Atzo jokatu zuten Erremontari Txapeldunen Txapelketaren hirugarren jardunaldia, Galarretan. Sailkapenean lehendabizikoak diren Ezkurra eta Azpiroz, eta bigarrengoak diren Aldabe eta Barrenetxea gailendu ziren jokatu zituzten partiduetan, Segurola-Larrañaga eta Ansa-Zubiri garaituz, hurrenez hurren. Bi partiduak hirugarren setean erabaki ziren. Goikoetxe V-Juanenea bikoteak, berriz, atsedenaldirako txanda zuek atzokoa.
Arratsaldeko lehen norgehiagokako lehen jokoa berdindu baino parekatuagoa izan zen. Atsedenaldira Segurola eta Larrañaga joan ziren irabazle gisa, 7-8ko markagailuarekin, eta bigarren zatian, 14-14koa zenean emaitza, azken tantoa egin zuten nafarrek. Bigarren jokoan esnatu egin zen bikote garailea, eta 15-2 irabazi zuten seta; atsedenaldian emaitza 8-1ekoa izan zen, eta bigarren zatian 7-1ekoa. Horrela, joko erabakigarriaren momentua heldu zen; gipuzkoarrak hasi ziren aurretik, 2-0, baina nafarrek lau tanto segidan egin zituzten, 2-4koa jarriz markagailuan. Hala ere, atsedenalditik bueltan, 6-1eko partziala lortu zuen bikote irabazleak, eta 8-5 amaitu zen joko erabakigarria.
Bigarren partiduan ere bikote irabazleak buelta eman behar izan zion markagailuari. Lehen jokoan Ansa eta Zubiri goizuetarra nagusitu ziren, 15-6ko emaitzarekin. Bigarren jokoa lehenengoaren antzekoa izan zen emaitza aldetik, baina Barrenetxea hernaniarraren eta Aldaberen alde. 2-8koa izan zen atsedenaldiko markagailua, eta jokoa 7-15 amaitu zen, bikote garailearen alde. Hirugarren seta jokatu behar izan zen beraz bigarren norgehiagoka honetan ere. 1-4koarekin hartu zuten aurrea Barrenetxeak eta Aldabek, garaipena bideratuz. Azkenean 5-8 amaitu zen jokoa, eta garaipena hernaniarrarena eta Aldaberena izan zen.
Sailkapena
1. Ezkurra II-Azpiroz (Aburuza): 8 puntu, 3 jardunaldi
2. Aldabe-Barrenetxea IV (Oialume Zar): 6 puntu, 2 jardunaldi
3. Ansa II-Zubiri (Bereziartua): 5 puntu, 3 jardunaldi
4. Goikoetxea V-Juanenea (Alorrenea): 3 puntu, 2 jardunaldi
5. Segurola-Larrañaga (Petritegi): 2 puntu, 2 jardunaldi