Partidu garrantzia jokatu zuen atzo Zubipen CD Hernanik, gizkonezkoen Erregionalen Ohorezko Mailan. 1-2 galdu zuten berdeek. Jaitsiera postuetan daude sailkapenean, eta ahal dituzten puntu gehienak lortzea komeni zaie kategoria mantentzeko. Gainera, Mutriku zuten aurkari, atzora arte hernaniarrek baina puntu bat gehiago soilik zutenak; orain lau puntura daude mutrikuarrak. Bestalde, kategoria mantentzeko borrokan ari direnen artean, Deustok eta Amaikak Batek galdu egin bazuten ere, Euskaldunak hiru puntuak eskuratu zituen.
Gauzak horrela, sailkapeneko azken postuan Deusto kokatzen da, Hernanirekin berdinduta puntuei dagokionez; biek 20 puntu baitituzte. Gainetik daude Euskalduna (23 puntu), Mutriku (24 puntu) eta Amaikak Bat (26 puntu). Jardunaldiak pasatu ahala zailagoa bilakatzen ari da egoera berdeentzat. Zazpi partidu baino ez zaizkie geratzen helburua lortzeko.
Hernaniko emakumezkoen kasuan egoera guztiz aurkakoa da. Dinamika onean daude murgilduta azken boladan. Pasa den ostegunean Zarautzen jokatu zuten partidan beste hiru puntu eskuratu zituzten. Bigarrenak dira emakumezkoen Euskal Ligako sailkapenean, eta lehenengo postuan amaitzea dute helburu. Basauriko Kimuak dituzte aurretik hernaniarrek, 6 puntuko aldearekin. 5 jardunaldi dituzte liga amaitzen den arte, zaila da helburua, baina ez ezinezkoa. Hurrengo partidua larunbatean jokatuko duten Zubipen. 17:30etan izango da, Peña Athletic Santurtziren aurka.
Astigarragan asteburu zoriontsua izan dute futbolari dagokionez. Gizonezkoen Erregionalen Gorengo Mailakoek garaipena lortu zuten Zarkumendegin. Egoera lasaia bizi dute moreek sailkapenari dagokionez, zortzigarrenak baitira. Igoerako postuak urrun dituzte, baina baita jaitsierakoak ere. 6 jardunaldi geratzen dira liga amaitzeko. Hurrengo partidua igandean 16:00etan jokatuko dute astigartarrek, Zizurkilen, Danenaren aurka.