Maiatzaren 1ean, Kastinparro Racingek antolatuta, 22 kilometroko IX. Lea Artibai lasterketan hartu zuen parte Leire Iturbe astigartarrak, Aitor Saizarrekin. Estreinakoz aritu ziren biak, «etxeko rallye batean», eta sekulako garaipena lortu zuten.
Leire Iturbek, Lea Artibaiko lasterketan bizitako arrisku eta adrenalinaz jardun du, eta dio izugarrizko eguna izan zela; «egun ikaragarria izan zen, prestazio altuko kotxea da, motor haundia dauka, arina da eta niretzat horrelako aukera bat edukitzea ikaragarria izan da, pasada bat».
Aitor Saizar kopiloto bila zebilen, eta Leire Iturbe astigartarra hautatzea erabaki zuen; «iruditu zitzaion hautagai egokia nintzela, eta nesken ahotsak badu bere eragina, askori gustatzen zaie. Beraz, esan bezala, Aitor Saizarrek esan zidan berarekin parte hartzeko. Hasiera batean nire dudak eduki nituen, azkenean nahiz eta disfrutatu, hor presioa badago, profesionaltasun batekin. Gainera ekipo batekin zoaz, asistentzietako kamioiak, mekanikoak… erantzukizun asko da eta lana ondo egin behar da».
1 zenbakiko dortsalarekin, bidea irekitzen
Aitor Saizar eta Leire Iturbe rallye bikoteari, 1 zenbakia zuen dortsala egokitu zitzaien. Leirek pozik azaldu du, izugarrizko errespontsabilitatea izan zela; «1 zenbakia zenez gure dortsala, erantzukizuna doblea da, geuk irekitzen genuelako bidea. Minutuak klabatu egin behar genituen. Tramo batetik beste tramo batera, daukagu fitxa bat, eta fitxa horretan, demagun boxetik atera behar dugula 08:03etan, tramora heldu behar zara 08:17etan, eta fitxatu berriz 08:18etan. Antolatzaile bat dago federaziokoa eta beraiek fitxatzen dizute. Ez bazara minutu horietan sartzen, hau da, lehenago edo beranduago sartzen bazara, penalizazioa daukazu. Tramoetara iritsi behar zara zure minutuetan. Oso garbia izan behar duzu, eta dortsal hirua bazara, gutxi gora behera badakizu aurrekoak zer egin duen, edo erreferentzia bat badaukazu, baina bat zenbakia duen dortsalarekin ez».
Astigartarrak azpimarratu du egun ahaztezina izan zela Lea Artibaiko lasterketa; «esperientzia ederra izan zen, horrelako kotxe batean montatzea, probatzea, ibiltzea eta gainera irabaztea, sekulakoa da. Gero egia da, Aitor Saizar, Berritxukoa dela eta berarentzat lasterketa hau izan da etxekoa, orduan hau irabaztea izan da izugarria, bientzat. Lasterketako koadro bat ere oparitu zidan. Esan nahi dut, berarentzat ere ez da lasterketa normal bat izan, zerbait gehiago izan da».
22 kilometroko, tramo luzea
Leirek, azaldu du, orain arte 17 kilometroko lasterketak egin dituela, baina bere markak hautsi ditu, Lea Artibaiko lasterketarekin, 22 kilometro eginda; «Goizean egin genituen bi tramo 22 kilometrokoak. Normalean tramoak ez dira hain luzeak izaten, baina Koronabirusa dela eta, jendea ez pilatzeko tramo luze bat jarri zuten; 22 kilometrokoa, lotu zituzten tramo ezberdin batzuk».
Kilometro luzeko lasterketak, gorabeheratsuagoak direla ere azaldu du Leire Iturbe astigartarrak; «mota honetako lasterketak zailagoak dira, normalak edo tramo txikiak baino, azkenean edozer gauza pasatzeko ere, probabilitatea haunditu egiten da. Kontutan izan beharreko faktore asko daude: kotxeak 22 kilometro aguantatu behar ditu zure erritmoan, eta alde horretatik bai izan zela lasterketa zailxeago bat. Parte hartu dudan lasterketa luzeena 17 kilometrokoa izan da, orduan nabaritzen da».
«30-40 segunduko diferentzia»
Lehenbiziko tramoan, Kastrok segundu batzuk atera zizkien, hala ere, Leirek dio segunduak errekuperatu zituztela; «gainontzeko tramoetan oso ondo ibili ginen eta alde dezentea atera genien aurkariei, 30-40 bat segunduko aldea. Gainera, ikusten duzunean, gauzak ondo egin dituzula, amaitzera zoazela eta horrelako garaipen bat lortzen dugula ikusita… niretzako izugarria izan zen, egun ahaztezina».
Egindako esfortzu baten ondoren, emaitzak datoz, eta Leireren kasuan, «izugarrizko emaitza izan zen». Hau ospatzeko etxekoez oroitu zen astigartarra; «Lasterketatik bueltan, amari deitu nion emozionatuta, eta lagunei ere bai. Horrelako kotxe batean montatzeak badu bere prestigioa, eta gainera lehen aldiz montatzeak eta lasterketa irabazteak, are gehiago. Aitorrentzat ere lehenengo karrera zen etxean, eta berarentzat ere garaipena, izugarria izan zen».
