Hernaniko Erregionalen Ohorezko Mailako gizonezkoek garaipena lortu zuten atzo, Lesakan. 0-2 irabazi zieten Beti Gaztekoei, eta kategoria mantentzeko oso garrantzitsuak diren hiru puntu eskuratu zituzten. Azken bigarrenak izaten jarraitzen dute sailkapenean, 23 punturekin. Atzetik Deusto dute, 20 punturekin, eta aurretik Mutriku (24 puntu), Euskalduna (26 puntu), eta Amaikak Bat (27 puntu). Sei jardunaldi baino ez dira falta txapelketaren amaierarako. Hurrengo partida, Elgoibarren aurka, Aste Santuaren ondoren jokatuko dute hernaniarrek, apirilaren 15ean Zubipen, arratsaldeko 20:00etan.
Emakumezkoek dinamika onari jarraipena eman zioten pasa den larunbatean Zubipen. 2-1 garaitu zituzten Peña Athletic Santurtzikoak, eta Euskal Ligan bigarren izaten jarraitzen dute. Lehen postua lortzea zaila dute, Basauriko Kimuak sei puntura baitituzte. Hurrengo partida horian aurka da, hain zuzen. Hernaniarrek irabaziz gero, hiru puntuko aldea baino ez litzateke egongo bien artean. Aste Santuaren ondoren izango da, Basaurin, apirilaren 12ko asteburuan. Lau jardunaldi dituzte aurretik berdeek helburua lortzeko.
Mundarroko Gorengoen Mailako gizonezkoek puntu bat lortu zuten Zizurkilen, Danenaren aurka 1-1 berdindu ondoren. Sailkapenean egoera lasaian jarraitzen dute astigartarrek, jaitsiera postuak urrun baitituzte, nahiz eta igoerakoak ere eskuragarri ez izan. Bost jardunaldi dituzte jokatzeko moreek; hurrengoa Zarkumendegin izango da, Axular Lizeoaren aurka, apirilaren 26ko asteburuan.