Konfinamendu garaian egin zuen salaketa Haritzalde elkarteak, Kartola inguruan egiten ari ziren eukalipto landaketen inguruan; eta hori izan zen, Ereñotzun, gaiarekiko interesa edota kezka agerian jarri zuena, Unai Erroitzenea alkateak azaldu duenez: «ordura arte, egia da auzotarren eta inguruko herritarren artean azaltzen zela kezka, duela urte batzutatik, bereziki azkeneko urteotan asko ari zelako ugaritzen eukaliptoaren landaketa. Auzo Udala ez da sartu izan orain arte, basoen kudeaketa ez delako bere eskumenekoa. Baina sentitu genuen gure kezka azaleratzeko beharra. Kartola inguru hori, oso eremu garrantzitsua da Ereñotzuko lurretan. Hernanitik oso aparte geratzen da, baina ondare natural oso garrantzitsuko gunea da. Eta landaketa hain haundiak sartzeak, kezka sortu digu, gure etorkizuna baldintzatu dezakeelako», azaldu du alkateak.
Horregatik, ostegunean Iñaki Sanz-Azkuek eta Arturo Elosegik eskainitako hitzaldia jarri zuten abiapuntu, jendearekin kezka hori konpartitzeko. «Ez bazaude gaian oso murgilduta, edo oso sentsibilizatuta, ez zara oso kontziente, horrek zer suposatu dezakeen. Auzotarren artean ere, batzuek gehiago ezagutzen dugun gaia da, baina beste batzuek ezer gutxi dakite horri buruz. Badaude lur jabe txikiak ere, ez dakitenak zer egin lur horiekin. Eta garrantzitsua da jakitea, hartzen dituzten erabaki horiek ze ondorio izan ditzaketen; eta badaudela beste irtenbide batzuk, lur jabe haundiei saldu beharrean. Bestelako kudeaketa bat egin daiteke, eta etorkizun hobe bat eman ingurune horri».
Baina ekintza gehiago ere badauzka aurreikusita Ereñotzuko Auzo Udalak, jakinda bere eskumena urria dela, eta gaitasun ekonomikoa «exkaxa». Horrela, egitasmo bat jarri nahi du martxan: «bide orri bat finkatu nahi dugu, irizpide batzuk, Ereñotzuko lurrak kudeatzeko bertako ondare naturalaren kontserbazioaren ikuspegitik. Eta aurreikusten dugu, gure gaitasun ekonomikoa exkaxa dela jakinda, herri lurrak eskuratzen hastea, beste modu bateko kudeaketa egiteko. Egia da bide horretatik aldaketa oso mantsoa izango litzatekela. Baina horrekin, nahi ditugu beste administrazio batzuk inplikatuarazi, eta era berean, lur jabe txikiei erakutsi posible dela beste zerbait egitea. Gure gaitasunaren barruan, ahal duguna egiteko prest gaudela erakutsi nahi dugu. Horrela, aurreikusi dugu partida ekonomiko bat lurrak erosteko, eta lur horietan, proiektu bat martxan jartzeko, bertako natur ondarearen kontserbaziorako, Aranzadi kontratatuta», azaldu du Erroitzeneak.
Proiektu hori, otsailean edo martxoan jarri nahi dute martxan. «Ikerketa ugari egin ditu Aranzadik bertan, eta hori aprobetxatuz, irizpideak finkatu nahi ditugu, eta lur jabe txikiak egitasmoaren parte egin. Lurrak pixkanaka eskuratzearekin batera, horiek izango dira datozen hilabeteetarako urratsak». Horretarako, Eusko Jaurlaritzako dirulaguntzak baliatzea ere espero dute.
Hernaniko Udalarekin ere ari dira elkarlanean, «jakinda beraiek ere badabiltzala horretan, eta zeresan haundia dutela basoaren kudeaketan».