KULTURA

Erribera edo Manttoniren artean erabaki behar da kultur etxe berriko izen berria

Kronika - Erredakzioa 2020ko mar. 14a, 00:00

Kultur etxeko eraikina amaituta dago.

Botoa eman dezakete martxoaren 17ra arte, Astigarragan erroldatuta dauden 16 urtetik gorakoek. Botoa eman behar da webgunearen bidez, aurrez erregistratuta, 'https://labur.eus/ Snds6' eta minutu batean egiten da.

Kultur Etxe berriko lanak amaituta, une honetan Udala ekipamenduak prestatzen ari da: ikus entzunezko ekipamendua, altzariak eta beste hainbat ekipamendu. «Izenik ez duena, ez da» dio esaera zaharrak, eta, beraz, kultur etxe berriari izena jartzeko unea iritsi da Udalak adierazi duenez. Martxoaren 17ra arte dago epea bozkatzeko.

Bi izen hobetsi dira: Erribera eta Manttoni
Proposamenak aurkezteko epean hainbat proposamen jaso dira eta, aztertu ondoren, bi hobetsi ditu. Baztertu egin dira toponimo nahasgarriak (gertuko beste kale edo ingururen batenak direnak) edota desegokitzat jo direnak. Era berean, hobetsi dira kokapenarekin zerikusia dutenak edota Kulturako Batzordeari egokiak iruditu zaizkionak. Horren guztiaren ondorioz, Kultura Batzordeak erabaki du bi hobestea eta bi horietatik zein aukeratu erabakitzeko inkesta bat egitea. «Lehen inkestan tresna desegoki bat erabili genuen eta hainbat pertsona botoa behin eta berriz ematen ari zirela ikusita, Udalak erabaki zuen bertan behera uztea».

Proposamenak hauxek dira: Erribera; eraikina kokatuta dago Urumearen erriberan. Inguru hori bertakoen hizkeran erribera izan da (erriberako baratzak). Proposamen hau egokitzat jo da bertako kokapenarekin lotutako herri hizkerako toponimoa delako. Manttoni; sagar mota bat da eta emakume izena. Jateko ere bikaina da. Mikatz puntu bat du, gazi puntu bat eta azukrea, baina neurrian. Proposamen hau egokitzat jo da sagarra (nortasuna) eta emakume izena delako.

Bozketan parte hartzeko: https://labur.eus/Snds6.

Bigarren inkesta jarri da martxan eta 100 boto behar dira gutxienez loteslea izateko
Bigarren inkesta hau egiteko Foru Aldundiak landu eta prestatu duen Partaidetzarako plataforma erabiliko da. Botoa eman ahal izateko, aurrez erregistratu egin behar da. Erregistratzeko oinarrizko datuak adierazi behar dira (erraza da, minutu batean egiten da). Erregistratzeko datuetan NAN zenbakia adierazi behar da, besteak beste. Sistemak egiaztatuko du adierazitako NAN zenbakia Astigarragan erroldatuta dagoen ala ez. Boto kopurua 100 baino txikiagoa baldin bada, emaitza ez da loteslea izango eta Kultura Batzordeak erabakiko du. Kopuru hori gainditzen bada, erabakia loteslea izango da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!