, herritarren artean «mugimendu gutxi eta ixiltasuna» dagoelako.

Aspaldi ez bezala entzun da Urumea bailaran, azkeneko hilabeteotan, eukaliptoaren gaia. Izan ere, beraiek daukaten kezka mahai gainean jarri eta eztabaidaren erdigunera ekarri nahi izan dute Iñaki Sanz-Azkue biologo hernaniarrak, eta Arturo Elosegi Landare-Biologia eta Ekologia katedradunak. Horretarako eskaini dituzte bi hitzaldi, Hernaniko Udalak eta Ereñotzuko Auzo Udalak antolatuta, eukaliptoak ingurumenean oro har, eta Urumea bailaran zehazki, duen eraginaren inguruan.

Kezka hori, ordea, ez dute ikusi herritar gehienek konpartitzen dutenik. «Mugimendu gutxi eta ixiltasuna» nabaritu dute hemen: «beste herri batzuetan, asko mugitu dira udalak, herritarrak eta elkarteak. Herri mugimenduak sortu dira, eta eskatu zaio Udalari zerbait egiteko. Hernanin, ordea, ez da horrelakorik gertatu, eta horrek hausnarketa bat ekarri beharko liguke. Zer gertatuko litzateke, Tilosetako tiloak moztu eta eukaliptoak landatuko bagenitu bertan? Herri guztia aztoratuko litzateke. Baina biodibertsitatearen aldetik, garrantzia gehiago daukate Tilosetako tiloek, oraintxe urtero mozten ari diren 70 hektareak baino?», nabarmendu du Sanz-Azkuek.


13-15 urtetik behin mozten da eukaliptoa, eta horretarako, pista berriak irekitzen dituzte, makina pisutsuak sartzeko.

Lur pribatu asko izatea, eukaliptoaren sarbidea

Ez da Tiloseta, ordea, eukalipto landaketen eremu izaten ari dena: Onddi mendiaren eta Aranoren arteko ingurunean ari dira eukaliptoa landatzen, batez ere. «Basogintza jarduera haundiena, historikoki, bertan egin da, lur pribatu asko dagoelako hor. Garai batean, zilegi mendiak izan ziren, eta XIX. mendearen erdialdera; lurrak kenduko zizkieten beldurrez, inguru horietako lurrak banatu zituzten izugarri partzela pilatan. Beraz, lur jabe pribatu txiki asko egon dira. Baina azkeneko urteotan, lur jabe txiki horietako batzuei, enpresa batzuek erosi dizkiete beraien partzelak, eta lursail haundiagoak kudeatuta, ari dira monokultiboa aldatzen. Pinua zegoen lehen, eta orain eukaliptoaren aldeko apustua egin dute gehienek», dio biologoak.

Egoera hori oso ezberdina da Goizueta eta Aranoko lurretan: «herri lurrak askoz ere gehiago dira, eta basogintzak beste kultura bat dauka han. Eukaliptoaren aldeko apusturik ez dute egin. Goizuetak, adibidez, pinudi asko zeuzkan herri lurretan, eta pinuen gaitzak etorri direnean, erabaki dute bertako espezieak landatzea. Lur pribatuak direnean, asko aldatu daiteke zer egiten den, jabearen helburu eta ikuspegien arabera», azaldu du Arturo Elosegik.

Horrela, elkarrekin muga egiten dute, kontraste haundiko eremuek: «Hernani eta Ereñotzu dauzkagu, lur pribatu askorekin; eta ondo-ondoan Arano, juxtu alderantziz, gehiena herri lurra daukana», nabarmendu du Iñaki Sanz-Azkuek.

Kontraste hori bera, lurraldeetara ere zabaltzen da: Nafarroan eta Araban, herri lurrak dira gehienak, eta eukaliptorik ez da landatzen ia; eta Bizkaian eta Gipuzkoan, aldiz, lur pribatu asko dago, eta eukaliptoa ere, gero eta gehiago. «Gainera, hasten zarenean basogintza mota hori egiten, gizartea ohitu egiten da paisaia horretara. Bizkaiako kostan, dena eukaliptoz beteta dago, Galizian bezala; eta jendeari polita iruditzen zaio. Hori bera planteatuko bagenu Baztanen edo Ipar Euskal Herrian, irudituko litzaieke penagarria. Beraz, lurraren jabegoak eragiten du, baina pertzepzio sozialak ere bai», dio Elosegik.

Biodibertsitate haundiko eremua, eukaliptoaren eraginpean

Pertzepzioak pertzepzio, biodibertsitate haundiko eremua da, Urumea bailaran, eukaliptoaren landaketak jasotzen ari dena. Olazarretik Azketa mendiaren ingurura dijoan bailara da, Kartola, Usoko eta Sagarreta errekek osatzen dutena. «Eremu hori ez dago babestuta, parke natural edo kontserbazio bereziko eremu gisa. Baina bere biodibertsitatea da babestutako eremuek dutenaren adinakoa, eta kasu batzuetan, haundiagoa. Beraz, arrazoi asko egongo lirateke bailara hori babesteko, bere aberastasunagatik. Bertan ematen diren baldintzak ez dira arruntak, eta horrek eragiten du, oso leku berezia izatea. Bertan dauden espezie batzuk, ez ditugu aurkituko Gipuzkoako beste eremu batzuetan», dio Sanz-Azkuek.

Gipuzkoako Foru Aldundiak dauka basoak kudeatzeko eskumena, eta Hernani eta Ereñotzuko lurretan zenbat eukalipto dagoen, datu ofizialik ez dago: «urte bukaeran ematen dituzte, baina datu orokorrak dira; ez dira zehatzak, ortofotoekin kalkulatzen baitituzte». 2019ko datuen arabera, 151,278 hektarea eukalipto zeuden Hernanin, guztiak Ereñotzuko lurretan. «2020an ez dago daturik, baina kalkulatzen da, 70 hektarea eukalipto gehiago landatu direla. Beraz, urte bakarrean landatu da, aurreko urteetan landatutako guztiaren erdia adina», ohartarazi du biologo hernaniarrak.


Iñaki Sanz-Azkue eta Arturo Elosegi, abenduan Hernaniko Biteri kultur etxean eskaini zuten hitzaldian.

«Eukaliptoaren eragin kaltegarriak zientifikoki demostratuta daude»

2019an eskatu zuen txosten bat, Eusko Jaurlaritzako Natura Ondarea eta Klima Aldaketako zuzendariak, eukaliptoaren eragin kaltegarrien inguruan; eta ikerlari talde batek osatu zuen, Arturo Elosegi bera buru zela. «Hainbat lan egin ditugu ikerketa taldean, baina baita ere, berrikusi ditugu horren inguruan argitaratuta dauden lanak. Eta harrituta geratu gara, pentsatzen genuena baino antzekotasun gehiago daudelako, ikerlariek lortutako emaitzetan, toki ezberdinetan», azaldu du Elosegik.

Horrela, ikusi dute ibaiaren hidromorfologia aldatzen duela eukaliptoak: hazkuntza azkarreko espeziea denez, ur kantitate haundia behar du, eta ur hori ez da errekara iritsiko. Hori horrela, lehorteak eragiten ditu. «Eta hori aldatzen den momentutik, errekako eta bailarako espezie askoren biodibertsitatean sekulako aldaketak daude, kasu honetan kalterako».

Hazkuntza azkarreko espeziea izanik, maizago egiten dira mozketak ere, «pistak irekiz eta pisu haundiko makinak sartuz». Eta Urumea bailara oso malkartsua denez (%100era iristen diren maldekin), eta euri-tasa oso nabarmena, higadura haundia sortzen da, lurra erortzen delako. «Lur hori errekara doa, sedimentazioak sortuz. Eta hori errekaren kalterako da, bertan dauden ornogabe askok eta bestelako espezieek behar dituztelako erreka oxigenatuak», azaldu du Sanz-Azkuek. Sedimentu hori, gainera, errekan behera joaten da, eta pilatzen da erreka edo ibaia geldoago dauden tokietan, «Karabelen adibidez. Hain justu, uholdeak daudenean dena zikina dagoela kexatzen garen toki horietan. Baina arazoa goran hasten da, goiko erreketan. Soluzio errazetara jotzen dugu, eta eskabadora sartu, sedimentua kentzeko. Baina hori tirita bat jartzea da; hasi gaitezen arazoak goran konpontzen».

Eta hirugarren kalte nagusia dira, eukaliptoaren hostoek dituzten substantziak. Horiek eragozten dute, batetik, beste landareak haztea bertan, eta beraz, landare berririk ez da ateratzen. Bestetik, iragazgaitzagoa egiten dute lurra, ura pasatzea zailduz, eta errekara iristea oztopatuz. Eta azkenik, eragina daukate inguruko putzuetan. «Konprobatu da, bertako anfibioen eta bestelako espezieen kopurua asko gutxitzen dela, kalte egiten dietelako substantzia horiek. Putzuetan sartzen direnean, anfibioek daukaten azal finagatik, gorputzean sartzen zaizkie, eta kalte haundiak eragiten dizkiete», diote. 

Anfibioetan eta putzuetako espezieetan, bakarrik ez, eragin kaltegarria daukate eukaliptoek, hegazti, landare, onddo, liken, arrain zein ornogabeetan ere. Bertako basoen aldean, eukaliptadietan murriztu egiten da guzti horien kopurua, dibertsitatea, tamaina...

«Horiek guztiak zientifikoki demostratuta daude, ez gara oinarririk gabe hitz egiten ari. Eta ikerketa zientifikoek ematen dituzten emaitzak dira oso oso argigarriak. Oso garbi esaten dute, zein kalte sortzen dituen eukaliptoak biodibertsitatean. Eta une honetan, biodibertsitatea da mundu mailan, klima aldaketarekin batera, dagoen erronka nagusia. Izan ere, bizi duguna bezalako pandemiek, lotura zuzena daukate biodibertsitatearekin», azaldu dute.

Azkeneko urteetako ikerketek nabarmendu dute, biodibertsitatea «barrera antzeko bat» dela, pandemiak sortzerakoan. «Birusak hor daude, askotan basoko eremu batzuetan, non gizakiak kontaktu gutxi izan duen birus horiekin. Eta horiek atera eta zabaltzea askoz ere zailagoa da. Baina biodibertsitatea kaltetzen joan garen heinean, gizakia hasi da kontaktu gehiago izaten eremu horiekin, animaliekin, eta birusekin. Eta transmisioa asko ari da errazten. Ikerketa horiek diote, pandemia gutxiago izan nahi baditugu, ekonomikoki inbertitu behar dugula biodibertsitatean. Kontua da, gaur egungo gizartean ez ditugula ikusten epe luzerako inbertsioak; momentukoa besterik ez».

«Ikerketa zientifikoek oso garbi esaten dute, zein kalte sortzen dituen eukaliptoak biodibertsitatean. Eta une honetan, mundu mailan dagoen erronka nagusia da biodibertsitatea, klima aldaketarekin batera»


Eukalipto berriak aurrean eta zaharragoak atzean, Sagarreta errekaren inguruan. 2020ko azarokoa da argazkia.

Landaketen aurrean babesgabe, Kartola bailara

Kalte horiek jasaten ditu Kartola bailarak gaur egun, Elosegik eta Sanz-Azkuek nabarmendu dutenez. Eta horien aurrean babesgabe dago, babestutako eremua ez izanagatik: «hemen daukagu Aiako Harria parke naturala, Hernani eta Ereñotzuko zati bat hartzen duena; eta Urumea bailarako beste zati bat ere, kontserbazio bereziko eremu izendatu zuten. Baina Kartola eta Usoko erreka ingurua ez, nahiz eta haiek adinako aberastasuna izan. «Kartola eta Usoko erreka ingurua kontserbazio bereziko eremu izendatzeak, lagunduko luke, batetik, baloratzen herri mailan. Eta bestetik, horrek legedia bat dauka atzetik, eta zaildu egingo luke, biodibertsitateari kalte egitea. Gainera, eremu babestu bilakatuko balitz, lotuko lituzke Aiako Harria eta Leitzaran, eta babestutako eremuen arteko zubilana egingo luke. Eta azkenik, dago dirulaguntzen kontua. Izan ere, gaur egun ematen diren laguntzetan, baloratzen da ekintzak egitea parke naturaletan edo kontserbazio bereziko eremuetan. Eta horrek, nahi gabe, ekartzen du ekintzak bideratzea babestutako eremuetara, eta baztertuta uztea beste eremuak», azaldu du biologo hernaniarrak.

Kartola eta Usoko ingurua babestutako eremu izendatzea eskatu zuen Haritzalde elkarteak, eta hortik denbora batera, orain dela 10 bat urte, Iñaki Sanz-Azkuek berak jaso zuen Jaurlaritzaren deia, eremu horietako espezie mehatxatuei buruzko informazioa eskatzeko, «ari zirelako planteatzen babestutako eremuak zabaltzea, eta hori barnean hartzea. Neuzkan datuak eman nizkien, baina gobernu aldaketa izan zen, eta plan horiek guztiak alde batera geratu ziren».

Eukaliptoa landare inbaditzaileen zerrendan sartzeko eskaera ere, alde batera geratu da. «Inbaditzaile izendatzeko hiru baldintzak betetzen zituen, baina orduan, laugarren bat jarri zuten: onura ekonomikoak ekartzen baditu, ezin da inbaditzaile izendatu. Eta horregatik ez da inbaditzailea eukaliptoa», azaldu du Arturo Elosegik. Horrek suposatuko luke, ezin dela eukaliptoa landatu: «hori litzateke konponbiderik eraginkorrena, baina oso zaila da, interes politikorik ez dagoelako une honetan», nabarmendu du Sanz-Azkuek.

«Hernaniko eta Ereñotzuko landaketa guztiak eukalipto bilakatuz gero, bertako jardina den eremu hori, oso toki aberatsa, pasako litzateke izatera oso eremu pobrea»

1.700 hektarea landaketa, eta 900 bertako basoa

Horregatik, Kartola eta Usoko babestuta ez daudela eta, eukalipto landaketen gorakadarekin kezka azaldu du hernaniarrak. Izan ere, Hernanin eta Ereñotzun 1.700 hektarea landaketa daude; ekonomikoki ustiatuko diren eremuak, alegia. Baso naturala edo bertako basoa, 900 hektarea bakarrik dira. «Eta zer gertatuko da 1.700 hektarea horiekin? Horiek denak eukalipto bilakatuko dira?».

Hala gertatuz gero, Elosegik dio bailaran aldaketa haundia izango litzatekela: «Hernaniko jardina dena, oso toki aberatsa, pasako litzateke izatera oso eremu pobrea».

Orain, landaketa horietan dago, batetik, bertako pinua«- garai batean aldatu zena, eta banda marroiak gogor jo diona. Oso momentu onean zegoen basoa, pinu zaharraren azpitik bertako basoa zetorrelako. Eta horrek sekulako indarra dauka, biodibertsitatearen aldetik. Baina pinu jabe askok, erabaki dute eukaliptoa landatzea eremu horietan. Pinuaren azpitik, berez sortzen da baso naturala; baina eukaliptoaren azpitik ez da ezer sortzen», azaldu dute.

Pinuaz gain, alertzea, haritz amerikanoa edota akazia daude gehien. Jabearen helburuen araberakoa izaten da, zer landatu. «Eukaliptoak ematen dizuna da, urte gutxitan diru kopuru bat. Gaztaina edukiko bazenu, edo haritz amerikanoa, emango dizu beste erabilera baterako egurra, baina denbora gehiago itxaron beharko duzu. Badago jendea, epe laburrera dirurik ez eman arren, pentsatzen duena urte batzuetara diru gehiago lortuko duela, eta nahiago duena eukaliptoa ez den beste zerbait landatu», dio Iñaki Sanz-Azkuek. Izan ere, «13-15 urtera mozten da eukaliptoa, 35-40 urtera pinua, eta 100 urtera pagoa», Arturo Elosegik nabarmendu duenez. «Eta pentsatzen dugu bakarrik momentukoan».

Baina ikuspegia ere, zabaldu egin behar dela dio Elosegik: «egurrean bakarrik pentsatzen badugu, eukaliptoak eman dezake dirua gaur egun. Baina basoa ez da bakarrik egurra. Eta Aiako Harria parke naturalak, adibidez, 200 aldiz diru gehiago ematen du uretan, egurretan baino. Beraz, jabetzak eragin haundia dauka horretan. Lurrak herriarenak badira, pentsatzen duzu herriari zer komeni zaion gehiago. Baina baldin badaukazu hektarea bat baso Añarben, zer inporta zaizu zenbat diru ematen duen Añarbek uretan?».


Eukalipto mozketa bat, Azketa errekaren inguruan. 2007 urtekoa da argazkia.

«Arazoa konpontzeko aurreneko pausoa da ez ukatzea arazoa dagoela»

Egoera horren aurrean, arazoaren konponbidea maila desberdinetan etorri behar dela uste du Elosegik, instituzioek zein herritarrek dutelako zer egina horretan; baina aurreneko pausoa da, «egiaz ohartzea, arazoa hor dagoela. Hori ukatzeak ez dio inori mesede egiten. Badakigu eukaliptoa zenbat eta gehiago hedatu, biodibertsitateak gero eta gehiago egingo duela behera. Iruditzen zait eukaliptoa landatzeko beharrik ez dagoela. Baserritar batek esan dezake, bere lurrak ez duela ezer ematen, eta horrelakoak gertatzen dira. Baina gaur egun dago joera bat, oso kezkagarria: enpresa haundiei saltzea lurrak, baserritarrek. Eta enpresa horietako batzuk kanpokoak dira; esate baterako, Kantabriatik ari dira lur asko erosten. Eta lur horrengatik emango didaten diruagatik, merezi dit lur horren kontrola galtzea? Enpresa bat datorrenean, eta lur horietan nahi duena egiten duenean, ez du pentsatzen iturrietan, ez zure etxe inguruetan. Beraz, kontutan hartu behar dira beste elementu horiek, garrantzitsuak direnak baserritarrarentzat. Iturria agortzen bada, baserritarrarentzat izango da kaltea».

Horren aurrean, udalek ere zeresana badutela uste du Elosegik: «basoa landatzea garestia da. Ba agian, Udalak lagundu beharko lieke lur jabe txikiei. Garrantzia ematen badio Kartola inguruan bertako basoa landatzeari, ordaindu diezaioke lur jabeari, pinua ez landatzeagatik galduko duen diruaren zati bat. Horrelako formulak erabili daitezke. Bilatu behar da denentzako onuragarria den zerbait».

Eta hain justu, onurei dagokienean, «istorio faltsu bat» sortzen ari garela adierazi du Elosegik berak: «askotan esaten da, pinuak zenbat lagundu dion baserritarrari, eta eukaliptoa ere baserritarrentzat ezinbestekoa dela. Baina eukaliptoa sartzen ari dira, baserritarrek utzita dauzkaten lurretan, abandonatutako baserrietan. Baserriak martxan daudenean, lur horiek erabiltzen dituzte, belarretarako eta. Egongo dira eukaliptoa sartzen duten baserritarrak; baina askotan ez dira baserritarrak, eukaliptoa sartzen dutenak».

«Udalek kontrolatu behar dute, herriko lurretan zer geratzen den. Lurrak pribatuak izan daitezke, baina errekak denonak dira, eta bertan sortzen diren kalteak denontzako dira»

«Jendea kezkatzen hasten bada, gaia politikoki ere mugitzen hasiko da, eta orduan hasiko da zabaltzen»

Instituzioei eta herritarrei egin die erreferentzia Iñaki Sanz-Azkuek ere, konponbidea bilatzeko iturburuan. Herritarren artean mugimendurik ez izateak sortu dion harridurari, naturarekiko urruntasunean bilatu dio azalpena: «arrazoietako bat izan daiteke urruti geratzen zaigula natura. Ereñotzun izan da mugimendu gehiago, baina Hernani oso urbanoa da, eta une honetan, Urumea baino, Donostia da erreferentzia. Pandemiaren kontuarekin, agian gehiago hasi gara ezagutzen inguruko basoak, baina ez dakit zenbateraino garen kontziente, zer ari den gertatzen. Pixka bat ezkutuan geratzen da, eta ez bazoaz Ereñotzu edo Arano aldera, eta ez bazara bailara horietan sartzen, ez duzu ikusten. Eta ikusten ez duzunean, beti da zailagoa erreakzionatzen».

