Datorren astelehenean hasiko da Erremontari Txapeldunen Txapelketa

Julen Borreguero Fernandorena 2026ko maiatzaren 6a

Erremontari Txapeldunen Txapelketako parte hartzaileak, torneoaren aurkezpenean.

Azken urteetako txapelketetako irabazleek jokatuko dute; lehendabizi bost bikoteen arteko ligaxka izango da, eta ondoren, playoffa.

Astelehenean, maiatzaren 11n, hasiko dira Erremontari Txapeldunen Txapelketaren norgehiagokak. Izenak berak dioen moduan, azken urteetako banakako zein binakako txapeldunak ariko dira lehian, ligaxka batean lehendabizi, eta playoff-ean ondoren. 

Horrenbestez, parte hartzaileak hauexek izango dira: Ansa II eta Zubiri goizuetarra (2025eko Binakakoa irabazi zuten); Ezkurra II-Azpiroz (2024ko Binakako Txapelketa irabazi zuten); Segurola-Larrañaga (2022ko Binakakoa irabazi zuten); Aldabe eta Barrenetxea IV hernaniarra (2025eko Erremontari Txapelketa irabazi zuten); eta Goikoetxea V-Juanenea (2025eko Banakakoa irabazi zuen Juaneneak). 

Astelehenean hasten den lehen fasean, ligaxkan, denek jokatuko dute denen aurka, bost jardunaldiko fasearekin; izan ere, bakoitzak beste lau aurkarien kontra jokatuko du, eta jardunaldi bat izango du atsedenaldirako. Maiatzaren 11, 18 eta 25ean, eta ekainaren 1 eta 8an izango dira bost jardunaldiak, eta 18:00etan hasiko dira denak, Galarretan. Formatuari dagokionez, set formatuko partiduak izango dira. Bi set irabazten dituen lehen bikotea izango da irabazlea; lehen bi setak 15 puntura, eta bikote bakoitzak set bana irabazten duen kasuan, hirugarrena jokatuko da, 8 tantora.

Bestalde, ligaxkako puntuazio sistema, ondorengoa izango da: lehenengo bi setak irabazita (2-0) 4 puntu; lehen setetako bat eta hirugarrena irabazita (2-1) 3 puntu; lehen bi setetatik bat irabazita (1-2) puntu 1; set bakarra irabazi gabe (0-2) 0 puntu; eta lehen bi seten artean 15 tantura iristen ez dena (0-2) -1 puntu.

Horrela, ligaxkan lehen postuan geratzen dena zuzenean finalera sailkatuko da (ekainak 29, 18:00 Galarretan), eta bigarrengoa finalerdira (ekainak 22, 18:00 Galarreta). Hirugarren eta laugarren onenek, haien arteko partidu batean erabakiko dute nork jokatuko duen finalerdia (Ekainak 15, 18:00 Galarreta). Bosgarren sailkatua, ordea, kaleratua izango da lehen fasean.

Ligaxkako sailkapenean, bi bikoteen arteko berdinketa egonez gero puntuei dagokionean, bi horien arteko partiduaren irabazlea sailkatuko da, eta hiru bikoteen arteko berdinketa dagoen kasutan, hiruen arteko tanteoaren batez bestekoa hartuko da kontuan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!