Asteartean egin zuen apirileko Plenoa Astigarragako Udalak, telematikoki oraingoan ere; eta hainbat gairen inguruko erabakiak hartu eta azalpenak eman zituzten bertan.
Hasteko, aho batez erabaki zuten erreklamazioa egitea Donostiako Udalari, Elio-enea eta Larraburu inguruko lursailak desjabetu zirenean eskuratu zuen dirua emateko. Kontua da, 1987an Astigarraga udalerri bilakatu zenean, Donostiako Udalak ez zizkiola lursail horiek eman Astigarragari, eta auzitegietara eraman zuten gaia: lurrak Astigarragako Udalarenak zirela ezarri zuen epaiak, eta joan den urtearen bukaeran inskribatu ziren horrela. Baina bitarte horretan, lur horien zati bat desjabetu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak, errepidea eraikitzeko; eta guztira 518.956 euro, Donostiako Udalari ordaindu zizkion.
Kopuru hori eta dagozkion interesak dira, orain, Astigarragako Udalak Donostiakoari erreklamatuko dizkionak.
Ondoren, aho batez onartu zuten, baita ere, 2020-2021 ikasturterako kiroldegiko ikastaroen tasak eguneratzea, urtero bezala. Orain aztertzen ari direna da, ikastaroen aforoa mantendu edo egokituko duten.
Gipuzkoako Senideak elkartearen mozioa, onartuta; EAJ-PNVrena ez
Bi mozio ere landu zituzten astearteko Plenoan. Aurrenekoa, Gipuzkoako Senideak elkarteak aurkeztu zuen, adinekoen arretaren inguruan, gai horri lehentasuna ematea eskatuz, irizpide politikoen gainetik. EH Bilduren aldeko botoekin onartu zen, eta abstenitu egin ziren EAJ-PNV eta PSE-EE. Eta bigarren mozioa EAJ-PNVk aurkeztu zuen, Gipuzkoan adinekoentzako eguneko zentro eta egoitzetan sortu diren lan-gatazken inguruan. Hori ez zen onartu, kontra bozkatu baitzuen EH Bilduk.
Bi mozioak irakurgai daude beherago, albiste honetan bertan.
Kultur etxe berria hornitzeko kontratua, esleituta
Plenoan bertan, bi kontratazio espediente onartu eta martxan jartzea erabaki zuen Udalak: Gaztelekuko zerbitzuarena, eta argindarraren hornidurarena.
Eta beste bi kontratu, esleitu egin ditu: Hiri Antolamendurako Plan Orokorra berrikusteko kontratua; eta kultur etxe berriko ikusentzunezko ekipamendua hornitzeko kontratua. Horren barruan sartzen dira eszenako makineria eta jantziak, argiztapen ekipoa, eta soinu ekipoa.
Horrekin batera, Udalak jakinarazi du uztailean egingo dutela trasladoa, egungo kultur etxetik berrira. Baina udazkenera atzeratu dute inaugurazioa, irailera edo urrira. Egoeraren arabera erabakiko dute, noiz eta nola egin hori. Edozein kasutan, irailean ireki nahi dute, Erribera kultur etxea.
DBHren lursaila hiritartzeko lanak, aurrera
Udalak jakinarazi du, bestalde, aurrera jarraitzen dutela, DBH eraikitzeko lursaila hiritartzeko lanek. Horrela, erosteko falta zitzaion azkeneko zatia erostea adostu du lurjabeekin. Eta bestetik, onartu du goi-tentsioko sarea eta udal azpiegiturak lurperatzeko proiektua, hiritartze lanen barruan egin beharrekoa. Orain, hurrengo pausoa da proiektu hori burutzeko obra kontratuaren lehiaketa egitea.
Xabier Urdangarin alkateak azaldu du, «ondo» dijoazela lanak, lursaila urte bukaerarako prest izateko: «etxe barruko lanak egiteko aprobetxatu ditugu aste hauek. Lehiaketa orain aterata, udazkenerako lanak hasi ahal izatea espero dugu».
Koronabirusaren eraginari aurre egiteko, plana laster
Era berean, Udalak aurreratu du prestatzen ari dela plan bat, Koronabirusaren eraginari aurre egiteko. Izan ere, nabarmendu du «2020ko aurrekontua doitu» beharra daukatela, Foru Aldundiak %20-25 murriztuko baitu udalei egiten dien ekarpena: 1.200.000 euro inguru gutxiago jasoko du Astigarragako Udalak.
Hori horrela, eta egungo egoeran, gastu partida batzuk haunditu, eta beste batzuk murriztu beharko ditu Udalak.
Plan horrek jasoko ditu, era berean, merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuetako establezimenduentzako dirulaguntzak; eta zerbitzu batzuk nola eta zenbat indartuko diren (Gizarte Zerbitzuetako laguntza programak, edota garbiketa eta desinfekzio lanak).
Bi-hiru aste barru aurkeztuko dute planaren proposamena, Ogasuneko eta Tokiko Garapeneko batzordeetan, eta helburua da programa horiek maiatzean onartu eta indarrean jartzea.
«Betiko Santio jaiak, behintzat, ez ditugu izango aurten»
Udalak jakinarazi du, azkenik, Santio jaiei buruzko erabakirik ez dutela hartu oraindik, Eusko Jaurlaritzak maiatzaren 10ean gaiari buruz esango duenaren zain: «betiko Santioak, behintzat, ez ditugu izango aurten. Ikusiko dugu, dena bertan behera utzi, edo ekitaldiren bat egin. Marjen pixka bat badaukagu».