Udala

«2020ko aurrekontua egokitu» arren, zerbitzuen sektorerako laguntzak

Kronika - Erredakzioa 2020ko mai. 3a, 00:00

Santio jaien inguruko azken erabakiak hartzeko «marjen pixka bat» duela ere esan du Udalak.

Pasa den astearteko Plenoan hartutako erabakiez gain (atzoko Kronikan ikusgai), erabaki gehiagoren berri ere eman du Udalak.
Batetik, azaldu du Koronabirusari aurre egiteko plan bat prestatzen ari dela. Bestetik, Santio jaien inguruan azken erabakia oraindik ez duela hartu.  

Koronabirusaren eraginari aurre egiteko, plana laster
Udalak aurreratu du prestatzen ari dela plan bat, Koronabirusaren eraginari aurre egiteko. Izan ere, nabarmendu du «2020ko aurrekontua doitu» beharra daukatela, Foru Aldundiak %20-25 murriztuko baitu Udalei egiten dien ekarpena: 1.200.000 euro inguru gutxiago jasoko du Astigarragako Udalak.
Hori horrela, eta egungo egoeran, gastu partida batzuk haunditu, eta beste batzuk murriztu beharko ditu Udalak.

Plan horrek jasoko ditu, era berean, merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuetako establezimenduentzako diru-laguntzak; eta zerbitzu batzuk nola eta zenbat indartuko diren (Gizarte Zerbitzuetako laguntza programak, edota garbiketa eta desinfekzio lanak).

Bi-hiru aste barru aurkeztuko dute planaren proposamena, Ogasuneko eta Tokiko Garapeneko batzordeetan, eta helburua da programa horiek maiatzean onartu eta indarrean jartzea.

«Betiko Santio jaiak, behintzat, ez ditugu izango aurten»
Udalak jakinarazi du, azkenik, Santio jaiei buruzko erabakirik ez dutela hartu oraindik, Eusko Jaurlaritzak maiatzaren 10ean gaiari buruz esango duenaren zain: «betiko Santioak, behintzat, ez ditugu izango aurten. Ikusiko dugu, dena bertan behera utzi, edo ekitaldiren bat egin. Marjen pixka bat badaukagu».  

Erlazionatuak

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!