Erribera, kultur etxe berriaren izena

Kronika - Erredakzioa 2020ko mar. 18a, 15:54

Atzo bukatu zen Astigarragako kultur etxe berriaren izena aukeratzeko botoa emateko epea. Erribera izena izan da aukeratua, botoen %57,9 lortuta. Manttoni izenaren alde botoen %42,1 jaso dira.

Astigarragako kultur etxe berriak badauka izena: Erribera. Herritarrek aukeratu dute, aukeran zeuden bi izenen artean, 'Erribera' eta 'Manttoni', botoa emanda.

Denera, 198 lagunek eman dute botoa, eta %57,9k Erribera izenaren alde egin du; beste %42,1ek Manttoni izenaren alde. Parte-hartzaileen artean, %63,1 emakumezkoak izan dira, eta %36,9 gizonezkoak.

Erabakia, loteslea
Atzo bukatu zen bozkaketan parte hartzeko epea. Lehenago beste bozkaketa bat jarri zen martxan, baina bertan behera utzi behar izan zen inkesta hura, Udalak egiaztatu baitzuen «herritar batzuk behin eta berriro bozkatzen ari zirela, hainbat trikimailu erabilita». Hori horrela, emaitza horiek kontuan ez hartzea erabaki zuen; «berme nahikorik ez du ematen, emaitza fidagarria izateko».

Bigarren inkestarako,  Foru Aldundiak landu eta prestatu duen Partaidetzarako plataforma erabili da. Sistema honek, botoa emateko erregistratzea eskatzen du, eta datuen artean NAN zenbakia eman behar denez, botoa ematen duena Astigarragan erroldatuta dagoen ala ez ziurtatu ahal izan da.  

Kasu honetan, Kultura batzordeak erabaki zuen galdeketan ehun pertsona baino gehiagok parte hartuz gero emaitza loteslea ziango zela. Ondorioz, galdeketa honen emaitza loteslea da eta, beraz, kultur etxe berriak badu izena: Erribera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!