Atzo jokatu zen Erremontari Txapeldunen Txapelketaren bigarren jardunaldia, Galarretan. Aritz Zubiri goizuetarra eta bere kide Ansa, Ezkurra-Azpiroz bikotearen aurka aritu ziren; eta ondoren, Goikoetxea-Juanenea, Segurola-Larrañaga bikotearen aurka. Endika Barrenetxea hernaniarrari eta bere kide Aldaberi, aldiz, atseden egitea tokatu zitzaien.
Lehen jokoa, Goikoetxea-Juanenea eta Segurola-Larrañaga bikoteen artekoa, hirugarren setean erabaki zen. Goikoetxea eta Juanenea izan ziren garaile norgehiagoka irauli ondoren (13-15, 15-13 eta 8-6). Partidu polita izan zen, ikuslegoarentzat bereziki. Lehen jokoko atsedenaldian, markagailua 5-8koa zen, Segurola-Larrañagaren alde, baina bueltan, 8-0 partziala irabazi zuten Goikoetxea-Juaneneak. Hala ere, markagailua 13-9koa zenean, berriro era buelta eman zioten Segurolak eta Larrañagak, jokoa irabaziz 13-15.
Bigarren seta ez zen hain gorabeheratsua izan, izan ere, Goikoetxea eta Juanenea oso sendo hasi ziren, 8-3, eta aurrea mantendu zuten joko osoan zehar, amaierako 15-13koa lortu arte. Joko erabakigarrian, bikote irabazlea hasi zen aurretik, nahiz eta atsedenaldira joan ziren momentuan markagailua estu egon (4-3). Bueltan, 6-3 jarri ziren, baina estutu egin zuten Segurolak eta Larrañagak, 7-6koa jarriz markagailuan. Hala ere, ez zen nahikoa izan, eta 8-6 amaitu zen hirugarren jokoa, Goikoetxea eta Juanenearen alde.
Zubiri eta Ansak galdu, estu-estu
Bigarren garaipena lortu zuten Ezkurrak eta Azpirozek, eta horrekin batera, ligaxkaren lehen postuaren jabe izatea. Zubiri goizuetarraren eta Ansaren aurka irabazi zuten, 2-0 (15-12 eta 15-12). Beraz ez zuten jokorik eta sailkepenerako punturik lortu Zubirik eta Ansak, baina partiduko bi jokoetako emaitzak estuak izan ziren. Lehen jokoa 5-1 hasi zen, bikote irabazlearen alde, baina Zubirik eta Ansak estutu egin zuten, eta 13-12 jarri zen seta. Azken bi tantoak eta seta irabazi zituzten ondoren, Ezkurrak eta Azpirozek.
Bigarren seta ere berdindua izan zen, nahiz eta bikote irabazleak aurrea mantendu zuen joko osoan zehar. Atsedenaldian emaitza 8-6koa zen, Ezkurra eta Azpirozen alde. Ondoren, 12-11 eta 14-12 hurbildu ziren Zubiri eta Ansa, baina 15-12 amaitu zen seta, eta horrenbestez, 2-0 partidua.
Gauzak horrela, lehen bi jardunaldien ostean, honakoa da sailkapena: