Binakako Txapelketarekin borobilduko du bere ibilbidea Galarretak, «penaz eta harrotasunez»

Beñat Los Arcos Ayerdi

Lehenengo mailakoan ariko diren erremontistak zutik, eta bigarren mailakoak belauniko, Binakakoaren aurkezpenean.

Asteazkenean aurkeztu zuen Oriamendik, azkeneko txapelketa izango dena. Azaroaren 28an hasiko da, eta abenduaren 26an jokatuko da finala: egun horretan itxiko ditu ateak Galarretak. Lehenengo mailan ariko dira Endika Barrenetxea, Aritz Zubiri eta Aitor Aiestaran.

 

Ba iritsi da, orain bai, Galarretaren azkeneko arratsaldeez gozatzeko unea. Abenduaren 26an itxiko ditu ateak, jaialdi haundiarekin: Binakako Txapelketaren finala jokatuko da, maila nagusian. Horren aurretik, beste lau jaialdi izango dira, larunbatero bana, azaroaren 28an hasita.

Asteazken arratsaldean aurkeztu zuen Oriamendik, «penaz eta harrotasunez», bere ibil­bideko azkeneko txapelketa izango dena. Binakakoak jarriko dio erremate borobila 16 urte pasatxoko bideari, eta azkeneko bost jaialdiak ederrak izan daitezen nahi dute: finalaren egunean bakarrik ez, gainerakoetan ere bete dezatela frontoia herritarrek.

 

Bailarako hiru erremontista, lehenengo mailakoan

Oso berezia izango da Binakakoa, nagusiki, azkeneko txapelak banatuko dituelako. Baina berezia izango da gurean, baita ere, Urumea bailarako hiru erremontistak jokatuko dute lehenengo mailako txapelketa, atzelariak hirurak. Aitor Aiestaran hernaniarrak estreinakoz jokatuko du maila nagusian, Josetxo Ezkurra doneztebarrarekin bikotea osatuta. Aritz Zubiri goizuetarrak iazko txapela defendatuko du, eta Kemen Aldabe lekunberritarra izango du lagun horretarako. Eta Endika Barrenetxea hernaniarrak bere palmares oparoa borobildu nahi du, Aimar Jabalera doneztebarrarekin batera. Maila nagusiko laugarren bikotea osatuko dute Ander Goikoetxea urnietarrak eta Xabi Azpiroz uitziarrak.

Denek denen kontra jokatuko dute ligaxkan, azaroaren 28an, eta abenduaren 5ean eta 12an. Bigarren eta hirugarren sailkatzen diren bikoteek semifinala jokatuko dute semifinala abenduaren 19an, eta irabazleak finala 26an, ligaxkako bikote onenaren kontra.

Bigarren mailako txapelketan, berriz, hiru bikotek hartuko dute parte, eta bi aurrelari hernaniar izango dira tartean: Julen Deskarga, Jokin Ugarte za­rauztarrarekin; eta Mattin Arlu­­ziaga, Oier Eskudero andoain­da­rrarekin. Imanol de Rueda 'Mar­tixpe' doneztebarrak eta Jo­se­ba Goikoetxea zestoarrak osa­­­tuko dute hirugarren bikotea. Ligaxka hiru jardunalditan jo­ka­­tuko dute haiek ere, data ber­­beretan; eta bi bikote onenek finala jokatuko dute zuzenean, Galarretaren azkenaurreko jai­al­dian, abenduaren 19an.

Bi kasuetan, ohiko formatua izango dute txapelketek. Hiru setetara jokatuko dituzte partiduak, eta emaitzaren arabera banatuko dituzte puntuak sailkapenerako: 2-0 irabazita 4 puntu eskuratzetik, 16 tanto baino gutxiago lortuta puntu negatiboa jasotzeraino.

 

Aitor Aiestaran: «Zer hobea etapa honi bukaera emateko, lehen mailan jokatzea baino»

Lehenengo mailan jokatzea «oso berezia» izango dela aitortu du Aitor Aiestaranek, eta «ilusioz» hartu duela erronka: «Lehenengo partidutik azkeneraino onena ematea tokatuko zaigu, bukaera on bat emateko». Izan ere, bikote guztiak «oso orekatuta» ikusten ditu.

Hernaniarrak azaldu du, bestalde, «naturaltasunez» bizi duela etapa honen bukaera, eta gogotsu: «Zer hobea, bukaera lehenengo mailan jokatuta ematea baino, eta Josetxo bezalako erremontista batekin bikotea osatuta. Niretzako oso berezia izango da, eta espero dut denen gozamenerako izatea azkeneko txapelketa hau».

 

Aritz Zubiri: «Pena ematen du Galarretaren itxierak, baina ilusio bereziarekin heltzen diot azkeneko txapelketari»

«Ilusio bereziarekin» hartu du azkeneko txapelketa Aritz Zubirik ere, eta lasaitasunez: «Lehengo urtean txapela lortu izanak ez dit batere presiorik sortzen, eta lasai egingo diot aurre txapelketari, bikote berri batekin. Uste dut torneo on bat egiteko aukera daukagula».

Goizuetarrak aitortu du, era berean, «penaz» hartzen duela Galarretaren itxiera, «ziklo baten bukaera» delako, nahiz eta berak bestela ere bazekien «ez zitzaizkidala txapelketa asko geratzen erremontista gisa». Baina adina gorabehera, «puntu onean» iritsi dela aurreratu du, eta espero duela txapelketan bertan «hobera egitea», ibilbideari erremate polita jartzeko.

 

Endika Barrenetxea: «Txapelketa honen segundu bakoitza bizitu nahi dut, eta nire maila onena eman»

«Oso parekatuta» ikusten du txapelketa Endika Barrenetxeak ere. Azaldu du hiru bikotetan garbi dagoela zein den «beteranoa eta partidua hautsi beharko duena», eta «inkognita asko» daudela bikote horietan. Laugarren bikotea, Aldabek eta Zubirik osatutakoa, «orekatuagoa» dagoela uste du, biak baitira esperientziadunak. «Gauzak oso ondo egin beharko dira, finalera iritsi ahal izateko», nabarmendu du hernaniarrak.

Azkeneko jaialdi hauek oso bereziak izango dira berarentzat: «Ez nekien nola biziko nuen azkeneko txapelketa hau, baina dagoeneko hasi naiz sentitzen tristura eta nostalgia puntu bat. Urte osoa daramakigu esaten, txapelketa bakoitzaren azkeneko edizioa zela, baina beti zetorren beste txapelketa bat atzetik. Oraingoan, ordea, ez dago halakorik». Horregatik, «oso modu berezian» ari da sentitzen: «Gehienez beste bost partidu jokatuko ditut profesionaletan, eta segundu bakoitza bizitu nahi dut. Nire mailarik onena eman nahiko nuke txapelketa honetan, aho zapore onarekin bukatzeko».

Hernaniarrei ere luzatu die deia, frontoira bertaratu daitezen: «Beti izan dugu gertu Galarreta, eta beti izan dugu aukera erremonteaz gozatzeko, baina azkeneko jaialdiak izango dira hauek. Horregatik, animatu nahi ditut egun hauek gurekin batera bizitzera».

Hala egingo dutenek, dagoe­neko eskuragarri dauzkate jai­aldi guztietarako sarrerak, oria­­mendi.eus webgunean.

Kronikak, gainera, bost sarrera bikoitz zozketatuko ditu bost jaialdi horietarako, Kronikakideen eta Doberako bazkide­en artean: kronika.eus webgu­nean eman daiteke izena dago­eneko, jai­aldi guztietarako. 

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!