«Penaz eta harrotasunez» aurkeztu du Oriamendik gaur arratsaldean, Orona Fundazioaren egoitzan, Binakako Txapelketaren azkeneko edizioa izango dena. Binakakoaren azkena, eta baita Oriamendiren azkeneko txapelketa ere. Galarretak abenduaren 26an itxiko ditu ateak, eta azkeneko bost jaialdiez gozatzeko deia egin diete herritarrei, azaroaren 28tik aurrera.
Abenduaren 26ko horretan jokatuko dira finalak, lehenengo zein bigarren mailako txapelketetan. Maila nagusian ariko dira Urumea bailarako hiru erremontista, atzelariak hirurak. Aritz Zubiri goizuetarrak iazko txapela defendatuko du, Kemen Aldaberekin batera. Endika Barrenetxea hernaniarrak bere palmares oparoari ginda jarri nahi dio, Aimar Jabalera lagun duela. Eta Aitor Aiestaran hernaniarrak estreinakoz jokatuko du lehenengo mailako binakakoa, Josetxo Ezkurrarekin batera. Ander Goikoetxeak eta Xabi Azpirozek osatutakoa izango da laugarren bikotea, lehenengo mailan.
Bigarren mailan, berriz, bi aurrelari hernaniar ariko dira: Julen Deskarga, Jokin Ugarterekin bikotea osatuta; eta Mattin Arluziaga, Aritz Eskuderorekin batera. Martixpek eta Joseba Goikoetxeak osatutakoa izango da hirugarren bikotea.
Barrenetxearekin, Zubirirekin eta Aiestaranekin hitz egin dugu, azkeneko txapelketaren aurkezpen ekitaldian.