Erdipurdiko eguraldiarekin hasi dugu astea, eta astebururako iragarpenari begira izango dira asko. Izan ere, Inauteriek giro ilunena kolorez janzteko ahalmena duten arren, beti da eskertzekoa eguzkiak ere festarekin bat egitea. Galdetu diezaietela bestela aranoarrei...
Joan den larunbatean, goizeko zortzietan puxka biltzerako elkartu zirenean, sumatu zuten giro ederreko zetorrela eguna. Karakolak atereak ziren eguzkitara, eta karakolak bezalaxe, presarik gabe, ibili ziren herritarrak auzoz auzo eta etxez etxe. Bazkalordua majo berandutu zitzaien horrela: arratsaldeko lauetan iritsi ziren elkartera!
Baina festari dezente geratzen zitzaion oraindik, Iñotien egunak askorako ematen baitu Aranon. Zita baino ordubete beranduago, baina hutsik egin gabe, sei t'erdietan atera ziren kalera zomorroak berriro, kornetaren deiarekin eta Izerren eta Alabierren trikiti doinuek alaituta, zahagi dantzara. Saltsa ederra piztu zuten orduan, gauerdira arte luzatuko zena.
Indartsu iritsi dira aurtengo Inauteriak bailarara, Aranon barrena, iparraldera eta hegoaldera zabaltzeko. Ipar partean, Hernanin zehazki, larunbat arratsaldean bertan jakin zuten Inauteriak bazetozela, Kaldereroen eskutik; eta ez zituen sorpresaz harrapatu Iñude eta Artzaiek igande eguerdian egindako kalejira alaiak. Ostiralean helduko diete berriro, eta festak ez du etenik izango asteartera bitarte.
Asteburuan dauzkate egunik potoloenak Astigarragan ere. Larunbatean, festa bazkalordutik hasita, mozorroen desfileak piztuko du giroa arratsaldean. Eta igandean, Zirikoketak nahastuko ditu herriko bazter guztiak.
Hegoaldean, berriz, igandetik aurrera jantziko da Goizueta Inauteriz: gaztetxoen zahagi dantzak eta mozorroen afariak egingo diete bidea, asteleheneko eta astearteko egun haundiei.