«Pentatloira gozatzera joan nintzen»

Haizea Solagurenbeaskoa Alkorta

Jokin Urretabizkaia, 'Basozabal' baserrian, Euskal Pentatloiean lortutako txapelarekin.

Aurreikuspen guztiak hankaz gora jarri eta irailaren 26an Azpeitin ospatutako Euskal Pentatloiko txapela eskuratzeaz gain, aro modernoko marka onena ezarri zuen. Sei urte hauetan plazan asko sufritu izan duela aitortu du Jokin Urretabizkaia 'Basobazal'ek, baina Azpeitin «ez nintzen txapelaren bila apuntatu, eta nahi gabe goputzak gozatu egin zuen».

 
 

Nola ospatu zenuen txapela?

Ba ez dakit. Tentsio handia duzu gainean, sariak banatzen dira, gero familikoak, lagunak… eta beno, zu momentuan zaude goian, aparretan, zelebratzen, baina harria jasotzeko dago, txalekoa, gerrikoa… Eta hor dago jendea hori dena egiten, eta zu konturatu ez. Luis Telleriak lagundu zidan plazan bertan, eta pena eduki nuen berarekin ospatu ez izana. Bera iada dena jasotzen ari zen. Azpeitin trago batzuk hartu eta parranda pixkat eginda, etxera. Plazako tentsioarekin ez nuen lortu lo egitea. Lehenbiziko gaua beti izaten da txarra.

 

Azpeitin txapela eta marka; aro modernoko onena. Esperotakoa?

Plazan nik ez nuen inongo momentutan pentsatu errekorra egiteko aukera genuenik. Bestela, egia esan, eta ez dut nahi 'txulo' sonatzea baina, baneukan gehiago egiteko aukera. Ez noski minutu bat edo 40 segundu, baina Andoniren atzetik jarri nintzen erritmo komodo batean, eta banuen lehenago alde egitea. Objetibo printzipala zen txapela. Eta txapelaren bila joan ginen horretan, errekorra puskatu genuen. Kasualitatea. Igual jende askorentzako ez du ezer esan nahiko pentatloiko txapelak, baina mundu honetan gabiltzanontzat asko da. Txapela baino gehiago, errekonozimendua: atzetik egiten den lan guztiarena eta egiten duen jende guztiarentzako.

 

Nola hasi zinen herri kiroletan?

Kasualitatez. Lagunak Astigarraga eta Hernanikoak egin nituen eta festa batzuetan desafio bat sortu zen: harri tiran beste herri baten aurka. Gero, bazkari batean pikatu egin ginen 'Larra'rekin, eta aizkora-sega desafioa egin genuen. Ni aurreko urtean hasi nintzen segan: baserrian zeoze ibiltzen ginen eta horixe gustatzen. Manuel Erasun segalariakin kointziditu zuen sagardotegi batean nire lehengusuak. Aipatu zion eta beno, lagunduko zidala erantzun zion. Erasunek lagundu zidan lehenbiziko urtean atera nintzen sega txapelketan. Sei hilabete entrenatuta joan nintzen 18 urterekin, nibeleko jendearen kontra. Lehenbiziko kanporaketan ez nintzen finalean sartu, baina bigarrenean bai. Hor hasi nintzen.

 

Sega ostean aizkora?

'Larra'rekin apustu hura jokatu eta gero, aizkoran zentratu nintzen. Ikusten nuen kualitate batzuk banituela ondo ibiltzeko. Hasieran afizio bezala eta gero, nibela igo ahala, seriedadea eta exigentzia ere bai. Beti gustatu izan zait, ordea, pentatloiko lan mistoa. Harri jasotzen eta mistoan igual konpletoago ikusten nintzen.

 

Pentatloian egin zenuen proba orduan?