Ikusi nahiko luke mugimendua herritarren artean, Tilosetako tiloak eukaliptoarekin ordezkatzeko zain geratu gabe. «Beste herri batzuetan egon dira herri mugimenduak, eta eskatu diete udalei zerbait egiteko. Hausnartu egin beharko genuke. Ezagutzen dugu benetan herrian daukaguna? Inporta zaigu? Zer nolako kudeaketa nahi dugu herri mailan?».

Eukaliptoaren kalteen berri, behintzat, gero eta gehiago zabaltzen ari dela uste du: «baina gai politiko bezala tratatzen ez den bitartean, gutxi aterako da prentsan. Eta prentsan ateratzen denean hasiko gara ezagutzen. Kontua da, politikoki ez dela aurreneko lerrora eraman oraindik, eta horretarako, uste dut herritik etorri behar duela kezkak. Zirkulu antzeko bat da; herria mugitzen hasten denean, udala ere mugitzen hasiko da, eta jende gehiagok izango du horren berri. Jendea kezkatzen bada, politikoki mugitzen hasiko da gaia. Eta orain daukagu pausoak eman beharra».

Edonola ere, herri mugimenduen zain egon gabe, udalek eta instituzioek badaukate zeregina, hernaniarraren ustez. Gipuzkoako Foru Aldundiarena da basogintza kudeatzeko eskumena, baina udalek ere, badaukate paper bat jokatzeko: «aurrena, aztertu behar dute nola dagoen egoera. Eta ondoren, ezinbestekoa da lurrak erostea. Herri lurrak direnean, udaletxeak kudeatzen ditu. Eta duela 10 urte hasi bagina lurrak erosten, diru gehiago zegoenean, askoz ere errazagoa izango zen. Orain ez gaude momentu onenean ekonomikoki; baina egia da, era berean, enpresa batzuk oso merke ari direla lurrak erosten, Bizkaian adibidez».

«Beste herri batzuetan egon dira herri mugimenduak, eta eskatu diete udalei zerbait egiteko. Hausnartu beharko genuke. Ezagutzen dugu benetan herrian daukaguna? Inporta zaigu?»

Lurrak erostetik harago, gainera, beren postura adierazteko deia luzatu die biologoak: «kezka baldin badaukate, behintzat azaldu egin beharko lukete. Eta horrek ere eragiten du jendearengan. Postura bat hartu dezatela, eta ez ixilik geratu». Eta herriko lurretan zer gertatzen den kontrolatzea ere, ezinbestekoa iruditzen zaio: «jakin behar dute zer landatu den, zein eremutan, zein espezie dauden hor, zein kalte eragin dezakeen... Izan ere, lurrak pribatuak izan daitezke, baina errekak denonak dira, eta bertan sortzen diren kalteak denontzako dira».

«Eukaliptoaren gaia serioa da, eta gustatuko litzaidake seriotasunez hartzea»

Horregatik, eukaliptoaren eraginari garrantzia emateko deia luzatu du Sanz-Azkuek: «kontu serioa da eukaliptoaren gaia, eta gustatuko litzaidake seriotasunez hartzea. Datu zientifikoak dauzkagu, eta badakigu zer dagoen. Baina ez instituzioek eskatu dizkigutelako, baizik eta gu joan garelako instituzioetara, eskatzen ikerketa horiek egitea. Orain dela 10 urte, joan ginen proposamen batekin. Eta ordutik, ikerketa asko egin ditugu, asko muxutruk eta beste batzuk ordainduta. Ikerketak bultzatzea oso garrantzitsua da, herri mailan bada ere. Gero horrelako kontuak etortzen zaizkigu, eta ez dakigu zer daukagun ere. Eta orduan, ezin duzu egoki antolatu eta kudeatu».

Bihar arte itxaron gabe, gaur martxan jartzeko deia luzatu dute: «oso momentu kritikoan gaude, sekulako abiaduran ari direlako ugaritzen eukalipto landaketak, oso eremu txarretan, eta bertan zein espezie dauden jakin gabe».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!