Datorren asteburuan ere, Aitor eta Leirek beste lasterketa bat daukate, Nafarroan; «Fiteron daukagu rallyea. Denboraldiaren barruan puntuatzen duen lasterketa bat da datorren asteburukoa, beraz garrantzitsua».
Pandemia, rallyetan
Pandemiaren eragina ez da futbolean, pelotan, errugbyan eta honelako kiroletan bakarrik nabaritu, motor munduan ere kalteak ekarri ditu; lasterketak atzeratzea eta denboraldiak etetea, besteak beste.
Leirek dio, azarotik zihoala rallyetan parte hartu gabe; «azarotik maiatzera, denbora asko da, eta gogo izugarriarekin zaude berriro ere pistan sartzeko. Ilusioz hartzen duzu datorren lasterketa. Gainera karrera batzuk bertan behera geratu dira, eta orain berriro hasi dira denboraldiak.
Rallyetan babes neurriak, Covid-19a dela eta
Pandemiaren kutsatzea ekiditeko, rallyetan ere jarri dira segurtasun neurriak, eta Leirek dio, oso kontrolatua dagoela dena; «boxetako aforoa kontrolatuta daukate, esan nahi dut, kotxean daude pilotua eta kopilotua, eta gero gehienez lau mekaniko egoten dira. Orduan modu horretan kupoa kontrolatu egiten dute pandemiagatik, asistentzia itxi egiten dute, eta pultserekin kontrolatzen dute dena. Zuk inskripzioa egiten duzunean zure izen eta abizenak eman, eta modu horretan kontrolatzen dute. Beste alde batetik, dago publikoa, hau kontrolatzea oso zaila da, esan nahi dut pandemia batean, rallyetara joaten diren pertsonak ondo pasatzera doaz, eta dena emango dute, beraz, alde horretatik ere eten egin zituzten denboraldiak. Eslalon modalitatea adibidez, atzeratzen ari dira, pabiloietan jende asko elkartzen da eta momentu honetan hori ezinezkoa da. Lea Artibairen kasuan, kilometro asko ziren eta jendea sakabanatuta zegoen».
Motor arloko lasterketa ugari izan dira bertan behera utzi edo atzeratu dituztenak, baina Leire Iturbek dio, zortea izan dutela beraiek, izan ere; «rallye modalitatea ez da eten».
Beraz entrenatzeko aukera izan dute Aitor eta Leirek, eta azaldu du, entrenamenduak «normal» egin dituztela; «notak hartzen ditugu aste bete lehenago. Esan dezaket, entrenamenduen kasuan, pandemiak ez duela eraginik izan, izan ere, pilotu eta kopilotoak joaten gara entrenatzera, esan bezala aste bete lehenago, ematen ditugu uzten dizkiguten pasadak. Hori oso kontrolatuta dago, ezin zara pasa, bestela penalizatu egiten digute. Fitxatu egin behar duzu gainera. Orduz kanpo, entrenatzen bada, harrapatuz gero santzioa dago. Normalean igandetan izaten dira entrenamenduak, edo larunbatetan».
Emakumeak eta rallye mundua
Leirek argi azaldu du, rallyetan ez dela emakume eta gizonezkoen arteko distintziorik egiten, eta gaineratu du, gustuen araberakoa dela; «askotan pilotuek gustuko dute nesken ahotsa, finagoak edo direlako. Egia da gizonezko gehiago dagoela rallye munduan, gustuak ez direlako berdinak. Baina alde horretatik, ni oso- oso gustura egoten naiz».
IX. Lea Artibai lasterketan estreinakoz parte hartzeak eta hau irabazteak badu meritoa, eta ez da txikia. Leirek, harrotasunez dio, meritu hori biena dela; «pilotu eta kopilotuarena da meritua. Gustura ibili da Aitor nirekin eta ni berarekin. Oso ondo moldatu gara lehenengo minututik. Feeling minimo bat ondo dago. Zu esertzen zara kotxean, eta zoaz kantatzen, hor ez dago elkarrizketarik. Garrantzitsua da feeling hori edukitzea».
Tramoan gertatzen direnak...
Astigartarrak aipatu du, tramo batean ohikoa izaten dela mareatzea; «niri ez zait pasa, hala ere, badaezpada beti eramaten ditut mareoentzako pastilak gainean. Eta mareatzeaz gain, gertatu daiteke, eskuartean dituzun notetan galtzea. Kilometro luzeetan, galtzeko aukera haundia dago. Hiru urteetan, behin pasa zait niri, alde horretatik konfidantza badaukat, eta behin bakarrik pasa zait».
Tramoak, askotan arriskutsuak dira, eta Leirek hainbat «susto» izan dituela ere jakinarazi du; «azken lasterketa honetan ere izan dugu sustoa, baina azkenean kirol honek hori dauka. Esan beharra dut, ematen duela nolabaiteko adrenalina ere. Lea Artibain pasa zitzaigun, buelta eman genuen, eta zorionez ez zen ezer gertatu. Berehala erreakzionatu genuen, arrankeari eman, eta 15 bat segundu besterik ez genituen galdu. Ezer pasako ez balitz bezala aurrera jarraitzen duzu».
Argi dauka Leire Iturbe astigartarrak, lau gurpilen gainean, kilometroak egiten, eta kronometroarekin pasako dituela urteak; «lasterketa guztiek ematen dute zerbait, denetatik ikasten duzu, eta denekin disfrutatzen duzu. Asko betetzen dit».