Kultur etxe berria

Kultur etxe berriaren izena aukeratzeko inkesta, bertan behera

Kronika - Erredakzioa 2020ko mar. 7a, 00:00
Kultur etxe berria, Kontxa Etxeberria plazaren aldetik.

Baliogabetu egin du Udalak, egiaztatu ondoren herritar batzuk behin eta berriro bozkatzen ari zirela, «hainbat trikimailu erabilita».

Joan den astelehenean, martxoaren 2an, jarri zuen inkesta martxan Astigarragako Udalak, kultur etxe berriaren izena aukeratzeko. Etzi arte zegoen bozkatzeko epea, baina ostegunean bertan behera utzi zuen inkesta, egiaztatu ondoren «herritar batzuk behin eta berriro bozkatzen ari zirela».
Udalak azaldu du, inkestaren tresna prestatuta zegoela, gailu bakoitzetik behin bakarrik eman ahal izateko botoa: «baina konprobatu ahal izan dugu, pertsona berberak behin eta berriz eman duela botoa, hainbat trikimailu erabilita; nabigazio anonimoa erabiliz, cachea ezabatuz eta abar». Horrela, nabarmendu du, botoa eman eta bereahala emaitzak ikusi ahal izateak, «bi aukeren arteko lehia piztu» egin duela, «eta aukera baten zein bestearen aldekoek behin eta berriro eman dute botoa», azaldu du.

Udalak dio, tresna sinple bat aukeratu zutela, «par­tehartzea erra­za eta berehalakoa» izateko; «baina ikusi dugunez, berme nahikorik ez du ematen, emaitza fidagarria izateko».

Orain, aztertzen ari dira beste tresna bat erabilita inkesta errepikatzeko aukera: «gauzak ondo bidean, laster jarriko dugu martxan», aurreratu dute.
Era berean, inkestan «zintzo parte hartu» duten horiei, «esker ona» adierazi nahi izan die Udalak; eta barkamena eskatu die, «inkestarako aukeratu eta erabili dugun tresna desegokia izan delako». Gainerakoei, berriz, deia luzatu die, hurrengo inkestetan «zintzo eta kiroltasunez» parte hartzeko. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!