«Ari gara juridikoki lantzen, zein eskumen dauzkagun; eta ahal dugun neurrian oztopatzen, eukalipto landaketak»

Kronika - Erredakzioa 2021ko urt. 16a, 00:00
Mattin Aldaia eta OIatz Urrutibeaskoa, Ingurumen Saileko ordezkariak.

Eukalipto landaketen ugaritzearekin kezkatuta dago Hernaniko Udala ere, Ingurumen Saileko Mattin Aldaia zinegotziak eta Olatz Urrutibeaskoa teknikariak azaldu dutenez.

Bere kezka azaldu du Hernaniko Udaleko Ingurumen Sailak ere, eukalipto landaketen eta horiek duten eraginaren inguruan: «orain dela 10 bat urte edo, eukaliptorik ez zegoen Hernaniko mendietan. Baina pinudiei eragin zien banda marroiarekin, ikusten ari gara eukaliptoa sartzen ari direla pixkanaka. Hortaz, kezka sortu zitzaigun, badakigulako eukaliptoek eragina daukatela lurrean, eta ingurumenean orokorrean. Landaketa horiek haunditzen ari dira, eta ez bada zerbait egiten, orokortzen joango da. Produkzioa oso azkarra, erraza eta ugaria da, baina eragina ere halakoa da», diote Mattin Aldaia zinegotziak eta Olatz Urrutibeaskoa teknikariak.

Horren aurrean, bere eskumen eta baliabideen arabera ari da lanean: «Aldundiak dauka eskumena basogintzan, baina uste dugu, guk ere udal bezala badauzkagula. Eta ari gara juridikoki lantzen, noraino iritsi daitekeen gure eskumena». Bitartean, beste bide batetik ari da «oztopatu nahian», eukalipto landaketak: «Aldundiak moztu eta landatzeko baimena ematen duenean, guri jakinarazi behar digu. Eta horiek, askotan berandu iristen dira, eta ihes egiten digute. Baina jasotzen dugunean, mozketa eta landaketa egin behar duenari jakinarazten diogu, baimena eskatu behar digula eta, eremu horretan dagoena ez den beste espezie bat landatu behar badu, txosten bat aurkeztu behar duela, landatuko den espezieari buruz. Ez da bakarrik eukaliptoa. Lehen pinua zen, orain eukaliptoa, eta hasi dira beste espezie batzuekin ere. Baina denak, azkar hazi eta lurra pobretzen dutenak».

Aldundiaren jokabidea ere salatu dute udal ordezkariek: «ez du begiratzen zer komeni den landatzea eremu bakoitzean. Alderantziz, landaketa egingo duenaren interesi begira ematen dizkie gomendioak. Basogintza politika da huts egiten duena, eta erabat aldatu behar da».

Horregatik, azkeneko hitza izan nahiko luke Udalak, «eta guk arautu gaia, bertako basoa sortu dadin. Epe luzera begiratzea da hori. Bestela, guk ez dugu ezagutuko, baina urte batzuetara basamortua izango dugu bertan».

Eskumen eta baimen eskaeretatik harago, Udalak azaldu du urtero gordetzen duela diru partida bat, lurrak erosteko: «gure gaitasun ekonomikoa mugatua da, baina une honetan ere badauzkagu bi-hiru proposamen mahai gainean, eta negoziatzen ari gara, lur gehiago erosteko».

Eta aurrerantzean, nahi dute jakin «benetan zer daukagun; eta mapa hori ikusita, aztertuko dugu zertan jarri indarrak, zein bailara dagoen bereziki arriskuan... Eta ekintza plan bat jarriko dugu martxan».

Horretarako, Ereñotzuko Auzo Udalarekin ariko dira elkarlanean, eta Aranzadi Zientzia Elkartearen eta Euskal Herriko Unibertsitatearen laguntzarekin, «haien eskutik eta haien gomendioak entzunda». Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, aldiz, ez dute harremanik izan: «badakigu zein den bere joera, eta zer ari diren egiten. Gure aldetik egingo dugu bidea, eta hori da pareta bat, nolabait gainditu beharko duguna», azaldu dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!