Orain dela 4-5 urte atera nintzen aurrenekoz, 21 urterekin edo. Gainera, urte hartan maila altua zegoen: Otaegi, Gabirondo, Atutxa, Izeta, Xabat ere uste dut hor zela… eta finalera sartzea lortu nuen. Kriston ilusioa egin zidan. Ordurako aizkoran nahiko maila ona genuen, eta Euskadiko primerako finalerako sailkatu nintzen. Aukeratu egin behar izan nuen; pentatloia edo aizkora. Momentu horretan aizkoran ari nintzen serio eta finalera joatea pentsatu nuen. Gero borrokan segitu genuen lehenbiziko postuetan. Aizkoran ibiltzen den pertsona batentzat ez da ona txingatan ibiltzea, harri jasotzen… Orduan, pentatloia aparkatu nuen, baina beti izan nuen ilusioa. Ikusten nuenean inbidia sartzen zitzaidan.

 

Eta orain, alderantziz?

Sakrifizio handia du aizkorak, lan handia egin behar da, jendea behar duzu laguntzen eta uztea planteatzen ari nintzen. Apustua, egia esan, ilusio guztiarekin jokatu nuen, baina galtzea tokatu zen. Uste dut nire onena eman nuela, teknikoki gauza batzuetan failatu genuen, baina ez nuen horregatik utzi. Aurten ikusi nuen denbora nuela eta kapritxoa nuen. Halaxe, pentatloirako zentratu nintzen.

 

Eta gaur, Euskal Herriko txapelduna zara. Nola prestatu zara?

Banekien harri jasotzen kostako zitzaidala. Altua naiz eta harriak errekorrido handia egin behar du. Horregatik joan nintzen Telleriatarrengana. Lehenago ere lagundu zidaten eta beti ondo. Eskerrak ematen dizkiet benetan. Eta hala harri jasotzen hasi nintzen, oso fuerte. Ia 2 hilabetetan ez nuen beste ezer entrenatu. Gero eduki nuen lesio bat erakustaldi batean. Ezin errekuperatu, ezin entrenatu eta kriston buelta pila buruari. Hor pixkat gaizki pasatu nuen, finalera sartzeko aukera urruti ikusi nuen. Telleriatarrek lagunduta hasi ginen berriz entrenamenduekin eta kirolak nahasten, astean bitan. Horietan ez genuen finaleko lana egiten baina asko gerturatzen zen. Oso gustura egon naiz denbora libre aldetik; lanetik atera eta zeoze egin… eta fisikoki ere ondo. Badakit jendeak askoz gehiago entrenatzen duela baina nik uste dut bakoitzak bere bidea bilatu behar duela disfrutatzeko.

 

Fisikoa ez ezik, burua ere landu behar izaten da, ezta?

Sintzeroa izango naiz honetan: nik uste ez dagoela prestatzerik. Plazako tentsioa ezin da etxean imaginatu. Nik uste bizitzak prestatzen zaituela. Kirol horretan dabilen pertsona bati, 6-7 urte eta plaza dezente eginda, horrek prestatzen zaituela. Nik 6 urte hauetan asko sufritu dut plazara ateratzean. Gustura ibiltzen nintzen, baina mentalki plazan txikitu egiten nintzen. Etxean oso entrenamendu onak egin ditut, onenaren pareko denborak. Denborak begiratzen genituen eta ondo. Baina plazara joaten zara eta halako zerbait duzu… Asko kostatu zait ateratzen nire onena. Pentatloira gozatzera joan nintzen, disfrutatzeagatik apuntatu nintzen, eta nahi gabe goputzak gozatu egin zuen.

 

Hurrengo pentatloian txapela defendatzera aterako zara?

Osasunak laguntzen baldin badit eta denbora aldetik ez badut inolako okerrik, gustatuko litzaidake. Uste dut txapeldun guztiek, bere aukeren barruan, badaukatela obligazio txiki bat: norbaitek irabazi behar badit, ba kendu egin beharko dit. Niri hori gustatzen zait.

 

 

 

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!